Ekintza ugari etorkinentzat udan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 11a, 11:41

Asteleheneroko doako klaseez gain, palako klaseak, kantu saioak eta txangoa antolatuko dira udan, etorkinei zuzenduta:

Duela lau hilabete baino gehiago, Villabonako Udalak hitzarmena izenpetu zuen BANAIZBAGARA elkartearekin, etorkinak euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko proiektu bat martxan jartzeko. Proiektua Gipuzkoako beste zenbait udalerritan garatzen ari da duela urte batzuk, eta Villabonan oso arrakastatsua izaten ari da. Etorkin taldea astelehenero biltzen da Gaztelekuan, 19:45ean. Klaseak doakoak dira, ez da ezer jakin behar aurretik, eta ez da izena eman behar; nahikoa da aipatutako orduan eta tokian agertzea edozein astelehenetan. Gainera, klaseek ez dute etenik izango udan, eta ekintza bereziak egongo dira. Esate baterako, datorren astelehenean, hilak 11, palako klase txiki bat izango da Bearzana frontoian, Behar-zana elkarteko pilota eskolaren laguntzari esker. Uztailaren 18an, ohiko orduan, kantu saio bat izango da Gaztelekuan. Bertan, Ana Elorza kantu irakasleak parte hartuko du, eta helburua izango da euskarara kantuaren bidez hurbiltzea. Ongi etorriak izango dira abestera eta beste hainbat kultura ezagutzera hurbildu nahi duten euskaldun guztiak. Bestalde, abuztuaren 7an, igandea, Oriora joango dira Gipuzkoako etorkinen euskara taldeetako kide guztiak, eta bertan bazkalduko dute gero. Ekintza hauei buruzko informaziorik nahi duena, Gaztelekuko asteleheneroko ohiko hitzordura joan daiteke, edo Villabonako Euskara Zerbitzura (943693501) edo BANAIZBAGARA elkartera (645733818) jo dezake. Eta, badakizu, euskaraz ez dakien lagun etorkinen bat badaukazu, talde hauetan parte hartzera animatu!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!