Jatorri aniztasuneko herria, herri aberatsa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 29a, 14:11

Anitzak ekimenak jatorri aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko diagnosia aurkeztu berri du Aniztasun astean. Elkarteko kide Ainara Ormaetxeak hartu du hitza.

Berriki, jatorri aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko Amasa-Villabonako diagnosia aurkeztu duzue. Azalduko al duzu lanaren nondik norakoa?
Proiektuaren helburua Euskal Herrian, –kasu honetan Amasa-Villabonan–, bizi garen jatorri ezberdineko pertsonen elkarbizitza sustatu eta elkarbizitza normalizatua bideratzea da. Marko horretan, Euskal Herria bere ezaugarri eta berezitasun sozial, politiko, ekonomiko nahiz kulturalekin hartzen da kontuan eta, horren baitan aniztasuna ere aintzat hartzen da. Alde batetik azterketa kuantitatiboa egiten da, jatorriaren arabera herriaren argazkia eginez. Lau segmentu bereizten dira horretarako. 1.- Euskal Herrian –kasu honetan Amasa-Villabonan– jaiotako pertsonak. 2.- Espainiar estatutik etorritako pertsonak. 3.- Europar Batasunetik etorritakoak. 4.- Europatik kanpo etorritakoak. Horiek guztiak izango lirateke subjektu migratzaileak, bakoitza bere ezaugarriekin. Diagnosia osatzeko, besteak beste, hezkuntza sistema edo berdintasuna ere hartzen dira kontuan. Behin argazkia egin ondoren, herriko eragile eta herritar guztiekin gai ezberdinen inguruan hausnarketak egin eta subjektu aktiboak bihurtzea da helburua, guztiok baikara gizarte honetako zati. Ondorioz, norbanakoaren ezaugarriak ezagutzeko, bakoitzaren jatorria nahiz ohiturak mahai gainean jarri behar dira. Amasa-Villabonan, momentuz, lehen zatia egin dugu; azterketa kuantitatiboa, argazkiarena, alegia.

Zer nolako argazkia egin duzue?
Atzera eginez, mende eta erdiko garapenean, Gipuzkoak, oro har, bere dinamika eduki du eta Amasa-Villabonak berea propioa. 1970eko hamarkadan etorkin asko etorri zen Gipuzkoara. Urte batzuetara, kopuru horrek behera egin eta gero, berriz ere gorantz hasi zen. Amasa-Villabonak, berriz, bere bide propioa izan du eta progresiboki pixkanaka gora egin du kopuru horrek beti, azken urteetako igoera oso nabarmena izan delarik. Azken hamarkadan, krisiaren ondorioz, Gipuzkoa mailan etorkinen jaitsiera izan bada ere, Amasa-Villabonan ez da horrelakorik gertatu eta datu esanguratsua da hori.

Segmentu aldetik, zein jatorriko herritarrak gerturatu dira bereziki Amasa-Villabonara?
70eko hamarkadan inguruko herrietatik nahiz espainiar estatutik etorritako herritarren portzentajea oso altua izan zen. Garai hartan Europa eta munduko beste lurraldeetatik apenas etorri zen inor handirik. Azken hamarkadan, berriz, aldatu egin dira datu horiek.
Azken urteetan Amasa-Villabonara etorritako herritarrak, Gipuzkoatik bertatik gerturatu dira gehien; Donostia eta Tolosaldetik batez ere. Espainia mailan, Extremadura eta Gaztela-Leondik, batik bat. Europar Batasunari lotuta, Portugal eta Errumaniatik, eta munduko beste lurraldeei begira, Pakistan, Maroko, Nikaragua eta Kolonbiatik. Kanpoko lurraldetatik etorritako herritar gehienak marokoarrak dira, bai Amasa-Villabonan nahiz Tolosaldean ere. 50 lurralde ezberdineko herritarrak bizi dira Amasa-Villabonan eta guztien artean, 20 hizkuntza baino gehiago hitz egiten da. Hemengo ohiturak zabalduz, kanpotik etorritakoenak nola txertatu erabaki behar da orain.

Noiz sortu zen migrazio joera Amasa-Villabonan?
Badirudi azken urteetan soilik gertatu dela migrazioa hemen, baina azken mende eta erdian gauzatutako bidea da. Lehendik ere Amasa-Villabonak ezagutu zuen joera hori: lehenik landa-eremutik herrira etorri ziren herritarrekin eta ondoren, espainiar estatutik gerturatu zirenekin. Inondik ere, ez da prozesu berria, beraz. Dudarik gabe, hortik ikasi beharrean gaude elkarbizitza sustatzen asmatzeko.

Hurrengo urratsa prozesu parte hartzaileari ekitea izango da, beraz. Aniztasun astearekin ateak zabaldu dituzue dagoeneko…
Aniztasun astearen baitan eragile ezberdinekin jarri gara harremanetan. Herritarren parte hartzea handia izan da eta oso pozgarria da hori; azken batean, herritarrak eta eragileak baikara herria osatzen dugunak. Prozesu parte hartzaileari ekiteko lehen urratsak eman ditugu, elkar ezagutzeko espazioak sortuz. Denon aitortzarako eta elkarbizitzarako eman beharreko lehen pausoa, dudarik gabe, elkar ezagutzea da eta Aniztasun astean ondo bete da helburu hori. Besteak beste, ondorengo talde hauek hartu dute parte: Udala, Anitzak ekimena, Gaztelekua, kale hezitzaileak, Eresargi abesbatza, Loatzo musika eskola, Banaiz Bagara elkartea, Hutsunea Betez emakume taldea, Jubilatuen elkartea, Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikaria, Jatorkin elkartea, EPA, elkarte gastronomikoak, Bai Euskal Herriari taldea, herritarrak…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!