Elkarteen arteko desafioa Kaletxikiko jaien amaieran

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko uzt. 1a, 11:14

Andoaingo beste auzoetako jai batzordeen antzera, Kaletxikikoa ere aspalditxo hasi zen jaiak antolatzen. Asteburu osoan ospatuko diren ekitaldiak jai zaleentzat ahalik eta gozagarrienak egitea izan da jai batzordearen asmoa aurten ere.

Egitarau osoa | Egitaraua egunez egun

Nekane Lasa jai batzordeko kidea da aspaldiko urtetan. Sanpedroak gainean, hauxe jaien inguruko bere ikuspegia.

Elkarrizketa, jarraian:

Hainbeste urteren ostean, oraindik ez al zara nekatu antolaketa lanetan?
Nekane Lasa: Beti ari gara erreleboa eskatzen; jende berria nahi dugu batzordean lanean laguntzeko, baina zaila da, jendeak ez du konpromisorik nahi, lan gogorra eta esker txarrekoa delako beharbada.
Hala ere, hor segitzen dugunok ilusio handiarekin aritzen gara. Niretzat Kaletxikiko jaiak oso bereziak dira; bertan jaio bazara ezin duzu bestela pentsatu. Horrexegatik ahal dudan ekitaldirik gehienetan parte hartzen saiatzen naiz, ahal dena eginez. Saltsera bat naizela esaten didate, baina niri bost axola!

Xarma berezia duen ekitaldiren bat nabarmentzekotan, zein aipatuko zenuke zuk?
N.L.: Kandido eta bere txikitxuei egiten zaien ongietorria. Oso zeremonia polita izaten da, eta inoiz ikusi ez duen andoaindar horri gomendatuko nioke bereziki. Pertsonai horiek Goikoplazatik irteten dira, txistulariekin batera. Kaletxikira jaisten dira eta Kandidok pregoia irakurtzen du bertan. Ondoren, ikurriña eta Ontzako bandera elkarte honetan zintzilikatzen dira eta zapi berde galanta kalean aldez alde ipintzen da bisitariei ongietorria emateko. Horrela ematen zaie hasiera jaiei. Ondoren beste hainbat ekitaldi etortzen da (haurrentzat merienda, sardin jatea, triki poteoa, Alberto Agirre abesbatzaren emanaldia…). Ekitaldi horiek guztiek jende ugari erakarri ohi dute ostiral arratsaldean.

Nor da Kandido aurten? Alegia, pregoia irakurriko duen andoaindarra?
N.L.: Kaletxikirekin nolabaiteko harremana daukan herriko pertsona bati eskatu ohi zaio Kandidoz mozorrotzea, eta aurten Luxio Aranburu mendizale ezaguna prestatu da zeregin horretarako. Askok ez dute jakingo baina Luxio Kaletxikin jaio zen eta auzoa bihotzean darama. Oso serio hartu du lana, aditzera eman digunez; pregoia kontzientziaz prestatzen ari omen da eta tartean bertso batzuk ere bota behar omen ditu.

Kirol franko dago egitarauan…
N.L.: Azken urteetan egitarauan sartu diren hiru kirol ekitaldiek izugarrizko arrakasta dute, eta argi dago asmatu egin dela. Goikoplazan antolatzen den esku pilota topaketak herriko gazteak biltzen ditu. Igande goizeko mendi lasterketak jende ugari erakartzen du kanpotik. Ontza eta Batzokiaren arteko apustuak ere animazio handia sortuko du igande arratsaldean. Aurten gainera, bi bertsolari izango dira bertan, gertatzen ari denaren kronika egiteko.

Tradizio handia dauka Kaletxikiko sagardo lehiaketak…
N.L.: Inguruan direnetan zaharrenetako izango da, 28 urte beteko baititu. Arrakasta handia du eta horren arrazoietako bat ordu berean haur parkea egotea izan liteke. Horrela, heldu asko lasaiago ibiltzen da sagardo dastaketan, haurrak eremu itxi batean jolasten ari direla jakinda.  
 
Zer esango zenuke bazkari herrikoiaz?
N.L.: Aspaldiko lagunak berriro ikusteko aitzakia ezin hobea izaten da bazkari hori; izan ere, une honetan auzoan bizi ez diren asko bertaratzen dira. Berrozpeko patioan izaten da eta azken unera arte lotu ezinik ibiltzen gara (eguraldia, parte hartze kopurua…).  

Eta gauaren inguruan?
N.L.: Zer nahi duzu esatea… Jendea pilaka ez da bertaratzen auzora ez ostiralean ezta larunbatean ere, gainerako jaietan bezala. Euria eginez gero, berriz, akabo jaiak!
Gauzak horrela, ondo pasa nahi duen edonori gomendatuko nioke azaltzea. Gau polita igarotzeko aukera dago, berbenarekin nahiz rock jaialdiarekin. Tartean, gainera, danborrada eta tradizio handia duen oilasko hotza eta txanpaina izaten da. Denek ere oso gau politak osatzen dituzte.  

Berrikuntzen artean, Soka-Dantza aipatu behar da…
N.L.: Aurten lehengo aldiz egingo da. Urki dantza taldeko arduradunen laguntza izango dugu, eta auzotar batzuk jada dantza egiteko prest agertu dira.

[jai Egitaraua, Agenda atalean]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!