Pisu eta balantza ezberdinak ikusgai

Koldo Jauregi herritarrak erakusketa berezia prestatu du Larraulgo museo etnografikoan. Irailaren hasiera arte ikusgai izango dira garai bateko pisu eta balantzak.

Pisua eta balantzak oinarrian, erakusketa bitxia prestatu duzu. Nolatan ideia?
Museo etnografikoaren baitan, gai ezberdinak lantzeko ideia bururatu zitzaigun Ekomusoko kideei eta oraingo hau neronen lana da. Beste norbaitek antolatuko du hurrengoa. Libra naiz horoskopoz eta agian horixe izango da pisuek nahiz balantzek betidanik erakarri izatearen arrazoia. Politikan, lanean, harremanetan…, bizitzako arlo guztietan oreka aurkitzea ezinbestekoa dela uste dut. Esaterako, alde batean haserrea badago, beste aldeko gozotasunarekin baretu behar da egoera hori.

Pisuak ez ezik, traste eta tresna zahar gehiago ere biltzen duzu. Museoa izango duzu etxean ere…
Zendu zen bildumazale batek behin zera esan zidan: bildumazaleak ez duela sekula bilduma lana amaitutzat eman behar. Ilusioa behar dela beti bilatzen jarraitzeko. Bildumak egitea ez da merkatura edo dendara joan eta erostea, ezberdintasunak bilatzen saiatzea baizik. Oraingoan pisuen eta balantzen erakusketa prestatu dut, baina antzinako traste eta tresna zahar ugari biltzen dut. Ideia berriak ere badarabilzkit buruan.

Nondik nora ibili zara halako pisu aukera batzeko?
Erakusketaren emaitza 35 urte baino gehiagotan egindako bilketa lana da. Pisu eta balantza mordoa bildu dut batetik eta bestetik. Larraulgo museoan leku handirik ez daukagunez, horietako batzuk aukeratu ditut erakusketarako: 35 bat pisu guztira. Pisu mota ezberdinak izan daitezen ahalegindu naiz, erabilera eta itxura ezberdinetakoak. Traste zaharren merkatuetan nahiz baserrietan eskuratu ditut gehienak: amerikar jatorriko pisu berezi bat bada tartean, jatorriz Marokokoa edo Ingalaterrakoa ere bai… Baina gehienak Frantziakoak, estatukoak nahiz euskaldun garbiak dira. Egia esan, asko saiatu ondoren lortu ditut horiek guztiak. Errotarekin lotura duten pare bat pisu saldu egin nituen, baina erakusketarako eskatu eta utzi egin dizkidate.

Deskribatuko al dizkiguzu pisu mota horietako batzuk?
Mota ezberdineko pisuak aurki daitezke erakusketan: egitura handikoak batzuk, kaxan sartu eta poltsikoan eramateko modukoak besteak. Batetik barazkiak, lekaleak edota fruta pisatzeko balantzak leudeke, bestetik botikako produktuak, produktu kimikoak nahiz harribitxiak pisatzeko balantza txikiagoak. Antzina gauza guztiak pisatzen ziren, baita gutunak ere; zein balioko zigilua jarri jakiteko. Helburu horri begira, gramoak eta pezetak markatzen dituen pisua ere ikus daiteke museoan. Bestalde, arrautzak neurrika sailkatzen hasi ziren garaian pisuaren bidez bereizten zituzten eta erakusketan bada haietako pisu bat ere, amerikarra. Garai bateko dendetan ezagututako pisu mota ezberdinak ere ikus daitezke, zaharragoak eta berriagoak. Era berean, umeak pisatzeko botika eta ospitaletan izaten ziren pisuak, sukaldeko pisuak… Mahaiaren gainean jartzeko pisuekin batera, paretetan edo zuhaitzetan zintzilikatzeko mota eta funtzio ezberdinak betetzen zituzten pisuak ere badira: arrantzan, artzaintzan, errotako lanetan edota, besteak beste, merkatuetan erabiltzen zirenak. Eta pisuekin batera, kontrapisuak. Zaharrenak 2000 urte baino gehiago ditu.

Zein indar zuen antzina pisuak, neurriak?
Egun dena pisatu egiten da eta emaitza idatzita agertzen da paperean. Lehen, ordea, ez zegoen horretarako aukerarik eta herritarrak astoarekin batetik bestera ibiltzen ziren garaian nahiz lehenengo autoak ailegatu zirenean ere, pisu eta balantzen bidez soilik pisa zitezkeen gauzak. Ezinbestekoa zen pisua. Bestalde, antzinako ordulariek pisuen bidez funtzionatzen zuten, oso zehatza izaten zen pisu hura. Neurriak hartzeko bestelako modu asko ere bazegoen: esaterako, kuelaren bidez neurtzen zen sagarra edota golde arrastoak nahiz pausoak ere neurtzeko erabiltzen ziren.

Zer moduzko harrera izan du orain artean erakusketak?
Harrera ona izan du, dagoeneko jende mordoxka gerturatu da. Larrauldarrak baino gehiago kanpoko herritarrak nahiz ikasle taldeak etorri dira, kuriositateak bultzatuta gehienak. Nik uste, erakusketa negu-neguan izango balitz jende gehiago etorriko litzatekeela, udaberri eta udan, eguraldi onarekin, jendeak nahiago izaten baitu hondartzara joan. Hala ere, iraila bukaera arte zabalik egongo da. Ohi denez, museo etnografikoa irekita egongo da hilabeteko lehen igandean, goizez. Astean zehar etortzekotan, 688803608 telefono zenbakira deitu behar da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!