Adunako Aburuza sagardotegiko Juan Joxe Aburuza Otegi omenduko dute Donostiako sagardo egunean, larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko ira. 1a, 19:09

Donostiako Sagardo Eguna izango da irailaren 3an, Konstituzio plazan, goizeko 11:30etatik 14:00etara, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatuta eta Donostia Kultura eta Kutxaren laguntzarekin.

Sagardo Egunean, zenbait sagardogile omentzeko ohitura du Sagardogile Elkarteak urte horretan bertan jubilatu direnak. Aurten, Astigarragako Petritegi sagardotegiko Joakin Otaño Goikoetxea eta Adunako Aburuza sagardotegiko Juan Joxe Aburuza Otegi omenduko ditu Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, eguerdiko 13:00etan, plazako oholtzan.

Euskal Jaien barruko ekitaldia izango da eta 40 sagardotegi izango dira bertan, beren sagardoa probatzera ematen, Plazako arkuetan jartzen diren postuetan. Inguratzen direnek Gipuzkoako sagardotegirik gehienetako sagardoa izango dute aukeran, sagardogileek berek zerbitzatuta. Sagardoa kupelean egiten da, eta botilan borobildu, eta produktua momenturik onenean dastatzeko aukera izango da iraileko lehen larunbatean. Izan ere sagardoa urte osoan edateko da egokia, sagardotegietan kupeletik txotxean, nahiz botilatik urte osoan zehar eta nonahi. 2010eko uztako sagardoak izango dira Donostiako festa handian: Kalitate handiko sagarra izan zen Gipuzkoan iaz, eta horrek izaera berezia eman dio sagardoari, fruta usain eta zapore handikoa eta mikaztasun puntu egokia duena.

Iraileko dastatzeak sagardoa promozionatzeaz gain, sagardoaren ezaugarriak zabaltzeko abagunea izan nahi du: graduazio baxuko edaria da, freskagarria eta sagarrak berekin dituen onura eta ezaugarri asko berekin dituena; neurrian edanez gero, oso osasungarria. Eta neurrian kontsumitzeko mezuarekin jarraituko du Sagardogile Elkarteak aurten ere,
kontsumo arduratsu baten alde eginda. Bestalde, sagardoaren lagungarri izango dira bakailao tortilla, txorixo eta gazta pintxoak aurten ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!