Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua Azpillaga baserrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 8a, 13:11

Nerea eta Amaia Arsuaga ahizpek nekazaritza ekologikoaren alde ari dira jokatzen. Goiburu auzoko Azpillaga baserrian jaio ziren eta bertako lurrari itsatsita bizitzen jarraitu nahi dute. Andoaingo zenbait kontsumitzaileekin batera Aspilla taldea sortu dute. Taldeak proiektua gizarteratu egin nahi du orain, eta horretarako jardunaldiak antolatu ditu egunotan.

Zergatik eman duzue baserriarekin bizimodua ateratzearen aldeko pauso hori?
Amaia Arsuaga:
Niri beti gustatu izan zait baratza, lurrarekin aritzea. Orain Intsusarain baserrian (Sorabilla) bizi naiz eta han etxerako barazkiak landu izan ditugu azken hamar urtetan.
Bestalde, azken urtetan Azpillaga baserri inguruak nahiko utzita eduki ditugu; horrek amorrua eragin digu, eta egoera aldatzera animatu gaitu. Azken batean, gure aiton-amonek lurra bizirik mantendu zuten, eta lege horri eutsi nahi genioke guk ere.

Nerea Arsuaga: Gure bizitzan zehar nolabaiteko eboluzioa bizi izan dugula esango nuke. Txikitan obligazioz egin behar izaten genituen baserriko zereginak; horen eraginez, baserriarekiko halako distantzia hartu genuen gaztetan. Geroztik, kaleko bizitza ondo ezagutu dugu; alderaketak egiten hasi eta ohartu gara buruko eta gorputzeko osasunarentzat zein ederra den naturarekin harremanetan bizi ahal izatea. Ni neroni, etsia ezin hartu ezinik bizi izan naiz lantegi batean.

Nekazaritza ekologikoa hautatu duzue. Zergatik?
A.A.:
Garbi jan nahiak bultzatu gaitu horretara. Hemengo lurrak ematen duena lortu nahi dugu, garaian garaiko produktuak landatuz, intsektizidak, herbizida edo fungizidak erabili gabe… Iruditzen zaigu naturak bere autodefentsa mekanismoak badituela eta horiei kasu egin behar zaiela. Gure aurrekoek eskarmentuaren bidez ezagutzen zituzten ekosistemaren arauak, eta asko daukagu ikasteko horien jakituriaz baliatuz. Esatera batera, intsektuek intsektuak jaten diztuzte, eta era horretan, badakigu amona mantagorriak zorrien aurkako erremedioa izaten dela.  

Hasi berriak zarete. Zer moduz orain arteko eskarmentua?
N.A.:
Ilusio handia daukagu biok ere; gauza berriak esperimentatzeko gogo biziz gaude. Gure asmoa burujabeak izatea da, eta baratza, fruta arbolak eta animaliak izango ditugu bidelagun. Azpillaga eta Intsusaran baserrietako lur sailak dauzkagu horretarako. Geroak esango digu asmatu dugun ala ez hartutako bidearekin, baina oraingoz erabakiak poliki eta ondo pentsatuta hartzen ari gara.
A.A.: Fraisoron nekazaritzaren inguruko ikastaroak egin ditugu maila teoriko eta praktikoan, eta aldi berean, hainbaten laguntza teknikoa jasotzen ari gara; batetik, nekazaritza ekologikoaren aldeko Biolur elkartearena, eta bestetik, Antzuola, Legorreta, Igeldo eta Elgoibarko nekazari ekologikoena.
Bestalde, esan behar dugu inguruan ditugun Angel Mari Amenabar (Amaiaren senarra), Asier (anaia) eta Aitor Zabalaren (Nerearen bikotea) laguntza ere ezinbestekoa egiten ari zaigula.

Oraingoz bost familia unitateei otarrak banatzen hasi zarete, Aspilla taldearen eskutik...
N.A.:
Otarra astero banatzen dugu. Bertan denetik sartzen dugu: garaian garaiko barazkiak, arraultzak, Anoetako baserri bateko esnea, pasteurizatua zein gordina, sagardoa,  Hernaniko baserri bateko gazta… Aurrera begira eztia, fruitu lehorrak, frutak eta beste zenbait produktu otarrean sartzeko asmotan gara. Salneurria, Ordiziako azokarekin parekatzen dugu; zenbait hipermerkatuetan dauden prezioak ikusita, nahiko modu oneko otarra banatzen dugula esan genezake lotsarik gabe.   
Kontsumo taldeko kideekin oso gustura gaude; bat egiten dugu nekazaritza ekologikoaren aldeko filosofian, eta aurrera begira gure egitasmoa taldea gizartean zabaltzea izango litzateke.

Etorkizunik ikusten al diozue produktu ekologikoei?
N.A.:
Zaila dago ikusita askok bizi kalitateari begira lehentasunak janzkeran, oporretan… jartzen dituztela. Nolanahi ere, nekazaritza ekologikoak etorkizunik baduela iruditzen zaigu. Gizartea eboluzionatzen doa, eta uste dugu poliki poliki jendeak gero eta gehiago begiratzen diola osasunari eta kalitateari. Gure produktuen kontsumitzailea edonor izan daiteke: belardendetara joatea ohituta dagoen eroslea, gaixotasunaren bat daukana, gaixotasun kopurua hazten ari dela eta bere elikadura zaintzea erabaki duena, amalurraren alde sentsibilizatuta dagoena…
A.A.: Elgoibarko nekazari batek zera aipatu zigun lehengo batean: orain 20 urte jendeak barre egiten omen zion nekazaritza ekologikoaren aldeko apostua egin zuelako. Orain inor ez litzateke ausartuko horrelakorik egitera.

Otarra betetzeaz aparte, beste zenbait egitasmo ere ba omen dituzue burutan…
A.A.:
Aurrerago, hainbat ekimen egin nahi genituzke, gure arbasoen jakituria berreskuratuz. Ikastaroak, esatera batera, zera egiten irakasteko: barazkietan oinarritutako sukaldaritza naturala, drogeriako produktu naturalak, ortzetako pasta, ukenduak, eskuko jaboiak…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!