Gorka Izagirre eta Ramon Beloki, lorezain Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 29a, 14:08

Bi urte inguru daramate herriko txokoak edertzen eta txukun mantentzen. Gustuko dute euren lana, baina orokorrean herritarrek lore eta landareak oso gutxi errespetatzen dituztela diote.

Orain urte batzuk lantoki berean aritu ziren lanean Gorka eta Ramon, eta hantxe ezagutu zuten elkar. Hangoa bukatu eta beste lan batzuetan aritu ondoren, Iratze Lorazaintzan langileak behar zituztela jakin eta Ramoni hots egin zion Gorkak, eta halaxe hasi ziren bertan. “Egia esan, eskertzen da lanean konfiantzako pertsona bat izatea, lan egingo duena eta behar denean aurpegia emango duena”, gaineratu du Ramonek.
Udan sartu berri gara, eta sasoi honetan belarra mozten lan asko izaten dutela aipatu dute. “Hesiekin ere lan asko izaten dugu garai honetan. Negu aldean belarra nahiko geldi egoten denez lasai samar aritzen gara, baina udan belarrak eta hesiek lan asko ematen dute; horregatik, mantentze lanak izaten dira nagusi garai honetan”, azaldu du Gorkak.
Urtearen hasieran loreak jartzea tokatzen da. “Landareak txiki-txikiak direnean ekartzen dizkigute, behatz muturraren tamainakoak direnean, eta zehar landatu egiten ditugu Asteasun ditugun negutegietan. Lehen loreontzietara pasatzen genituen, baina orain zuzenean mantetan jartzen ditugu negutegietan ureztatze sistema batekin, gero manta horietan ekartzen baititugu landatu behar diren tokiraino, eta ez ditugu ukitu ere egiten momentu hori iritsi arte”, argitu dute. Behin mantetan prestatuta dituztela, garaia heltzen denean, aurretik jarrita zeuden lore guztiak kendu eta berriak kolpe batean jartzen dituzte. Enpresa guztiko langileek elkarrekin egiten dute lan hori Zizurkilen, Villabonan, Anoetan eta Alkizan. Urte amaieran, berriz, udako loreak erretiratu eta negukoak jartzen dituzte.

Lore bakoitza bere tokian
Herriko lorategietan hainbat lore mota ezberdin ikusten da, kolore eta tamaina guztietakoak, eta aukeraketa hori hainbat faktoreren arabera egiten du Iratze Lorazaintzak. “Ordenagailu bidez osatzen da proiektua”, azaldu du Gorkak. “Koloreak oso kontuan hartu beharrekoak dira, baita tamaina ere; lore handi bat txikiago baten ondoan jarri eta lehenak bigarrena tapatuko badu, aldatu egin behar da kokapen hori”. Dena den, loreak jartzerakoan urtero patroi berdintsua erabiltzen dela diote; beharbada loreen kolorea edo tamaina alda liteke, baina barietateari dagokionez ez da urte batetik bestera ezberdintasun handirik egoten, hemengo klimara ondo egokitzen direnak izaten dira, irauten dutenak.
Eta noski, gauza gehienekin gertatzen den bezala, diru kontuek ere zeresan handia dute. “Hautatzen den lore motaren arabera asko alda daiteke aurrekontua; ez da gauza bera osin bat jartzea edo lore ikusgarriago bat aukeratzea, eta ikusgarritasun hori nahi bada, lan gehiago eta, ondorioz, diru gehiago behar da”. Beraz, udaletxe bakoitzak herriko lorategietan gastatu nahi duen aurrekontuaren arabera egingo da plangintzan hori. “Batzuek gehiago eta besteek gutxixeago, udaletxe guztiek irudi ona eman nahi dute. Alkatetza bat izan edo bestea izan, guztiek herri inguruak ahal bezain politen eduki nahi dituzte, jendeak alde horretatik inolako kexarik izan ez dezan. Horretarako, mantentze lan txukunak eskatzen dituzte, eta eskatzen duten hori eskaintzen duten aurrekontuarekin bat ez badator, hortxe sor daitezke komeriak”. Zenbait kasutan, diru gutxiren truke zerbitzu zabala nahi izaten dute, eta hori bermatzea oso zaila dela diote lorezainek.
Bestetik, krisiak ere izan du eraginik sektore honetan, Udal jakin batzuek lorategietara bideraturiko aurrekontuak nabarmen egin baitu behera urte batetik bestera. “Dena den, Udalek konfiantza ere nahi izaten dute, alegia, enpresa batek ondo lan egiten badu, nahiz eta beste batek zerbitzua 3000 euro merkeago eskaini, nahiago izaten dute zertxobait gehixeago ordaindu, batez ere, herritarrak enpresa horrek egindako lanarekin gustura badaude”, gaineratu dute.

Herritarren jarrera
Badirudi, orokorrean behintzat, herritarrak gustura daudela lan horrekin. “Herria txukun daukagula, ondo mantentzen dugula eta antzekoak entzuteak poza ematen du. Dena esan behar bada, zenbait tokitan egoskorkeria batzuk ere botatzen dizkigute, ‘begira nola dauzkazuen landareak!’ eta gisakoak, baina tira, beti egongo da zure lana gustatuko ez zaion jendea, beraz, kritikak onartu eta kito”.
Baina, horrekin batera, herritarrek landareak oso gutxi errespetatzen dituztela gaineratu dute Gorkak eta Ramonek. “Adibide bat jartzearren, Ugare auzoko paseoan biribilgune txiki bat dago. Loreak jarri genituenean ‘zein lore politak’ esan zuen jendeak, baina handik hiru egunera loreak zapalduta zeuden, eta txakur kakez beteta. Askotan ikusten ditugu loreak puskatuta, lapurtu ere egiten ditu jendeak, eta hori oso tristea da”, dio Ramonek. “Ugareko biribilgunea oso txikia da; hainbeste kostatzen al zaio jendeari erditik pasa beharrean alboetatik joatea?”.
Txakurren kakekin arazo handi samarra dutela nabarmendu du. “Jendea ez da konturatzen txakur kakak uzten dituzten zenbait tokitan gero guk eskuekin aritu behar dugula lanean, edo pitarekin, eta azken horrekin lanean hasten zarenean erabat zipriztinduta geratzen zara; zikina da esatea, baina halaxe da. Belarra mozteko makina pasa dezakegun tokietan berdin-berdin zait kakarik badagoen edo ez, baina sasi-garbitzeko makinarekin edo eskuekin aritu behar dugunetan…” azaldu du Ramonek.
Gorka bat dator Ramonek dioenarekin. “Jendea ez da horretaz ohartzen. Lagun batek zera esan zidan behin, ‘hoa Iruñera eta ikus ezak nola dauden hango lorategiak. Sandaliak eskuan hartu eta hondartzan bezala paseoan ibil haiteke oinutsik, edo lurrean etzan eta irakurtzen egon haiteke lasai asko, ez zagok inolako zikinik hango lorategietan’. Hori zergatik? Bere garaian egundoko isunak jarri zirelako. Hori ere muturreko egoera dela uste dut, baina herritarrek gehiago errespetatu beharko lituzke lorategiak. Orain arte Joxe Arregi plazakoa nahiko garbi mantendu izan da, baina gaur goizean txakur kaka mordo bat aurkitu dugu bertan eta, gainera, guztiek txakur berberarenak ziruditen. Baten batek zakurren bat ekarri berria izango du, eta hantxe, kaka guztiak. Gero jendeak lorategi politak nahiko ditu baina…”.

Jendearekin oso gertuko harremana
Lorezain lana gustuko dutela aitortu dute Gorkak eta Ramonek. “Gauza ezberdin asko egiten da: loreak landatu, hesiak txukundu, belarra moztu, kimatze lanak… Egunero belarra mozten ariko bagina aspergarria litzateke, baina egitekoak aldatuz gero, lan polita da”.
Ofizio guztiek dituzte, ordea, alde on eta txarrak, eta lorezainen kasuan bizkarreko arazoak aipatu behar dira, askotan dezenteko karga duten tresnak gainean hartuta aritzen baitira lanean. “Ni orain bidegorrian ari naiz haize-makinarekin eta honen karga nabaritu egiten da azkenerako. Sorbaldetatik dezente sufritzen da”, dio Ramonek. Ohikoak izaten dira bizkarreko lesioak lan honetan dabiltzanen artean: Gorkak lunbalgia bat izan omen du, Ramonek, oraingoz, ezer ez. “Dena den, gorputza ohitu egiten da, eta hasieran oso nekagarri suertatzen zena arinago bihurtzen da denborarekin”, aipatu du Gorkak.
Eguraldiak ere egin lezake lan hau atseginago edo zakarrago. “Zenbaitetan euripean aritu behar izaten da, edo bazkalostean udako eguzkiaren azpian, baina tokatzen dena hartu beharra dago”, onartu dute. Hala ere, orokorrean, lan atsegina eta eramangarria dela diote, “gainera, jendearekin oso gertuko harremana daukagu, askotan hurbiltzen baitzaizkigu hau edo bestea esatera, eta gustatzen zaigu hori”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!