Ostiral honetan burutuko den ez ohiko Udal batzarraldiaren atarian, Andoaingo Bilduk liberazio politikoen gastua nabarmen arintzeko proposamena aurkeztuko du. Batetik, liberazio kopurua erdira murriztu nahi du. Eta, bestetik, liberatu politikoen lan-saria nabarmen jaistea proposatuko du. Urigain Kultur Etxean asteazkenean eskaini zuten prentsaurrekoan Ainara Rodriguez Bilduko zinegotziak gogor kritikatu zuen aurreko agintaldietan alkateak eta zinegotziek liberazioekiko hartutako jokabidea: "Egungo klase politikoaren irudia negargarria da. Azken urteetako Andoaingo Udaleko egoera penagarria iruditzen zaigu. Kromoak banatzea balitz bezala, liberazioak nahi adina banatu dira Udal batzarraldia osatzen zuten alderdien artean. Eta are okerragoa dena: neurri gabeko soldatak eta dietak ezarri zituzten. Benetan salatzeko moduko jarrera dela deritzogu, erabat arbuiatzen duguna. Gu hona politika egitera etorri gara, herritarren mesedetara egongo den politika egitera eta ez, noski, herritarren bizkarrera aberastera".
Gainerako ordezkari politikoei, bestalde, "zintzotasuna exijitu nahi diegu eta eguneroko jardunean bokazioz aritu daitezela. Halaxe exijitzen baitigu bizi dugun egoera sozioekonomikoak".
Ana Carrere alkateak herritarrei ostiral honetarako Udal batzarraldira agertzeko dei egin zien, "Batzarraldian Udal gobernuaren eratzea erabakiko dela aintzat hartuta, herritar orori dei egin nahi diegu udaletxera bertaratu eta bertan parte har dezaten, haiek baitira etxe handi honetako ugazabak. Hitza inorena izatekotan, haiena da".
Alkateak agintaldi berriaren ikurretako bat iragarri zuen: Austeritatea. Beherakada nabarmena proposatuko dutela iragarri zuen, "gestio lanari erreparatuta, gobernuan egoteak dedikazio arduratsua behar duela uste dugu, baina ez azken zortzi urteetan ulertu bezala. Gure ustean liberazio politikoa Udal Gobernu taldera mugatu beharko litzateke".
Horrekin batera, bilera eta batzordeen harira alkateak zera adierazi zuen: "ez dugu inork dirua galtzerik nahi eta hala den kasuetan eta beharrezko den dokumentazioa aurkeztuta, hori konpentsatzeko prest gaude. Baina argi izan dezatela herritarrek, ez dugu udaletxearen kontura inork patrikak betetzerik onartuko".
Bilduk aintzat hartuko du oposizioaren lana eta horretarako bitartekoak ipiniko dituela aurreratu dute: "Haien jarduna aurrera eramateko eskaintza zabala eskainiko diegu: ordutegiak moldatuko ditugu, bileretan parte hartzeagatik asignazioak eskainiko zaizkie, lanerako bitartekoak izango dituzte. Hala nola, Udal lokalak, ordenagailua, telefonoa eta lanerako behar diren bitartekoak". Murrizketak iragarri eta gero, alkateak ordezkari politikoei erantzukizunez jokatzea eskatu zien.
Ikustear dago ostiraleko ez ohiko batzarraldiak zer ematen duen. Bilduren jarrera argia da, baina gainerako hiru alderdiak ados jarriz gero atzera bota ditzakete Bilduren neurriak. Galderen tartean, Ana Carrerek herrigintzan sakontzeko "akordioetara iristea onena da. Politikoki ezberdintasunak izan arren, herrigintza sustatzeko akordioak egiteko prest gaude. Ateak zabalik daude. Gobernu taldea Bilduk osatuko du hasiera batean, baina ez dizkiogu beste aukera bati ateak itxiko", adierazi zuen.
Udal hautetsien liberazioa
Bilduren proposamena:
Bilduk soilik Gobernu taldean daudenak liberatzea proposatuko du. Hasiera batean Bilduko kideek soilik osatuko dute Gobernu taldea.
Lehen Udal talde politiko guztiek liberatuak izateko aukera zuten.
Liberazio kopurua
Bilduren proposamena:
4 liberatu 2011-2015 agintaldirako:
–Alkatea.
–Zinegotzi bat egun osoz.
–Zinegotzi bat egun erdiz.
–Zinegotzi bat, %37ko liberazioarekin.
Aurreko agintaldian 8 liberatu zeuden:
–Alkatea.
–5 zinegotzi egun osoz.
–2 zinegotzi, %68ko liberazioarekin.
Soldatak, ORDAINKETA MAILA
Administrazioko langileei dagokiona.
Bilduren proposamena:
Kargua Lehen Orain
Alkatea 30 23
Zinegotziak 21 17
Idazkaria 14 14