Batxilergoko onenen saria Iker Lizeaga gazteari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 14a, 14:58

Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako Iker Lizeaga Indart ikaslea izan da Euskadi mailan egin ohi den Batxilergoko Aparteko Saria lehiaketako hamabost sarituetako bat.


Proba horretara espediente onenak dituzten ikasleak soilik aurkez daitezke. Aurten, 800 ikasle inguruk parte hartu dute. Hamabost sarietako bat Andoainera heldu da.
Ikastolak banatu duen oharrean Iker gazteak horrela azaldu du egun hauetan bizi izandakoa: “Ez nuen inolaz ere espero nire izena Euskadiko hamabost onenen artean aurkitzea, are gutxiago azterketaren egunean hainbeste ikaslerekin topatu ondoren”.
Proba igaro eta egun batzuetara Donostiara hurbildu zen sarituen zerrenda ikustera. Han bertan sorpresa ederra hartu zuen bere izena sarituen zerrendan aurkitzean, “berehala etxera deitu nuen eta hasieran sinestea kosta zitzaidan arren, pozaren pozez hartu zuten berri ona. Oraindik ez dut barneratu, seguruenik denbora bat beharko dut”.
Saria “urte osoko borrokaren amaiera perfektutzat definitu dut, lan eginez gero emaitzak bakarrik datozela argitzen didan konfirmazio modura”. Eskerrak eman nahi dizkie guraso eta familiartekoei beraien eguneroko animoengatik.
Iker udako oporraldiaz eta sariaz gozatzen ari da orain. Dirua, diploma eta estatu mailan egin ohi den sari nazionalera aurkezteko aukera irabazi ditu sari modura. Horrez gain, Ikerrek 2012ko udan atzerriko hizkuntza bat praktikan jartzeko egonaldi batean parte hartu ahal izango du.
Aita Larramendi Ikastolak zorionik beroenak eman nahi dizkio Iker Lizeaga ikasleari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!