Kontsumo taldeak elikadura burujabetzaren bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 30a, 14:29

Elikadura burujabetza bultzatu, sustatu eta eraikitzea da Elkar Sarea Elkartearen helburua. Nahiz eta zenbait bultzatzaile andoaindarrak izan eta egoitza ere bertan eduki, Euskal Herria da bere lan eremua. Nerea Izagirrek taldearen egitasmoen eta hurrengo egunetan antolatu dituzten hitzaldien inguruan hitz egin du Aiurri astekariarekin.

Aiurri: Zer adierazi nahi duzue elikadura burujabetza aipatzean?
Nerea Izagirre: Kontzeptu hori Via Campesina mugimenduak bere egindakoa da, eta "zer jaten dugun eta jaten duguna nola ekoizten den erabakitzeko eskubidea" dela esanez laburbildu liteke. Eskubide hori gurera ekarri, eta baserri giroko familia ereduarekin lotzen dugu: bertakoa eta anitza dena, bere eguneroko bizimoduan ingurugiroa kontserbatu eta errespetatzen duena, agrotoxikorik erabiltzen ez duena, baliabideen erabilera iraunkorraren alde jotzen duena, garaiko produktuena eta banatzeko zirkuitu motzak bultzatzea baliatzen duena…
Hain zuzen ere, gure elkarteak jokabide hori guztia errealitatean islada dadin bitartekoak jarri nahi ditu.

Denok ere kontsumitzaile garen aldetik, behar bezain kritikoak al gara geure buruarekin?
N.I.:  Iruditzen zaigu egundoko askatasuna daukagula nahi duguna kontsumitzeko, eta izugarri aurreratu dugula elikadura kontutan. Errealitatean, baina, justu kontrakoa gertatzen ari da hein handi batean: gero eta kalitate eskasagoa duten produktuak kontsumitzen ari gara; modu jakin batera kontsumitzera bideratuta gaude (eremu erraldoiko hiperrak…). Kanpokoak diren eta toxikoak dauzkaten produktuak kontsumitzen ditugu; injustizia ekonomikoa eta soziala eragiten duten ekoizpen ereduak bultzatzen ditugu (adibidez, herrialde askotako nekazariei euren lurrik onenak kendu egiten dizkiete guretzat ekoizteko)…
Kosta egiten zaigu jabetzea hiper batera joaten garenean jokabide horrekin zer eragiten ari garen, zein ibilbide bultzatzen dugun. Ekoizlea bertakoa den eta ekoizpena prozesua nolakoa izan den baino gehiago, prezioari begiratzen diogu. Krisialdiak ere ez du laguntzen kontzientzia har dezagun eta ohiturak alda ditzagun.

Senai osasunerako terapia zentruarekin harreman estua daukazue…
N.I.:  Hasieratik eduki dugu interesa Senaiko bultzatzaileekin elkarlanean jarduteko. Argi baitaukagu elikadurak harreman zuzena daukala osasun fisiko eta emozionalarekin. Gero eta gaixotasun gehiago dauzkagu, eta gaizki jartzen garenean zergatia ez dugu kuestionatzen, botika sendagarriak aurkitzeak besterik ez gaitu kezkatzen.

Zeintzuk izan dira zuen taldearen pausoak orain arte?
N.I.: Jendearen kontzientzia astintzen saiatu gara 2008an jaio ginenetik, ekoizpena, kontsumoa eta osasuna ardatz izanda. Bide horretan, orain urtebete kanpoko zenbait ekoizlerekin harremanetan jarri ginen erosketak kolektiboki egiteko; produktuak zuzenean eta garaian garaikoak erostea izan zen gure asmoa. Gure ekarpenik aberatsena kontsumo talde bat osatzea izan da beharbada; Aspilla izena jarri diogu taldeari. Azpillaga baserriko (Goiburu) Nerea eta Amaia Arsuaga bi ekoizleak eta kontsumitzaileok kontsumo taldea osatu dugu. Bi ahizpak Basherri Taldeen topaketa batean ezagutu genituen; baserritik bizimodua ateratzeko prest daude, oso gogotsu ari dira guztia planifikatzen. Orain arte oso baliagarria izan da eurek eta kontsumitzaileok   elkarri eman diogun babesa.

Nola gauzatu duzue kontsumo taldea?
N.I.: Oraingoz bost familia-unitateko taldea osatu dugu. Hain zuzen, aurreko astean jada produktuz betetako lehenbiziko otarrak jaso genituen. Gure asmoa talde handitzea da, 30 familiako talde osatu arte. Hala ere, irekita gaude tamaina bereko bigarren talde bat osatzeko.
Zer suposatzen du izaera horretako talde bat osatzeak?
N.I.: Taldea zenbait oinarriren arabera mugitzen da: kalitatezko produktu batengatik salneurri justu eta egokia erraztuko duen harreman zuzena dauka ekoizlearekin; ekoizleari euren produktuen salmenta bermatzen dio; elikadura eta ekoizpen sistema kontzientearen aldeko lana egin behar du…
Ekoizleari ere zenbait baldintza ezartzen dizkiogu; hala nola, baserritik bizi nahi izatea eta herri jakituriaren berreskurapenaren alde lan egitea; emakumeekiko diskriminazio positiboa edukitzea; baserriko produktuak ahalik eta dibertsifikatuenak izatea (barazkiak, fruituak, arrautzak, oilaskoak, e.a.), ingurugiroaren eta ama lurraren zikloak errespetatuz ekoiztea; abereen elikadura ahalik eta naturalena izatea….
Baldintza horiek guztiek mentalitate aldaketa eta konpromisoa eskatzen dute guztion aldetik, noski.

 Jardunaldiak antolatu dituzue hurrengo egunetarako…
N.I.: Taldearen filosofia, funtzionamendua eta hainbat alderdi azaldu nahi dugu; herritarrak eraikitzen ari garen alternatiban parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Horrela, uztailaren 8an (ostirala) Egoitz Garrok elikaduraren eta emozioen inguruan hitzaldia emango du Senairen egoitzan. Uztailaren 16an, berriz, Arsuaga ahizpek eurek osatu duten ekoizpen taldea aurkeztuko dute, eta EHNE-Bizkaiako Isa Alvarezek ekoizle eta kontsumitzaleen arteko harremanen gainean jardungo du.
 

Hurrengo Aiurrin Nerea eta Amaia Arsuaga baserritar ekoizleei elkarrizketa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!