Oposizioak atzera bota ditu Bilduk "austeritatea"ren alde proposaturiko neurriak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 15a, 23:10

Bilduk "austeritatea" aplikatuko zuela iragarri zuen asteazkenean, hasteko ordezkari politikoen ordainsariei dagokionean. Gaur izan da horren inguruan eztabaidatzeko eguna eta oposizio guztiak Bilduren proposamen guztiak atzera botatzeko bat egin du.

Politika ulertzeko bi ikuspegi ezberdinek talka egin dute gaur Udal batzarraldian. Bilduk politikagintza konpromisoa eta herriarekiko zerbitzu modura ulertzen du. Eta liberazio politikoa soilik Gobernu taldean sartuta dagoenari dagokiola uste du.

Gainerako alderdiek, aldiz, herriarekiko zerbitzua eskaintzeko eta oposizioa egiteko denbora behar dutela adierazi eta politika egiteko alderdi bakoitzeko liberatu bana izatea behar beharrezkoa dela adierazi dute. 

Ordainsarien kopuruari dagokionez ere, oso urrunduta daude Bilduk proposatzen dituen soldatak eta oposizioak onartu dituenak.

Bilduk hurrenez hurren bozketa guztiak galdu ditu eta, aldiz, PSE-EE, EAJ-PNV eta PP orain arte bezala jarraitzearen alde agertu dira bozketa guztietan.

Bozketen emaitzari erreparatuta, oposizioko Udal talde politiko guztiek liberatu bana izango dute. Eta alkateak aurreko soldata berdina izango du, nahiz eta Ana Carrerek argi utzi duen soldata kopuru horri uko egingo diola. 

Lehen plenoa izateko, giroa bero-bero egon da. Hainbat unetan ere tentsioa egon da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!