Hik Hasiren XII. Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ziren atzo Mintzolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 30a, 16:01

Hurrengo belaunaldien heziketaz hausnartzeko hezkuntza foro berezia egingo dute aurten, hezitzaile, aditu eta sortzaileen artean

Hik Hasiren XII. Udako Topaketa Pedagogikoak aurkeztu ziren atzo Villabonako Mintzola etxean. Uztailaren 4, 5 eta 6an burutuko dira topaketok Donostiako Santo Tomas lizeoan. Guztira 20 ikastaro izango dira, eta arratsaldetan hezkuntza foroko saio irekiak egingo dira. Hik Hasik eta EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak elkarrekin antolatu dituzte topaketa hauek.

Aurtengo edizioan, lehenengo aldiz, hezkuntza foro berezi bat antolatu dute, hainbat eragile, hezitzaile, aditu nahiz sortzailerekin hezkuntzari buruz hausnartzeko. Hezkuntzaren etorkizuna amesgai, ekingai: nola hezi behar ditugu hurrengo belaunaldiak? izeneko foro honetan hezkuntzak bizitzan eta komunitatean duen rolaz eztabaidatuko da, eta era berean, belaunaldi berrien hezkuntzarako bide berriak jarriko dira mahai gainean. Eleder Aurtenetxe izango da foro honetako gidaria, eta Espazio Irekiaren Teknologia erabiliko du hezkuntzari buruzko gogoetak azaleratzeko.

Hauexek izango dira uztailaren 4,5 eta 6an eskainiko diren ikastaroak:

-Euskara ebaluatzeko proba; Lumatik ahora, ipuinak...

-Gure adimena nola eta norantz gidatu; Ez dut zigortu nahi; Familia eta irakasleriaren arteko harremanak; Coaching; Autismoaren azalpena ikuspegi praktikotik; Adimen emozionala: irakasleen gizakitasuna...

-Haurrei zuzendutako maskaragintza; Zertan jolastuko gara?...

-Bideoa: editatzen ikasteko, Pinnacle Studio programaren bidez; GIMP: irudiak tratatzeko; Web 2.0 eta Google aplikazioak irakaskuntzan...

-2-3 urteko haurren psikomotrizitate praktika; Haurrentzako masajea; Yoga saioak irakasleentzat...

-Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko; Oh happy, kanta eta dantza ezazu; Jendaurrean hitz egiten ikasi...

-Hezkuntza foro berezia: Hezkuntzaren etorkizuna amesgai, ekingai.

 

EHAZEren eskaintza

Bestetik, EHAZEk (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) hainbat ekintza ezberdin antolatu ditu topaketa hauen baitan:

1. Goian aipaturiko Antzerki irakasle jantziak, antzerkiaren balioak hedatzeko ikastaroa eskainiko dute Ander Lipusek, Ainara Gurrutxagak eta Asier Sotak. Ikastaroak antzerki irakaskuntzan trebatu nahi dutenei baliabide ezberdinak eskainiko dizkie.

2. Esperientzixak izeneko jardunaldiaren barruan, lau lagun gonbidatu dituzte euren esperientziak konta ditzaten: Josune Zabala (Mintzola Fundazioko zuzendaria), Julia Marin (itzultzailea eta TAEko irakaslea), Mattin Irigoien (Iparraldeko idazle eta antzerkigilea) eta Iñaki Ziarrusta (Galtzerdiko kidea, itzultzailea eta Atx ekimeneko arduraduna). Antzerkia eta ahozkotasuna abiapuntu hartuta, itzulpengintza, euskara batua vs. euskalkiak, testu dramatikoen lanketa, literaturaren joera... izango dituzte hizpide.

3. EHAZEk sustapenaren arloan lanketan dabiltzan proiektuen inguruko informazioa zabalduko du (Villabonako eta Pasaiako adibideak). Bertan, irakasleen beharrak eta bideak zeintzuk diren, irakasleen prestakuntzak zer nolako garrantzia duen, antzerkizaletasuna herrietara zabaltzearen bideak nolakoak behar duten, herri bakoitzaren egoera zein den... zabaldu, hedatu eta eztabaidatu nahi da. 

4. Asier Sotak bere ikasleekin burututako Cromlech emanaldia ikusteko aukera izango da. Antzerki taldeak Añorgako gazteek osatzen dute.

Ekitaldi hauek guztiak Donostiako Santo Tomas lizeoan burutuko dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!