Orxata naturala, herritarren eskura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 29a, 14:14

Orxata egiten ikasi, gurdia prestatu eta Andoaingo kaleetan dabil Pablo Sastre orxata naturala saltzen. Haren eskutik ezagutu du batek baino gehiagok gure artean tradizio handirik ez duen edari freskagarri hau.

Aspalditik omen zuen kalean zerbait saltzeko asmoa, gustatu egiten baitzaio. “Txikitan Bartzelonara joaten nintzen udan eta oso gogoko nuen orxata. Valentzian lagun bat ere badut kontua ezagutzen duena…, eta halaxe sortu zitzaidan orxata saltzen hasteko ideia”, azaldu du. Behin ideia garbi edukita asmoa osorik garatu behar izan du Pablok: orxata nola egiten den ikasi, edaria kalean saltzeko aukera emango zion gurdia lortu eta prestatu… Urtebete iraun du, gutxi gorabehera, prestakuntza horrek, eta orain, eguraldi ona lagun, Andoaingo kaleetan dabil orxata saltzen.
Sastrek argitu duenez, “orxata egitea zaila ez da, baina konplikatua, bada. Sukaldaritzako beste gauza askotarako bezala eskua behar da honetarako ere. Arrautza bat frijitzea erraza al da? Bai, baina badu bere teknika. Bada, orxatarekin gauza bera gertatzen dela esan daiteke”. Xufa, ura eta azukrea ditu edari honek osagai nagusi, nahiz eta gero zenbaitek limoia edo kanela pixka bat ere eransten dion. Xufa beratzen eduki ondoren xehatu egin behar da. Gero mazerazio prozesu bat dator eta, jarraian, hor geratu den hondar hori iragazi eta zukua atera behar zaio. Karrika auzoan duen lokalean egiten du Pablok orxata, eta bertan jasotzen du gurdia ere. “Hasiera batean herriz herri eta festaz festa ibiltzea zen nire asmoa, baina horrek gehiegizko gastua zekarrela ohartu nintzen. Izan ere, orain erabiltzen ditudan gurdi eta bizikletaz gain, kamioi edo furgoneta handi bat ere behar nuen alde batetik bestera joateko. Horregatik, gurdi-bizikleta honekin geratzea erabaki nuen, eta orxata Andoainen saltzea”.
Gurdiari motorra jartzea ere pentsatu zuen, baina ezinezkoa izan zitzaion eta, horregatik, Andoaingo beheko aldean bakarrik ibiltzen da. “Orain arte bi aldiz joan naiz Goikoplazara, baina asko kosta zait, gurdiak kilo asko hartzen baititu”.  

Bizpahiru eguneko bizia
Orxata egiteko garaian mazerazioak baldintzatzen du prozesu osoaren iraupena; baina, printzipioz, gaur orxata prestatu eta bihar edateko moduan izango genuke. “Eguraldiaren arabera ibiltzen naiz. Zerura begiratu edo hurrengo eguneko partea entzun eta, iragarpena ona bada, xufa beratzen jartzen dut. Biharamunean xehatu, mazeratu eta iragazi, eta edateko prest dago. Ordu gutxitako kontua da”.
Modu naturalean prestatzen du Pablok orxata. “Hasiera batean xufa ekologikoa erostekotan ibili nintzen, baina garestiegia zen eta jaso nituen gomendioek zioten xufa ekologikoa nekazaritza tradizionaletik zetorrenaren oso antzekoa zela eta ez zuela merezi diru gehiago ordaintzea. Beraz, nekazaritza tradizionala lantzen duen Alboraiako (Valentzia) nekazari bati erosten diot xufa, eta orxata artesanala edo naturala egiten dut, inolako kontserbanterik edo bestelako produktu arrarorik gabea. Horrenbestez, bizitza oso laburra dauka, dendan saltzen denak baino laburragoa. Gaur egindako orxata gaur bertan, bihar eta etzi edan daiteke, tenperatura oso hotzean mantenduta. Baina hortik aurrera hondatu egiten da, galdu, usain txarra sortzen zaio. Beraz, hozkailuan eduki behar da, eta denbora gehiegi pasatzen utzi aurretik, edan”.

Edari ezezaguna
Beroarekin oso identifikatuta dagoen edaria da orxata, freskagarri bezala saltzen dena. Levante handian, Kataluniatik Andaluziara bitartean, Andaluziako toki batzuetan eta Madrilen bertan ere ba omen dago orxata hartzeko ohitura. “Hain zuzen ere, orxata famatuena den tokietan beroaldi edo uda luzea izan ohi dute; Katalunian edo Valentzia inguruan, esaterako, martxo aldera hasten dira orxatarekin eta urrira bitartean egiten dute lan. Hemen, noski, ez dut hainbeste denbora izango: maiatzean hasi nintzen eta irailera arte lan egin badezaket, gustura”.
Gauza jakina da hemen ez dagoela orxata hartzeko ohiturarik. “Euskaldunok ez dugu orxatarik hartzen, eta, adibidez, Andoaingo etorkinen artean gehiengoa diren extremadurarrek ere ez daukate ohiturarik, berdin harritzen dira batzuk zein besteak: zer den, nondik datorren, nola egiten den…, galdetzen dute. Hori bai, jende askok gogoan du Donostian, Gros auzoko sarreran bazegoela orxateria bat, La Española izenekoa,  orxata artesanala egiten zuena. Hogei bat urte izango dira hura itxi zutela. Gaur egun hemengo izozki denda batzuetan saltzen dute Valentzia aldetik ekarritako orxata, baina seguru asko Euskal Herrian orxata egiten duen bakarra izango naiz”.
Pabloren postura hurbildu eta orxata probatu duen jende askori hasieran arraro samarra iruditu zaio edari hau, baina gero zenbaiti ikaragarri gustatu omen zaio. “Baso bat orxata erosi didaten gehientsuenek lehenengo aldiz hemen probatu dutela esango nuke. Orokorrean jendeari gustatzen zaiola iruditzen zait. Dena den, gustatzeaz edo ez gustatzeaz gain, beste faktore batzuk ere badaude: ohitura falta, besteek zer egiten duten, lotsa pixka bat, deskonfiantza puntu bat ere bai… Baina behin probatu eta ezagutuz gero, ahoz aho zabaltzen joaten da”. Hala ere, bada orxata lehenagotik ezagutu eta litroka erosten dionik ere. “Normalean, oporretan Levante aldera joaten den jendea izaten da. Horiek jada badakite zer den eta litroko botiletan erosten didate, gosaltzeko esaterako”. Orxata litroa 6,5 eurotan saltzen du Pablok eta basoa, 2 eurotan.

Talo eta ogitartekoak
Hasieran aipatu bezala, kaleko salmenta gustuko du Pablo Sastrek, eta lehenago ogitartekoak eta taloak saltzen ere ibili izan da. “Uda pare batean bokadiloak saldu izan ditut festetan, eta hamar urte inguru daramagu taloekin jai jakin batzuetara joaten: Santakrutzetara, Sanestebanetara, Tolosako Inauterietara, Hernanira... Gauza goxoa eskaintzea gustatzen zait, ondo zaindua, ez edozein modutan egindakoa. Gero zenbaiti garesti samarra iruditzen zaiola? Hori beti gertatuko da. Beharbada neurri batean hala izan liteke, baina ez nuke esango eskaintzen duguna bereziki garestia denik, zaindutako produktuak baitira”.  
Aurtengo uda orxata saltzen igaroko du, ea zer moduzko harrera duen herritarren artean. “Valentziako lagunak zera esaten zidan, ‘Andoainen ondo ateratzen baldin bazaik egina zagok, edonon funtziona lezakek’. Eta egia da, Andoain ez baita orxata saltzeko tokirik onena, apenas baitago turistarik; andoaindarrak ez diren bost lagun bakarrik etorri zaizkit oraingoz, hiru frantziar eta bi errenteriar. Ikusiko dugu zer moduz amaitzen dugun uda”. 

Osasunerako onuragarria
Orxataren inguruko azalpenak ematen ari zela, emakume bat hurbildu zen Pabloren postura eta zera esan zion: “Ondoeza dut sabelean eta emaidazu baso bat orxata, on egiten dit eta”. Propietate osasungarri asko dituen edaria omen da. Mineral, fibra eta bitaminetan aberatsa da, bereziki, fosforo, kaltzio eta magnesio asko duena. Haurdun dauden emakumeentzat eta hilekoarekin loturiko ondoezentzat ere oso gomendagarria omen da. Kolesterola ezabatzen laguntzen du eta propietate antioxidanteak zein tentsioa orekatzen laguntzen dutenak ere baditu. Laktosarik, fruktosarik eta glutenik gabea, %100ean begetala.
Esan bezala, orxata probatu nahi duenak Andoaingo kaleetan aurkituko du Pablo Sastre. Nahiago izanez gero, lehenagotik enkarguak ere hartzen ditu 943 430 020 telefonora deitu eta mezua utziz, eta Xixori dendan (Txitibar) ere eros daiteke bi egun lehenagotik enkargatuta (943 245 023).
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!