Uparan poligonoan, Todo todo supermerkatu katearen ondo-ondoan dago Uparan sagardotegia, hain zuzen ere, denden kate horixe baita jatetxearen arduraduna. “Lokal hau erabat hutsik zegoen, lastima zen halako toki bati inolako erabilerarik ez ematea. Bestetik, poligono honetan jende askok egiten du lan, eta eguerdian etxera joateko astirik ez zutenei bazkaltzeko toki bat eskaintzea ideia ona izan zitekeela iruditu zitzaigun, inguruan ez baitago gisa horretako aukera askorik”, azaldu du Carlos Soroetak, jatetxeko arduradunak.
Gutxi gorabehera, 120 lagunentzako tokia du Uparan sagardotegiak. “Espazio zabal bat eskura izateak zerbitzu ezberdinak eskaintzeko aukera ematen digu”, dio Soroetak. Uparan jatetxeak eguneko menua zein sagardotegikoa eskaintzen du, eta ospakizun berezietarako menuak ere prestatzen ditu, aurretik zehaztuta.
Langileentzako zerbitzua
Aukera ezberdinak eskura dituzten arren, Carlosek garbi du, orain arte behintzat, eguneko menuak izan direla Uparanen jardunaren ardatza. “Neurri handi batean, eguerdian etxera joaterik ez duten langile horiei begira ireki genuen jatetxea, eta hain zuzen ere arlo horixe izan da bezero gehien ekarri diguna, hemen inguruan enpresa asko baitago, baita zenbait obra ere”. Aste barruko egunetan bazkariak soilik ematen dituzte, “hemen inguruan gauez ez baita ia inor geratzen”. Bazkariez gain, barran pintxoak, bokadiluak edota plater konbinatuak ere eskaintzen dituzte goizez.
Asteburua iristean, ordea, langileak etxera joaten dira eta horrek eragin nabarmena du Uparan jatetxearen martxan. “Jendeak oraindik ez du tokia gehiegi ezagutzen. Izan ere, ona bazkaltzera etortzen diren langileen gehiengoa ez da hemen ingurukoa eta, noski, Arrasaten edo Gasteizen bizi den langile hori ez da asteburuan ere hona etorriko afaltzera. Horregatik, oraingoz gure bezeroen gehiengoa langileak direnez, asteburuetako dinamika horretan sartzea pixka bat kostatzen ari zaigu”, aitortu du Soroetak. “Jabetzen gara asteburuetan jendea hona etortzea nahi badugu jendeak gu ezagutu gaitzan lortu behar dugu, eskualdeko jendeak asteburuan afaltzera nora joan erabakitzerakoan aukera hau ere baduela jakin dezan eta, nahi badu, proba dezan”. Badakite zentzu horretan ahoz ahokoak eragin handia izan dezakeela, baina “ahoz ahoko horrek hasi egin behar du, hona etorri den batek ‘txuleta oso ona zegoen’ esan behar dio beste bati. Horixe da lortu nahi duguna”.
Ohiko sagardotegien itzala
Carlosek garbi du publiko zabal batek betiko sagardotegien aldeko apustua egingo duela, “baina, zalantzarik gabe, hemengo sagardotegi tradizionalen lehiakide izan gaitezkeela uste dut. Salneurriei dagokienez, besteen parean edo zertxobait beherago gaudela esango nuke, eta gure produktuen kalitatea berma dezakegula iruditzen zait”. Uparan sagardotegian eskaintzen dituzten produktuak Todotodo supermerkatu katekoak dira, eta sagardoa Aburuza, Irigoien eta Iretza sagardotegietakoa.