Merkatari elkartea sortzeko bileretan ari dira Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 8a, 13:09

Herrian bertan merkatari, ostalari eta zerbitzu elkartea martxan jartzeko azalpenak eman dituzte aste honetan egin duten bilera batean. Dagoeneko elkartea osatzeko pausoak eman dituzte eta horien berri eman nahi die gainerako merkatariei.

Hori izan zen uztailaren 6an Lekaion bildu zirenen hizpide nagusia. Bilera horren ondoren elkartea gauzatzeko eratze batzarra burutzea espero zuten.

Sustatzaileak
Andoaingo Salkin elkartearen pareko elkartea sortu nahi dute Urnietan ere. Eta Urnietan lehen pauso horietan sustatzaile lanetan dabiltzan dendari eta merkatariak hauexek dira: Muazpi harategia, Toñi frutadenda, Itsaspe, Iturbe altzariak, Bikain kafetegia, Islada inpresio digitalak, Guria kafetegia, Egur disco bar, Xauxar taberna, Goimendi garagardotegia, Ikasmin akademia, Plakodur, Txoko polit, Eder liburu-denda, Amaiur taberna eta Trazos ileapaindegia.

Merkatalgunean berritzeko dirulaguntzak
Eskualdeko Berriak merkataritzaren dinamizaziorako bulegoak jakinarazi duenez, merkatalguneak modernizatzeko dirulaguntza deialdia zabalik dago. Dirulaguntza jasotzeko moduko inbertsioak dira, besteak beste, hauexek:
  • Merkatalgunea konpondu edota berritzera zuzendutako inbertsioak.
  • Merkatal jarduera burutzeko altzarietan edota tresnerian egindako inbertsioak. Hala nola, errotulazioa, informatika aparailuak, informatika aplikazioak edota osagarri informatikoak.

Dirulaguntza aurkezteko epea irailaren 16ra bitarte luzatuko da. Eskualdeko Berriak merkataritzaren dinamizaziorako bulegoak aholkularitza zerbitzua dohainik eskaintzen du Urnietan.
Informazioa: 943 333 049 (Iñigo Martínez Martín).
E-posta: dinamizador@comercio-gipuzkoa.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!