Soldatak eta liberazioak Andoaingo Udal agintaldi berrian: Bilduk 7, oposizioak 10

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 22a, 14:21

Bizi-bizi, gori-gori hasi zen Udal batzarraldia. Tentsio uneak bizi izan ziren alkatetza eta oposizioko kideen artean, baita Estanis Amutxastegi alkate ohiaren eta herritar batzuen artean. Alkateak isiltasuna eskatu zuen orduan. Batzarraldi luzean, Bilduk ordainsari eta liberatuei dagozkien bozketa guztiak galdu zituen. Oraingoz behintzat Bildu agintean da, baina erabakiak oposizioak hartzen ditu.

Agintea:
Alkatea: Ana Carrere (BILDU)
Alkate-ordeak: 1. BILDU Ainara Rodriguez / 2. BILDU Pedro Unanue

Gobernu taldeko kideak:

  1. 1. Ana Carrere     BILDU
  2. 2. Ainara Rodriguez     BILDU
  3. 3. Pedro Unanue     BILDU
  4. 4. Aitziber Ugartemendia     BILDU
  5. 5. Miren Agirreurreta     BILDU
  6. 6. Mikel Lasa     BILDU

Batzordeburuak:

  • Euskara, ENBA: Ainara Rodriguez     BILDU
  • Langileria, antolakuntza eta barne eraentza: Ainara Rodriguez     BILDU
  • Hirigintza, obra, ingurumen eta landagunea: Ana Carrere     BILDU
  • Ekonomia, Ogasuna eta Kontutarako batzorde berezia: Ana Carrere     BILDU
  • Kiroletako udal patronatua: Ainara Rodriguez     BILDU
  • Zerbitzuak: Pedro Unanue     BILDU
  • Hezkuntza eta Kultura: Aitziber Ugartemendia     BILDU
  • Gizarte Zerbitzuak: Miren Agirreurreta     BILDU
  • Sustapen ekonomikoa, Turismoa eta Gazteria: Ana Carrere     BILDU

BESTE UDAL ORDEZKARITZA

  • Hiltegietako udal ordezkaria: Alaitz Ariztimuño     BILDU
  • Tolosaldeko Mankomunitatea: Ana Carrere     BILDU
  • Gipuzkoako Ur partzuergoa: Alaitz Ariztimuño     BILDU

 

PLENOAREN KRONIKA:

Udal batzarraldia bilkuren orduaren aldaketa zehaztuz hasi zen. Bilduk herritarren parte hartzeari lehentasuna eman nahi dio, horretarako batzarraldia goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpiretara igarotzea proposatu zuen.

Batzuren eta besteen iritziak entzun eta gero, aurrerantzean Udal batzarraldiak arratsaldez egitea erabaki zen, Bilduren eta jeltzaleen aldeko botoekin.

Hurrengo bozketa guztietan Bildu bakarrik geratu zen. Soldata, liberatu eta ordainsariei buruzko proposamen guztiak atzera bota zituen oposizioak, egungo Udal araudia defendatuz (datu argigarriak eskura daude ondoko orrialdeko koadroan).

1. ALKATEAREN SOLDATA Bi proposamen EZTABAIDATU ZIREN:
A. Indarrean dagoen araudiaren araberako soldata:
58.341 euro urteko / 4.167,25 euro hilero.
Administrazioko langileei dagokion ordainketa: 30. maila.
Alkatearen soldata gordina da, egungo barne araudiaren arabera.

B. Bilduren proposamena:
47.389 euro / 3.384,96 euro hilero.
Administrazioko langileei dagokion ordainketa: 23. maila.
Alkatearen soldata gordina da, Bilduk proposatzen zuena.

BOZKETAREN EMAITZA:

  • PSE, EAJ, PP lehen aukeraren alde.     10 boto.
  • Bildu bigarren  aukeraren alde.     7 boto.

Egungo barne araudiaren arabera erabakita dagoena onartu zen.
*Oharra: Ana Carrerek soldata kopuru horri uko egin zion.

Bilduko Ana Carrerek soldata nabarmen murriztea proposatu zuen: "Udal Gobernuak eta Bilduk egiten duen hausnarketa da azken hamar urteetako egoera ekonomikoa gogorra dela, eta Andoaingo familia asko eta asko egoera larrian dagoela". Horren aurrean, austeritateari heldu nahi diotela adierazi zuen alkateak. Testuinguru horretan zera adierazi zuen: "Eredu izan nahi dugu, arduraz jokatuz. Orain arte barne araudian agertzen den alkatearen soldata maila jaitsi nahi dugu".

Bozketa egiteko garaian Bilduk ez zuen babesik jaso. Beraz, orain arteko proposamenak indarrean jarraituko du. Nolanahi ere, Ana Carrerek diru-kopuru horri uko egiten dion idatzia aurkeztuko duela iragarri zuen.

Alkatearen soldaten inguruan hauexek Udal ordezkarien adierazpenak, laburtuta:
Estanis Amutxastegi: "Nire ibilbide luzean ez dut sekula ezagutu gerente batek zuzendari batek baino gutxiago kobratzea. Ez da posible alkateak Udal idazkariak baino gutxiago kobratzea".

Ana Carrere: "Nire ustean gehiegi kobratzen zen hemen, egiten zen lanerako. Gure proposamenarekin nahikoa kobratzen da".

Andoni Baltasar: "Sozialistekin bat gatoz. Alkateak duen erantzukizunagatik, alkateak soldata hori merezi du. Orain bi urte alderdi guztien oniritziarekin %5eko soldata jaitsiera hitzartu zen, Udal araudia bere horretan utziz. Gure ustez berriro jaitsiera bat plantea daiteke, baina araudia aldatu gabe".

Ana Carrere: "Proposamen hori gutxiegi dela iruditzen zaigu. Ez gatoz aberastera, lan egitera gatoz".

Asun Guerra: "Alkatearen ordainketa mailaren jaitsiera proposatzea arduragabekeria da. Soldata jaitsi nahi baduzu arazorik ez dago. Baina ez da egokia indarrean dagoen araudia aldatzea".

Ana Carrere: "Politikariek ez dute oposaketa egiten agintean egoteko. Soldata guk jartzen diogu gure buruari".

Gai honen inguruan Amutxastegi alkate ohiak berriro hitza hartu zuen, politikagintzan dirua galdu duela tinko defendatzeko. Alkate gisa enpresan baino gutxiago irabazi duela adierazi zuen. Ikusleen artean zurrumurruak zabaltzen hasi ziren orduan, eta giroa ez okertzeko alkateak isiltasuna eskatu zien ikusleei.

2. EGUN OSOKO LIBERATUAREN SOLDATA Bi proposamen EZTABAIDATU ZIREN:
A. Indarrean dagoen araudiaren araberako soldata:
3.155,66 euro hilero.
Administrazioko langileei dagokion ordainketa: 21. maila.
Liberatuaren soldata gordina da, egungo barne araudiaren arabera.

B. Bilduren proposamena:
2.696,79 euro hilero.
Administrazioko langileei dagokion ordainketa: 17. maila.
Liberatuaren soldata gordina da, Bilduk proposatzen zuena.

BOZKETAREN EMAITZA:

  • PSE, EAJ, PP lehen aukeraren alde.     10 boto.
  • Bildu bigarren  aukeraren alde.     7 boto.

Egungo barne araudiaren arabera erabakita dagoena onartu zen.
*Oharra: Ainara Rodriguezek soldata kopuru horri uko egin zion.

Bilduk soldata maila jaitsi nahi zuen, gaur egungo 21. mailatik 17. mailara. Gainerako alderdiek indarrean dagoen araudiari eustea lortu zuten.
Honetan ere, Bilduko Ainara Rodriguezek diru-kopuru horri uko egiten dion idatzia aurkeztuko duela iragarri zuen.

Bozketa aurretik Bilduko Rodriguezek soldaten inguruan kritika gogorra egin zien oposiziokideei. Eta hauek demagogiatzat hartu zuten Bilduko ordezkariaren kritika.
Alkatearen eta zinegotzien soldaten inguruan oposizioak zuen jarrera ikusita, Ana Carrereri "oso kezkagarria" iruditu zitzaion oposizio osoak diru publikoetatik jaso beharreko kopuruen inguruan duen ikuspegia.

3. TALDE POLITIKOEN ORDAINSARIAK Bi proposamen EZTABAIDATU ZIREN:
A. Indarrean dagoen araudiaren arabera:

  • 434 euro hilero, alderdi politiko bakoitzeko.
  • 464 euro hilero, zinegotzi bakoitzeko.


B. Bilduren proposamena:

  • 485 euro hilero, alderdi politiko bakoitzeko.
  • 150 euro hilero, zinegotzi bakoitzeko.


BOZKETAREN EMAITZA:
PSE, EAJ, PP lehen aukeraren alde.     10 boto.
Bildu bigarren  aukeraren alde.     7 boto.

Egungo barne araudiaren arabera erabakita dagoena onartu zen.

Bozketa honetan ere Bildu bakarrik geratu zen. Beraz, orain arte indarrean dagoena mantenduko da.

4. BILERETAN PARTE HARTZEKO ORDAINSARIAK
Atala                                 Bildu   Egungo araudia
Batzarraldiak                       –       121,87 euro
Gobernu batzordea           81,24    203,13 euro
Batzordeko lehendakaria  121,87   203,13 euro
Batzordeak                       81,24    81,24 euro

BOZKETAREN EMAITZA:

  • PSE, EAJ, PP egungo araudiaren alde.     10 boto.
  • Bildu proposamen berriaren alde.     7 boto.

 

5. ZINEGOTZIEN LIBERAZIO KOPURUA
Oposizioak egungo barne araudia betetzea erabaki zuen.
Gobernu taldeko kideak:

  • Ainara Rodriguez, egun osoz.
  • Miren Agirreurreta, egun erdiz.
  • A.Ugartemendia, 1/3 lanaldia.


Oposizioak erabakitakoa:

  • PSEko zinegotzi 1, egun osoz.
  • Andoni Baltasar EAJ, egun osoz.
  • Asun Guerra PP, 2/3 lanaldia.

Bilduk egun osoz zinegotzi bakarra liberatzea planteatu zuen, bestea lanegun erdiz eta hirugarren bat heren bateko lanaldiarekin. Guztiak ere Gobernu taldeko kideak, kasu honetan Bildu koalizioko kideak.

Ainara Rodriguez: "Azken legegintzan alor honetan xahututako dirutza izugarria izan da. Ez zaigu inondik inora iruditzen 15.000 biztanle eskaseko herrian zortzi liberazio egon behar dutenik".

Oposizioak ez zituen Bilduren zinegotzi kopurua eta lan baldintzak baloratu nahi izan. Baina talde politiko bakoitzeko liberatu bana edukitzearen alde agertu ziren.
Estanis Amutxastegi: "Ezinbestekoa da oposizioarentzat eta baita Gobernuarentzat ere. Egunero lan egin beharra dago. Alkate izan nintzenean izandako oposizioarekin harro nago. Egunero lan egin zutelako, eta bere garaian kritika egin zidaten, faktura guztiak begiratu zizkidaten. Oso garrantzitsua dela deritzot".

Amutxastegi sozialistak indarrean dagoen Udal araudiari eutsi zion berriro ere, eta ildo horretan sozialistei eta jeltzaleei egun osoz arituko den liberatu bana dagokiela adierazi zuen. Bestetik, PPko buruari lanaldiaren %68ko liberazioa dagokiola erantsi zuen.

Andoni Baltasar: "Oposizioa egiteko denbora behar da. Ez dut esaten zuen lana gaizki egingo duzuela, inondik inora, baina zuen lana kontrolatu beharra dago".

Asun Guerra: "Oposizioaren lana funtsezkoa da. Nire kasuan ni bakarrik nago, akta eta agiri guztiak neuk bakarrik irakurri behar ditut. Lansail ezberdinetara joan behar izaten dugu, eta goizez gainera. Niri ezinezkoa zait horrela lan  egitea".

Carrerek oposizioaren lana derrigorrezkotzat hartu zuen. Zinegotziek eta alderdi politikoek hilero jasotzen duten ordainsariekin, eta Udalak jartzen dituen baliabideekin, oposizioko ordezkariak alderdi bakoitzak bere dirutik liberatu beharko lituzketela adierazi zuen.
Bozketa egiteko garaian, alderdi sozialistak egindako proposamena garaile atera zen. Oposizioko alderdi bakoitzak, beraz, liberatu bana izango du.

GOBERNU TALDEAREN OSAKETA
Bildukoek osatuko dute gobernu taldea. Udal batzorde guztien ardura ere haien esku geratuko da. Amutxastegiri "deigarria egiten zait 7 zinegotzirekin batzorde guztiak zuen gain izatea. Guk ezin dugu zuekin ezer adostu, baina deigarria egiten zaigu besteei ardurarik eskaini ez izana. Ikusiko dugu emaitza, gogoan izan soilik zazpi zaretela".
Carrerek erantzun zion, "zure alderdiari eskaini ez izanak ez du esan nahi besteei eskaini ez diegunik. Eta zuri, Estanis, gogorarazi nahi dizut zurekin eseri eta lehen egunetik zuekin ez dugu ezer jakin nahi esan zenigutela".

Udal araudian aldaketak
Bilduk mugikortasunari loturiko hainbat atal Zerbitzuen lansailetik Hirigintzaren baitan txertatzea defendatu zuen, teknikari baten proposamena kontutan hartuz. Bozketan sozialistak, jeltzaleak eta popularrak aurka agertu ziren.

PP ALDERDIAREN MOZIOA
Etaren gaitzespena eskatuz, alderdi popularra udalerri guztietan mozioa aurkezten ari da. Bilduk bozketan parte hartzeari uko egin zion, eta EAJk aurka bozkatu zuen. Sozialistek, ordea, PPren proposamena babestu zuten eta modu horretan PPren mozioa aurrera atera zen.

HERRITARREN PARTE HARTZEA
Plenoari amaiera eman aurretik alkateak herritarrei hitza eman nahi izan zien. Bi herritarrek parte hartu zuten. Lehenengoak herriko talde eta eragile ezberdinetako kide bezala aurkeztu zuen bere burua. Soldaten ingurukoaa “lotsagarria” iruditu zitzaion oposizioko kideen jokabidea, bertan ziren gehienen txaloak jasoz. Bigarrengo parte hartzaileak PPri adierazi zion etxeko lanak egitear dituztela, Frankismoak eragindako kaltea ez dutelako oraindik orain deitoratu. Honek ere bertaratutakoen txaloak jaso zituen.

BILDUREN OHARRA
Astelehenean bidalitako oharrean, Bilduk aparteko bilkuran ordainsarien inguruan egin zuen proposamena defendatuz jarraitu zuen. Bilduren arabera, urtean 300.000 euro aurreztu litezke soldatei eta asignazioei dagokienean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!