Karrikako jaiak asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 14a, 14:59

San Juan eta Kaletxikiko San Pedro jaien segidan, Karrikakoak heldu ohi dira. Bi mila kide dituen auzoan asteburu honetan murgilduko dira ospakizunetan.
Ainhoa Del Amo batzordeko kide gazteak jaien inguruko argibideak eskaini dizkio Aiurriri. Neketsua da jaia gutxiren artean antolatzen dutelako, baina gogo biziz daude.

Egitaraua

Jarraian, elkarrizketa

Norentzat izaten dira Karrikako jaiak?
Ainhoa Del Amo. Printzipioz auzokoek gozatzen dituzte jaiak, baina herriko gainerako auzoetatik ere bertaratzen dira jakinik ondo pasako dutela, zenbait ekitaldi zehatzekin batez ere.
 
Zenbat pertsona zabiltzate antolaketa lanetan?
A.D.A. Une honetan lau pertsona, besterik ez. Egia esan, Karrikako auzotarrek jaiak eurenak direla sentitzen dute, biziki gozatzen dituzte, baina gero antolaketan inplikatzeko eskatuz gero, ez dute konpromisorik hartu nahi izaten. Gauza kontraesankorra dirudi, baina nik ez dakit zer arraio gertatzen den!
Nik bederatzi urte daramatzat batzordean eta jada esana dut aurten utzi egingo dudala. Izan ere, nekea pilatzen joaten zaizu. Gauza asko dira lotu beharrekoak eta izugarrizko dedikazioa eskatzen du, lantokian handik libratzeko baimenak eskatu behar izateraino… Hori dena eginda gero, konturatzen zara auzoko jende asko gehiago dagoela egin dena kritikatzeko laguntzeko baino; esker onekoak baino gehiago esker gaiztokoak izatera ohitu gara, ikusten denez…

Karrikan beti antolatu izan dira jai bikainak…
A.D.A. Horrela izan da beti, baina gero eta zailagoa egiten ari zaigu jendearen inplikazioa lortzea. 80ko hamarkadan jaiak martxan jarri ziren garaian ni haur bat nintzen, baina gogoratzen dut 15-20 helduk osatu ohi zutela jai batzordea. Auzoko arazoei konponbidea emateko auzo elkartea osatu zen eta handik atera zen jaien ideia. Auzo sentimendu sendoa zegoen orduan, eta jendeak auzoaren aldeko jarrera hobea zeukala esango nuke.
 
Zenbateko aurrekontura iritsi zarete?
A.D.A.: 15.000 mila eurokoa. 3.000 euro Andoaingo Udalak agindu digu, eta gainerakoa, auzotarrek ematen digutenarekin eta txosnarekin eta iragarkiekin bete beharko dugu. Ederki arriskatu gara, baina jaiak ahalik eta politenak eta gozagarrienak egitea izan da gure helburua.
Diruz nahiko eskasean gabiltza, egia esanda; iaz esate baterako, rock kontzertua bertan behera utzi behar izan genuen euria ari zuela eta. Bada, defizitarekin geratu ginen, eta diru kopuru jakin bat arrastaka dakargu harrezkero.

Ostiraleko ohiko rock kontzertua kendu egin behar izan duzue aurten…
A.D.A. Aurrekontuak atzera egitera behartu gaitu. Pena handiz hartu behar izan dugu erabakia, izan ere, musika taldeek baino gehiago soinu ekipoak puzten zigun asko aurrekontua.

Zuk pertsonalki zein ekitaldi nabarmenduko zenuke besteen gainetik?
A.D.A.: Nik ekitaldi guztia-guztiak maite ditut; bada zer gozaturik egunez zein gauez. Hala ere, bat aipatzekotan larunbat gaua esango nuke. Oso berezia egiten zait danborradaren inguruan sortzen den jai giroa.
Play back-a beti bezain indartsu al dator?
A.D.A. Bai, noski. Beti izan da dibetigarria, eta esango nuke Andoaingo beste auzoetatik jende gehien erakartzen duen ekitaldia dela. Auzoko ia denok igo gara oholtzara behin edo gehiagotan. Aurtengoak ere ikusgarria izango den traza dauka; aste bat falta zela, jada hamarretik gora taldek emana zuten izena. Tartean, haurrak nahiz helduak.
San Julio da zuen santu berezia…
A.D.A. Santu hori errelikia baten antzera daukagu Karrikako auzotarrok. Oholtza gainean edo txosnan jarri ohi dugu jaien buru izango balitz bezala.
Santu horrek atzetik badu bere istorio txikia: orain urte batzuk, jaiak ziren eta gogoratzen naiz euria ari zuela denon atsekaberako. Julio izeneko auzotar batek etxeko biltokian gordeta zeukan figura horixe kalera atera, eta zera esan zuen txantxetan: “miraria egingo digu honek, euria ezkutaraziko digu!”. Esan eta egin! Ez dakit nik kasualitate hutsa ala zer, baina hurrengo urteetan errepikatu egin zen egoera. Horrela bada, debozioko santu bihurtu zen auzotarrontzat. Karrikan ez gara oso katolikoak, baina santu horretan bai sinesten dugula!  

Andoainen askok ez dute jakingo zertan datzan “Pobre de mi”ak…
A.D.A. Igande gauerako uzten den azken ekitaldia da, jada klasiko bihurtu den zeremonia hainbat auzotarrentzat. Dantzaldian zehar, 01:00ak aldera, oholtzatik batzordekideok eskerrak ematen dizkiegu jaietan laguntza eman duten guztiei; ondoren bertaratutakoen artean kandelak banatzen dira, eta biribilean jarrita, “Pobre de mi, pobre de mi, que se han acabado las fiestas de Karrika Street”, babesten dugu.
Txanpaina lau haizetara zabalduz edo edanez amaitzen dugu jaia.

Egitaraua

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!