Udalak Azpikola 2004 S.L. enpresari Azpikolako harrobian emandako obra lizentzia kautelarki indargabe uztea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abu. 29a, 11:23

Andoaingo Udal agintariek Azpikolako harrobiko lanak eten dituztela iragarri du prentsa ohar bidez. Horra, prentsa oharra:

"Gobernuan daramatzan hiru hilabete eskas hauetan, hauteskunde kanpainan agindutako neurriak aplikatzeko prozeduratan hasia da Andoaingo Udaleko Gobernu taldea (Bildu). Zehazki, Azpikolako harrobiaren berrirekitzearen inguruko ebazpen bat hartu berri du, udal programan zehaztutakoaren ildotik.

Hain zuzen ere, Azpikola 2004 S.L. enpresari Azpikolako harrobian Udalak emandako obra lizentzia kautelarki indargabe uztea erabaki du, prozeduran irregulartasun batzuk aurkitu direla-eta. Pasa den agintaldiko Udal Gobernu Batzarrak (PSE-EE) Azpikola 2004 S.L. taldeari harrobian Abiadura Handiko Trenari loturiko lanak hasi ahal izateko beharrezko baimena eman zion arren, oraindik ez dute aktibitate-lizentziarekin kontatzen; Ingurumena Babesteko Lege Orokorrak (3/1998 legea, 61.1 artikulua) zein Lurzoru legeak (2/2006 legea, 213.1 artikulua) dio, ordea, Udaletxeek ezingo dutela obra lizentziarik baimendu aktibitate lizentzia esleitu arte. Horregatik, besteak beste, obra baimenaren exekuzioa kautelarki geroratzea ebatzi da, aktibitate lizentziarekin zer gertatzen den ikusi bitartean.

Erabakia hartzeko unean, EAJ alderdiarekin hartu-emanetan aritu da Gobernu taldea, obra lizentzia esleitzeko tenorean (2011ko apirilean) horren kontra agertu zirela ikusita. Lanak atzeratzeko prozedimenduarekin bat etorri da EAJ alderdia; ordea, neurri burokratikoak errespetatuz, ebazpena hurrengo Gobernu Batzarrean berbaieztatuko du Udal Gobernuak, horren ostean Hirigintza, Obra, Ingurumen eta Landaguneko batzorde informatibora eraman eta, azken instantzian, plenoan kontu emateko.  
 
Bildu-k argi erakutsi izan du bere oposizioa Andoainen hirugarren harrobia berrirekitzeari. Ez soilik araudiek hala diotelako (ezin da bertan urbanizatu, babestu eta zaindu beharreko landagune gisa jasota baitzegoen iaz arte), baita bertako landa-inguruneari izugarrizko kaltea egiten diolako ere. Azpikolako ingurunea oso aberatsa da tokiko espezietan; hala azpimarratu zuen iaz ingurugiro azterketak egiten dituen EKOS enpresak, udalak berak agindutako ikerketaren ondorioetan. Ordea, txosten horiei entzungor egin eta Lurrazpiko Akuiferoetan Interes Berezikoa den zonalde honetan txikizioaren politika zentzugabea baliatu du PSE-EE/PPk, beste behin ere gure ingurunearen zaintzaren errespetuari espekulazioaren itzala gailenduz. Andoaindarren bizkar aritu dira denbora guzti honetan; areago, herritarren borondatea ez dutela errespetatu ere esan genezake.   

Edozein proiektu txikitzaileren aurrean, Azpikolako ingurunea bere onera ekarri eta biziberritzeko konpromisoa berretsi nahi du udal talde honek; tokiko espezientzat, landa-ingurunearentzat zein herritarrentzat onuragarriena delakoan gaude. Ildo beretik, herritarren interes orokorren mesederako izango diren proiektuen alde lan egitea galdegin nahi diegu gainerako alderdi politikoei; ez dugu uste halako makro-proiektuek interes horiei arretarik jartzen dietenik, are gutxiago inolako eztabaida sozialik gabe burutzen direnean. Horregatik, beharrezkotzat, ezinbestekotzat jotzen dugu eztabaida soziala, baita herritar guztien parte-hartzea gure egunerokoa baldintzatzen den erabaki orotan.
Horren alde, Andoaingo Udaleko dinamika aldatzeko promesa egin genuen hauteskundeetan, eta hori hala izan dadin, buru-belarri dihardugu egunerokoan bitarteko egokienak adostuz. Udal honetan herritarrena da hitza eta erabakia".  
 
 
2011ko abuztuaren 17an
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!