Udalak eta elkarteek osatutako jai batzordeak jadanik hainbat bilera egin ditu eta datorren astean egingo du azkenekoa. Bertan, egitarua itxita uztea espero da.
Aurtengo jaietan protagonismo berezia izango du Miela pertsonaiak, batez ere, jaien hasiera eta bukaerako ekitaldietan. Mielaren inguruko guztia antolatzeko, Poxta Zahar, Gazte Koadrilen Elkarteak, gainontzeko elkarteak gonbidatu ditu uztailaren 21ean arratsaldeko 19:00etan hasita, Idiazabal kaleko Gazte Informazio Puntuan egingo den bilerara.
Aurtengo jaiak irailaren 28ko arratsaldean hasi eta urriaren 2an amaituko dira. Baina aurreko asteburuan bi kultur ekitaldi garrantzitsu izango dira. Lehenengoa, irailaren 23an, Egape ikastolako pilotalekuan. Bertan, Xabier Lete omenduko da Anabasa eta Txanbolinek antolatutako ekitaldi herrikoi batekin. Parte hartuko duten musikari zein kantari guztiak urnietarrak izango dira. Bestetik, irailaren 24an Oianumen Poxta Zahar eta Iñistorrak antolatuta "Erregea eta bufoia" emanaldia izango da Andoni Egaña bertsolaria eta Ander Lipus aktorearekin, bertan egingo den afari herrikoiaren ondotik. Baita ere, irailaren 25ean, egun osoan zehar San Juan plazan, "Extremadurako eguna" ospatuko da.
Iaz bezala, Iñistor jaia eta jubilatuena, San Miel egunean egingo dira. Irailaren 30a, haurren eguna izango da; urriaren 1a koadrilena, eta urriaren 2a, jaien azken eguna, baserritarena, hain arrakastatsuak diren txekor jana eta sagardo dastaketarekin.
Aipatu baita ere, irailaren 30ean Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran dantza taldeak Burnia bere azken lana eskainiko duela Saroben.