Liher Etxeberria, duatloilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 6a, 10:25

Lasterka zein bizikletan hainbat proba burutu ostean, biak uztartu eta duatloietan parte hartzen hasi zen Liher Etxeberria. Aurtengo udazkenean Euskal Herriko mendi duatloi txapelketan parte hartzekotan da.

Gogoan al duzu zure lehenengo duatloia?
Bai, Durangokoa izan zen egin nuen lehenengo proba, eta oso gogorra egin zitzaidala gogoratzen dut, akaso lehenengoa zelako baina… Urte hartan beste lautan-edo hartu nuen parte, eta aurten bospasei egin ditut.

Isabakoa tartean, ezta?
Bai, mendi duatloia izan zen hura, eta haren ostean Arriarangoa etorri zen, Euskal Herriko txapelketakoa. Egia esateko, gustura ibili nintzen batean zein bestean. Mendi duatloi gutxi antolatzen dira hemen, gehienak errepidekoak izaten dira. Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa antolatzekotan omen dira orain…

Parte hartuko al duzu?
Bai, asmoa badut behintzat. Irailean hasi eta azarora bitartean egingo da. Zazpi proba izango dira orotara, Ibarran hasiko da eta Amasan egingo da azkena. Ez dakit zazpiak egingo ditudan, baina batzuetara behintzat joango naiz.

Duatloietan hasi aurretik beste hainbat proba ere eginak zenituen, bizikletan zein korrika…
2009an Quebrantahuesos proba prestatzeko intentzioz hasi nintzen bizikletan entrenatzen. Azkenean ezin izan nuen han parte hartu, baina bai Irati Xtrem deiturikoan. Gero, berriz, Behobia-Donostiarako prestatu behar nuela sartu zitzaidan buruan, eta bizikleta erabat utzi eta lasterka egiteari ekin nion. Eta Behobiakoa egin ondoren korrika eta bizikleta biak batera probatu behar nituela pentsatu nuen. Halaxe hasi nintzen duatloietan parte hartzen.

Irati Xtrem probak oso gogorra izatearen fama du…
Niri behintzat hala egin zitzaidan; oso gaizki pasa nuen, bereziki azkeneko portua igotzen. Desnibel handiko proba da, portzentaje handiko maldak ditu, ez daukazu atsedenik.

Behobia-Donostia ere aipatu duzu. Aurten ere bertan izango al zara?
Bai, izena emanda nago. Ez dakit zer moduz ibiliko naizen, izan ere, lehen aipatu dugun Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa hori ere badator, baina uste dut Behobia-Donostia egingo den asteburua libre geratzen dela, eta hala bada ez dut uste arazorik izango dugunik.

Zein izan da amaitzeak poz gehien eman dizun proba?
Beharbada aurten egin dudan Arrigorriagako duatloia, distantzia luzekoa. Gisa horretako aurrenekoa zen niretzat, oso gogorra, eta bukatzearekin bakarrik oso gustura gelditu nintzen. Akaso Irati Xtrem-en okerrago pasa nuen, hasiberria nintzelako, baina duatloietan gogorrena Arrigorriagakoa izan zela esango nuke.

Zein asmo duzu hemendik aurrera?
Bada, esan bezala, Euskal Herriko mendi duatloi txapelketan parte hartzeko asmoa dut eta horretarako prestatuko naiz. Bestetik, triatloiren bat egitea ere gustatuko litzaidake noizbait. Igeriketako ikastaro bat egiten hasi nintzen, utzi ere egin nuen… Baina triatloi bat egitearena nire asmoen artean dago oraindik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!