Futbol eskola, ateak irekitzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 29a, 14:11

Billabona Futbol Kirol Elkartea futbol eskola zabaltzeko asmotan da datorren ikasturteari begira. Eskolako koordinatzaile izango diren Ion Iñaki Elexpuru eta Migel Anjel Valenciak nahiz FKE taldeko lehendakari berri Mikel Elizegik hartu dute hitza.

Elkarrizketatuek adierazi dutenez, azken lauzpabost urteetan gazteekin lanean ari ziren entrenatzaileek pauso berriak eman nahi izan dituzte etorkizunera begira. Billabona FKEko zuzendaritza berria osatu ondoren, gazteekin ez ezik, haurrekin ere lanean hasi eta kluba hazteko saiakera egitea erabaki dute. “Modu horretan 8 urtetik 19 urtera bitarteko gazteek jokatuko lukete taldean, gaztetxoenak 2000-2003 urteen artean jaiotakoak liratekeelarik”, jakinarazi dute. 27 urte daramatza Billabona KFEk Arratzainen lanean. Orain, futbol eskola martxan jarrita, lehengo taldeak bere horretan mantendu eta etorkizuna ziurtatu nahi dute arduradunek. Eskola abian jartzeko, une honetan Foru Aldundiak eman beharreko baimenaren zain daude. “Behin uztailaren hasieran baimena jaso ondoren, bi edo hirugarren astean aurre-inskripzioa zabalduko genuke eta irailean inskripzioa”, adierazi du Mikel Elizegik. Ekonomikoki, noski, aparteko kostua du egiten ari diren saiakerak eta urte osoko kuota 80 eurokoa izatea aurreikusi dute. Ion Iñaki Elexpuruk, gaztetxoak eta kirol aniztasuna uztartzea lortu nahi dutela argitu du, “Foru Aldundia, Erreala eta Kirol Federazioaren artean sinatutako akordioan, futbol eskolan parte hartzen duten umeek eskola kirola egitasmoko partaide izan behar dutela esaten da. Gaztetxoei zuzenduta, klub bezala oso egoki ikusten dugu kirol aniztasuna”.

Ate irekien jardunaldiak
Ekainaren 11ko asteburuan futbol eskola aurkeztuz, ate irekien jardunaldiak egin zituzten Arratzainen eta egunari buruzko irakurketa baikorra egin dute antolatzaileek, “guztira 70 neska-mutil gerturatu zen ate irekien jardunaldietara eta oso gustura ibili ziren. Helburu nagusia gazteek futbol eskolako saio bat zer izan daitekeen ikustea zen batetik, eta bestetik, gurasoei gure asmoa eta proiektua aurkeztea. Bestalde, Billabonako klubetik ateratako Realeko hiru gazte ekartzeko aprobetxatu genuen aukera hura eta Iñigo Sarasola, Aitor Kastro eta Unai Etxeberria futbolariak gerturatu ziren gaztetxoengana. Saioaren amaieran jaso genituen iritzien arabera, oso gustura geratu ziren gazte nahiz gurasoak eta gu ere oso pozik gaude erantzuna ikusita”, adierazi dute.

Futbol eskola, heziketaren osagarri
Futbol eskolaren proiektuaren baitan kirol proiektua landuko da batetik: gaitasun teknikoak, taktikoak eta fisikoa, baita formazioa, hobekuntza eta jarraipena ere. “Hori guztia etapa ezberdinetan bideratuko litzateke. Kontziente izan behar dugu umeekin lan egingo dugula eta umeen ezaugarrietara egokituko dugu proiektua; esaterako, jolasen bidez”, azaldu du Ion Iñakik. Era berean, futbol eskola kirol proiektu huts izatea nahiko ez luketela jakinarazi du, “pixkanaka, kirolak dituen hainbat balore galtzen ari direla ikusten dugu eta balore horiek landu ez ezik, berreskuratu egin nahi ditugu; adibidez, lagunarekiko, galtzailearekiko nahiz irabazlearekiko errespetua. Umeak, irabazten jakitea, galtzen jakitea bezain garrantzitsua dela jakin behar du. Bestalde, euskarari garrantzia eman nahi diogu eta baita ikasketei ere. Dudarik gabe, futbolarekin batera, ikasketak ere hor daudela ikusarazi nahi diogu umeari. Futbol eskola umearen heziketaren osagarri izatea nahiko genuke. Ondorioz, gurasoekin harremana izan nahi dugu edozein gai edo arazo baloratu ahal izateko”. Futbol eskolako gaztetxoek eskualdeko beste hainbat talderekin batera, topaketetan hartuko lukete parte hurrengo urtean, baina lehiari garrantzirik eman gabe.

Erronka handia
Futbol eskolako funtzionamendua lotuta daukate dagoeneko Billabona FKEko kideek. Aipatu dutenez, Beñat Ezeiza izango da arduradun nagusia, Ion Iñaki Elexpuru eta Migel Anjel Valencia, bi koordinatzaileak. Arduradun horiez gain, klubeko entrenatzaile taldea legoke eta haiek prestatuko lukete urte osoko programazioa. Izena ematen duen ume kopuruaren arabera antolatuko dute begirale kopurua. Ahal dela, hamar umeko talde bakoitzeko begirale bat jartzeko asmoa dute.
Futbol eskola abian jartzea erronka polita bezain handia dela aipatu du hirukoteak. Argi dute lehen urtean egin beharko dutela lanik handiena, “baina lan hori ondo egiten asmatuz gero, errazagoa izango da ekimena aurrera eramatea. Fruitu onak jasotzeko aurrez egin behar izaten da lana: gu aurrera egiteko gogoz gaude, indarrez beteta”, adierazi dute.

Belar artifizialeko zelaia
Futbol eskola abian jartzearekin batera, Billabona FKEko zuzendaritza berriak badu beste asmo bat ere: belar artifizialeko zelaia martxan jartzea, hain zuzen. “Herritik gertuago futbol zelai artifiziala eraikitzea da gure beste helburu nagusia. Belar naturaleko zelaiak oso politak dira, baina egunerokotasunari begira ez dira oso praktikoak eta gazteek futbolean entrenatu eta jokatzeko gune egokia behar dute Amasa-Villabonan”. Zelai berri horren harira, herritik eta herritarrengandik gertuago egon nahia adierazi dute, “aurrerantzean, herriko ekimenetan gehiago parte hartzea gustatuko litzaiguke, sozialki pisu handiagoa izanez. Klubak indarra hartzen baitu bere inguruan gizarte mailako indarra dagoenean eta klubak herrian beste bultzada bat behar duela uste dugu”. Epe laburrean Udal ordezkari berriekin biltzeko asmoa erakutsi dute, guztien artean zelai berriaren ekimena aurrera eraman ahal izateko. Azaldu dutenez, zelai berriak, azpiegitura hobetzearekin batera, gazte gehiagori futbolean jokatzeko aukera emango lioke. Futbol eskola mistoa izango denez, etorkizunean hortik ateratako neska taldea izaten ahaleginduko dira. Orain artean mutilen taldeak izan dira Arratzainen. “Azken urtean 80 jokalari eta 9 entrenatzaile. Futbol eskolaren ondorioz beste 50 bat ume gehiago izatea aurreikusten dugu gutxienez; ondorioz, guztiek futbolean jolasteko leku egokia izan dezaten beharrezkoa da zelai berria egitea edo behintzat, aurrekoa egokitzea”, azaldu dute.

Emaitzekin gustura
Billabona FKEko taldeek aurtengo denboraldian eskuratu dituen emaitzekin gustura agertu dira. “Alebinen artean gure helburua, futbolean jolasten erakutsiz umeak heztea da; infantiletarako taldea sendotzen joatea. Infantilak Gipuzkoako bigarren mailan parte hartu dute eta finalera iritsi dira. Kadeteek, berriz, Ohorezko maila mantendu dute; Gipuzkoako mailarik altuena. Jubenilek, azkenik, iaz galdu zuten Ohorezko maila berreskuratu dute. Helburuak beteta, gustura gaude, beraz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!