Rikardo Arregi kazetaritza sarien XXIII. edizioaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 6a, 20:05

Andoaingo Udalak proposatuta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo ekitaldi nagusiaren goiburua “Xabier Lete gogoan” izan zen. Poesian, kantagintzan eta pentsamenduaren arloan nabarmendu zen, baina kazetaritzan ere ale ugari eta bikainak utzi zituen Urnietako oiartzuarrak. Lete gogoan hartzeko Antton Valverdek sari banaketa ekitaldian zehar hainbat kantu maisuki eskaini zituen.

Kike Amonarriz aurkezle lanetan, giro atseginean igaro zen sari banaketa ekitaldia. Hona, sariak eskaintzeko epaimahaikideen arrazoioak eta sarituen adierazpenak, laburtuta:

OHOREZKO AIPAMENA atala
Ignazio Arregiri nahiz Miren Jone Azurzari Ohorezko aipamena emateko garaian epaimahaiak esaldi bakarrean laburbildu zituen meritu guztiak: “euskarazko kazetaritza modernoaren zutoinen eraikuntzaren aitzindari izan dira Azurza eta Arregi, prentsa idatzian eta irratigintzan zehatz esanda”.
Biek ere esker onez hartu zuten saria. Azurzak 60ko hamarkadan kazetaritzan jarduteko izan zituzten zailtasunak gogoan izan zituen, politikoak nahiz euskararen aldekoak. Arregik ere garai hura gogoan izan zuen, baina gaur egungo kazetaritzaren inguruko berrikuntza etengabea ere gogoan izan zuen.

Kazetari berria atala
Epaimahaia: “Elkarrizketa freskoak, irakurketa atseginekoak eta ausartak egin ditu saridunak. Ez du arriskurik saihesten, interpretazio propioak ere egiten ditu. Elkarrizketatuari zukua ateratzen badakiela erakutsi du”.
Gaztezulo aldizkariko Igone Fernandez sarituak kazetaritzan jarraitzeko akuilu modura hartu zuen saria eta, bereziki, lantaldeari eskaini nahi izan zion.

Epaimahaiaren Sari Berezia
Ainhoa Oiartzabal Berriako kazetariaren Nork hil zuen Begoña Urroz?  izenburuko erreportajea saritu zuen epaimahaiak. Epaimahaiak zera nabarmendu zuen: “Garaiotan oso urria da egunerokotasunetik haratago doan ikerketa-kazetaritza, nahiz eta kazetaritzaren funtzio soziala eraginkortasunez betetzeko behar-beharrezkoa izan ildo hori. Merezimendu osoz kokatzen da kazetaritza mota horretan saritutako lana”.
Sarituak Martxelo Otamendi zuzendariari eta lankideei lan hau behar bezala egiteko emandako aukeragatik eskerrak eman zizkien. Besteak beste, kazetariak egiara gerturatzeko elementuak pilatzeko erantzukizuna duela defendatu zuen.

Epaimahaiaren Sari NAGUSIA
Goiena komunikazio taldeak jaso zuen sari nagusia, hain zuzen Debagoiena eskualdean jarduten duen komunikabide taldeak. Kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, horiexek izan ziren Sari Nagusia erabakitzerakoan epaimahaiak aintzat hartu zituen irizpideak. Eta, zehazki, “sarea ardatz hartuta euskarri ezberdinak –paperekoa, telebista, irratia, webgunea- hedabide multimedia integral batean modu bateratuan hezurmamitzeko eta Interneteko webgunea berritu eta egoera berrira egokitzeko helburuarekin gauzatutako ekimena”. 

AITORMEN BEREZIA
Horrela argudiatu zuen epaimahaiak aurtengoan Aitormen berezia emateko erabakia: “Bada aldizkari bat, espezializatua, literaturaren lekuko dena eta, aldi berean, euskal literaturgintza bera eta literaturgileak ere aberasten dituena: Erlea aldizkaria”. Bernardo Atxaga aldizkariko zuzendariak berak jaso zuen saria. Andoain, Rikardo Arregi, kazetaritza edota demokraziari buruzko hausnarketak egiteko aukera baliatu zuen.

ERAGILE UGARI BASTERON EGIN ZEN SARI BANAKETA EKITALDIAN
Andoaingo Udal ordezkaritza zabala hurbildu zen ekitaldira. Guztien buru Ana Carrere alkatea. Udal hautetsiak, bestalde: Bilduko Ainara Rodriguez, Aitziber Ugartemendia eta Alaitz Ariztimuño; PSE-EEko Toñy Landa eta Petri Romero; EAJko Andoni Baltasar, Mari Jose Eizagirre eta Eneko Urdangarin. Era berean, ekitaldian izan ziren Estanis Amutxastegi eta Carlos Sanz alkate ohiak ere.
Gizarte, kultura eta politika arloko kide ugari bertaratu zen. Askoren artean, Lourdes Auzmendi Hizkuntza politikarako sailburu ordea, Mikel Pagola Urnietako alkatea eta David Rosco zinegotzia, Xabier Leteren senitartekoak: Arantxa Lete arreba, Maria Pilar Iriondo koinata eta Koro eta Inma Berasategi Leteren ilobak, Joxe Anjel Arbelaitz, Balere Bakaikoa, Andoni Sagarna, Erramun Osa, Joxean Lizarribar, Martxelo Otamendi, Juan Mari Larrarte, Estepan Plazaola, Iban Arantzabal, Xabier Letona, Pello Elzaburu, Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Otermin, Petra Elser, Mikel Arregi, Iñaki Arregi Moraza, Joxe Mari Olazabal, Pontxo Iriarte, Jose Antonio Rodriguez Ranz, Joxeba Erkizia, Gurutz Irigoras, Gotzon Etxeberria eta abar.

XABIER LETE GOGOAN
Kantaria eta kulturgilea gogoan izan zuten saio guztian zehar. Antton Valverdek hainbat kantu eskaini zituen, haietako gehienak Xabier Leterenak.

SARITUEN ZERRENDA

Kazetari berria
Sariduna: Igone Fernandez.

Saritutako lana: 2010eko ekainetik 2011ko maiatzera bitartean Gaztezulo aldizkarian argitaratu dituen argitaratu dituen kazetari lanak.
Saria: 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Epaimahaiaren Sari Berezia
Sariduna: Ainhoa Oiartzabal.

Saritutako lana: Nork hil zuen Begoña Urroz?  izenburua duen erreportajea, 2011ko otsailaren 20an Berrian (Igandea gehigarrian) argitaratua.
Saria: 4.000 euro eta diploma.

Sari Nagusia
Sariduna: Goiena komunikazio taldea,
2010eko urrian Sarean egindako berrikuntzagatik eta hedabide multimedia integrala eta integratua antolatzeagatik.
Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Ohorezko Aipamena
Zeruko Argiako Miren Jone Azurza eta Loiolako irratiko Ignazio Arregi.


AITORMEN BEREZIA
Erlea aldizkaria, Bernardo Atxagak zuzentzen eta Euskaltzaindiak argitaratzen duena.

XXIII. EDIZIOA
2011ko uztailaren 2an.
Bastero, erakusketa gela.
Antolatzaile: Andoaingo Udala.
2011ko ekitaldi nagusiaren goiburua “Xabier Lete gogoan” izan zen.
Epaimahaikideak: Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Odile Kruzeta, Joxe Rojas eta Arantxa Urretabizkaia.
Idazkaria: Patxi Baztarrika.
Aurkezlea: Kike Amonarriz.
Ana Carrere Andoaingo alkateak eta Blanca Urgell kultura sailburuak banatu zituzten sariak.

Ekitaldiaren bideoa: http://aiurri.com/bideoak.php

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!