Bizkartzainen auziaren inguruko elkarrizketa Ana Carrere Andoaingo alkateari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 7a, 01:01

Auzia konpondu ostean, Ana Carrere Andoaingo alkateak Aiurriri eskaini dio gaiari buruz emango duen elkarrizketa bakarra.

Hamabost egunez Andoain hedabideen jokalekuan sartu dute berriro, eta Ana Carrere ipini dute zurrunbiloaren erdigunean. Hauxe da Andoaingo alkatearen ikuspegia:

Bizkartzainen auziak gehiegizko pisua hartu zuen hainbat egunez estatuko eta bertako hedabideetan. Zein da egun hauetan atera duzun ondorio nagusia?

Ana Carrere. Politikari batzuek herrigintzan pentsatu beharrean, onura pertsonalari erreparatu diotela. Asko pertsonalizatu den gai bat izan da, beharrik ez zegoenean. Herrian ez da polemikarik izan. Joko politiko-mediatikoan sartu gaituzte, baina gu herrigintza egitera etorri gara udaletxera.

Goazen hasierara. Ekainaren 15ean bizkartzainak udaletxean ez sartzeko erabakia idatziz aurkeztu zenioten PPko Guerrari eta PSEko Amutxastegiri. Igorri aurretik erabakia ahoz jakinarazi al zenieten?

A.C. Begira, hauteskundeak irabazi eta hurrengo egunetara alderdi guztiekin hitz egiten saiatu ginen. Bildu ginen guztiekin oso ondo, bi alderdirekin izan ezik: bata, alderdi sozialista. Eta bestea, alderdi popularra.

Alderdi sozialistak harrera egin zigun, baina eseri eta berehala adierazi ziguten gurekin ez zutela ezer nahi, gurekin ez zutela ezer hitzartuko. Eta kitto. Zur eta lur geratu ginen jarrera horrekin.

Alderdi popularra ez zen gurekin eseri ere egin.

Gauzak horrela eta hasieratik gurekin ez zutela ezer jakin nahi kontuan hartuta, bizkartzainen auzi honetan, herriak eskatzen ziguna eta guk geuk kanpainan adierazi genuena idatziz helarazi genien.

Aurreko ostegunean prentsaurrekoan zera adierazi zenuen: "Kontsentsua da politika egiteko tresna". Alkate bezala, polemikak iraun duen denbora tartean nola baloratzen duzu zuk izan duzun jokabidea? Eta Guerrarena edota Amutxastegirena?

A.C. Guk lasaitasunez jokatu dugu. Herria lasai ikusten genuen, eta medioetan agertzen zen ika-mika artifiziala zela nabarmena zen. Auzi honen inguruan eztabaida medioetatik atera nahi genuen. Arazo bat sortzen denean ez gara medioetara joaten, dagokionarengana baizik.

Estanisekin edo Asunekin biltzen nintzen aldiro, bileran esandakoa Interneten irakurtzen nuen berehala. Ez da pribatutasuna errespetatu. Hitz egindakoa eta negoziatutakoa medioetara eramaten zuten berehala. Guk, aldiz, esandako guztia pribatutasunean mantendu dugu. Jokabidean diferentzia bat dagoela iruditzen zait niri.

Orduan, oso zaila da horrelako egoera batean elkarrizketak bideratzea. Ez dakizulako diozuna noraino irits daitekeen. Batzurentzat hori politika izango da agian, baina hori ez da gure jokabidea.

Auzi honen inguruan sortu den polemika hedabideei leporatu zenioten, eta Andoaingo herritarrek zuen erabakia normaltasunez hartu zutela adierazi zenuten ondoren.

A.C. Ezin da estatistika bat erabili. Udal gobernu honek eta bereziki nik neuk behintzat -medioetan egurtu nautelako- berotasuna sentitu dut. Jende asko gerturatu zait, eta askok pentsa dezake jende gaztea izan dela. Bada ez, jende heldua gerturatu zait. 70-80 urteko asko eta asko gerturatu zaizkit animoak ematera.

Aurreko ostegunean goizeko 11:30etan udaletxeko pleno aretora sartu eta prentsaurrekoan hainbeste hedabide aurkitzeak harritu al zintuen?

A.C. Ez, bi astez egunero-egunero hedabideak elkarrizketa eskatuz hona deika aritu direlako. Batez beste eguneko hamabi dei jasotzen genituen, eta denei ezetza eman diegu. Ondorioz, aurreikusten genuen egoera hori. Gu lasai-lasai agertu ginen prentsaurrekora.

Udal instalakuntza barruan Udaltzaingoek bere lana ondo egingo duten konfiantza osoa erakutsi duzu, bestalde.

A.C. Udaltzaingoa profesionala da. Segurtasunean formakuntza dauka, haien lana herria zaintzea da. Ezin dugu haien profesionaltasuna zalantzan jarri. Are gutxiago udaletxe barruan.

"Bizkartzainek egunerokoan eta Udal langileen martxan traba egiten dute", adierazi zuen Ainara Rodriguez zure koaliziokideak. Egun hauetan adierazpen hori indartzen duten lekukotzak jaso al dituzue?

A.C. Udal langileekin, Udaltzaingoarekin eta herritarrekin aztertu dugu gaia. Haien guztien iritziak jaso ditugu. Batez ere udaletxeko langileek lasaitasun handia hartu dutela nabaritu dugu.

Andoaindik kanpo jendeak ez zekien zein egoeratan zegoen udaletxea. Beste herrietan gertatzen ez zena bizi zen hemen. Bizkartzainak Udal batzarraldi aretoan zebiltzan, pasilloetan, herritarrei bideratutako eserlekuetan eserita egoten ziren..., inongo mugarik gabe.

Pertsona armatuak dira. Hori arautu egin behar da, beharrezkoa da. Egunero hona datozenentzat beste lasaitasun bat dago orain.

Gipuzkoako PSE-EEk dio azkenean Amutxastegik proposatzen zuen irtenbidea lortu zenutela. Zuk aldiz aurreko asteko prentsaurrekoan PSE akordioaren bidera erakarri zenutela adierazi zenuen.

A.C. Bakoitzak bere buruari jar diezaiola domina, hori bada bere nahia. Hamabost egunetan guk ez dugu ezer esan hedabideetan, eta aldiz denetik entzun behar izan dugu. Auzia bideratzeko eragile ezberdinekin hitz egin dugu. Estanis Amutxastegik dioena ez da egia.

Irtenbidea ez da, gainera, berari esker iritsi. Gogoratu behar zaio Estanis Amutxastegiri ez zuela Udal bulegoetara etorri nahi izan. Gu jaitsi ginen arkupeetara. Beraz, bilera hori egin bazen guk auzia konpontzeko izan dugun jarrerari esker izan da. Konponbiderako jarrera gurea izan da.

Hedabideetan Aresek eta Rubalcabak auzia konponbidean zela aurreratuz joan ziren, akordioa sinatu aurretik. Zurekin harreman zuzena izan al dute?

A.C. Aresek bi aldiz hitz egin zuen nirekin. Bietan berak deitu zidan niri. Lehen elkarrizketan mesedez eztabaida medioetatik ateratzeko eskatu zidan. Bere hitzetan, "es que esto se ha desmadrado". Nik erantzun nion ez zela gure aldetik izan, isilik geundelako. Bitxia iruditu zitzaidan. Eztabaida medioetatik ateratzea ez zegoen gure esku, ez genuelako medioetara jo.

Flexibilitatea, malgutasuna eskatu zidan eta nik baiezkoarekin erantzun nion. Hitz egiteko jarrera erakutsi dugulako hasieratik.

Hastear den agintaldian zer nolako eragina izan dezake polemika honek?

A.C. Auzia dagoeneko bideratuta dago. Hitz egiteko eta esertzeko eragozpenik ez dugu jarriko. Politikoki ezberdin izateak ez du muga izan behar herrigintzan aritzeko.

Udal ordezkaritza duen EAJ-PNV alderdiak polemika hau dela eta zein jarrera erakutsi zuen zuekin izandako bileran?

A.C. Auzia bideratzeko ildoak haien esku utzi genituen eta ados agertu ziren. Haien jarrera oso ona izan da. Auzia bideratzeko gogo handia erakutsi dute.

Donostiako alkatearen ondoren, zu izango zara honezkero Bilduko alkate ezagunena...

A.C. Zoritxarrez, horrela izango da bai.

Imajinatu al zenuen noizbait zure burua horrelako egoera baten aurrean?

A.C. Ez. Batez ere izan den bortizkeriagatik. Bilduk aginduko duen edozein udalerriri sekulako kontrola egingo ziotela aurreikusten genuen. Baina kasu honetan nire irudia hamabost egunez bortizki erabili dute. Inork ez du bere burua horrelako egoera baten erdian imajinatzen.

Lehen aste hauetan gogotsu ikusi zaitugu karguan. Baina auzi honek hedabideetan sortu duen polemikarekin, egun hauetan alkatetza hartzeaz damutu al zara?

A.C. Ez. Pazientzia handikoa naiz. Amak egun hauetan ea ondo lo egiten dudan galdetu dit. Eta neuk, egia esan, oso ondo lo egiten dut, benetan. Zorte handikoa naiz. Pazientzia handikoa eta lasaia ere banaiz. Zenbait momentutan deskonektatzeko gaitasuna badut.

Bizkartzainen auzi honetan, lehen bost egunetan jabetu ere ez nintzen egin. Goizeko bederatzietan udaletxera sartu eta arratsaldeko bostetan irteten nintzen. Bazkaldu eta umeekin parkera joaten nintzen. Edota bilerak nituen arratsaldeetan. Egunkariak irakurtzeko tarterik ere ez nuen. Jendeak kalean esaten zidan halako edo besteko mediotan atera nintzela.

Hortik aurrera, egunkariak ez nituen ireki ere egiten.

Gainerakoan oso gustura nago. Gogoko dut gestioan aritzea, eta baita jendearekin harremanetan izatea. Kaleko jendearekin egotea oso gogoko dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!