Asteasu kantuz, atzo eta gaur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 29a, 14:05

Elizmendi auzoko Etxeberritxu etxean jaio zen Gillermo Etxeberria. Egun Donostian bizi bada ere, maiz etortzen da jaioterrira. Berriki, Asteasuko musika eta kantagintza oinarrian dituen liburua idatzi du: ‘Asteasu kantuz’.

Nondik nora sortu zitzaizun liburua osatzeko ideia?
Asteasuko Usarrabi kantu taldea izan da liburuaren abiapuntua, baita elizako organoaren mendeurrena aurten egokitzea ere. Nik ere organoa pixka bat jotzen dut eta garai batean Asteasuko nahiz Zizurkil Goiko elizetako organoak jotzen aritu nintzen bolada batean. Afizio handia daukat musikarekiko eta Donostian bizi arren, asteasuarra izanik, asko etortzen naiz bertara. Musika zaletasunak eta asteasuarra izateak bultzatu naute liburua idaztera.

Musika eta kantuarekin lotuta, egungo eta antzinako gaiak jorratu dituzu liburuan. Zein pauso eman duzu?
Usarrabi kantu taldeko kideekin hitz egin nuen lehenik eta gerora, inguruko artxibategietara jo nuen: Asteasu, Tolosa nahiz seminariokora… Asteasu eta bertako kantutegi nahiz musikarekin lotutako informazioa lortzeaz gain, datu horiek ilustratzeko argazki batzuk neronek egin ditut eta besteak herritarrei eskatu dizkiet.
Magisteritza eskolan urtetan Kantutegiak Euskal Herrian ikasgaia irakatsi dut eta, ondorioz, ondo ezagutzen dut mundu hori. Asteasu kantuz liburua, kantutegi labur baten historia da.

Azalduko al duzu liburuan landu dituzun sailen berri?
Batetik, XIX eta XX. mendeetako kantutegiez nahiz kantu biltzaileez hitz egiten dut liburuaren hasieran. Gero, Asteasuren kasua aztertzen dut: euskarak, dantzak eta musikak herria bizi egiten zutela adieraziz. Bai Asteasun eta baita inguruko gainerako herrietan ere, Gabonetan, Santa Ageda bezperan eta antzeko jai egunetan abesten zen batik bat. Hala ere, Asteasuk baditu bere-bereak dituen sei kantu gutxienez: Horietako bi Resurrección Mª Azkuek jaso zituen eta baita Aita Donostiak ere, Asteasuri lotutako beste bi propio. Bestalde, on Hipolitok Santamarinari egindako kantua edo ereserkia ere bada eta baita nik neuk etxean San Pedro festen inguruan jaso nuena ere. Hain zuzen, San Pedro egunean etxean bazkaltzera biltzen ginenean izebak abesten zuen kantu bat.
Ez da gutxi Asteasu bezalako herri txiki batek dozena erdi kantu propio izatea, herri guztiek ez dute halakorik.

Egun Usarrabi kantu taldeak badu pisurik herrian. Antzina ere herri kantaria izan al da Asteasu?
Liburuan Usarrabi kantu taldeak eta haien arduradun Marga Jimenezek egiten duten lana goraipatu nahi izan dut, izan ere meritu handiko lana egiten baitute. Gainera, beste herrietako kantu taldeekin euren zeregina lotzen ere jakin dute: Alkiza, Zizurkil, Aduna nahiz Donostiakoekin, besteak beste. Oso dinamika polita dute.
Iraganean ere herri kantaria izan da Asteasu, baina jai egunen inguruan abesten zen batik bat. Liburuan bi zatitan banatu dut asteasuarren kantutegia. Ez dok hamahiru mugimendua sortu aurretiko garaia eta ondorengoa. Antzina, eliz kantak nahiz kalekoak abesten ziren bereziki. Kaleko kantuen artean, dantzakoak, gorazarreak, sehaska kantak, maitasunezkoak, jostariak, edanari buruzkoak, politiko sozialak, ofizioei lotutakoak…

Mendeurrena bete berri duen organoari ere egin diozu aipamenik liburuan…
Asteasu bezalako herri txiki batek halako organoa izatea aipamena merezi duen kontua da. 1911 urtean ekarri zuten San Pedro elizara Henry Didier etxe frantseseko organo erromantikoa. Organo honen aurretik, Asteasuk organoa izan du XVIII. eta XIX. mendeetan ere. Suitzatik organoak konpontzera etortzen ziren langileek utzitako ordainagirien bidez egiazta daiteke hori.
Organo-joleen artean, azken urteetan organista lanetan aritu den Enrike Segurola da garrantzitsuena. Aurretik, ordea, Juan Arrue, on Hipolito Segurola edota Albino Iraola aritu ziren, beste askoren artean.

Asteasuk izan ditu eta baditu oraindik ere musikariak. Nortzuk ekarri dituzu orri hauetara?

Bi musikari nabarmendu ditut: Asteasuarra ez izanagatik, Asteasun bizitu zen Angel Cabanas batetik, kontserbatorioan musika irakasten zuena eta kontzertu ugari eskaini zituena eta Donostiatik Asteasura bizitzera etorritako Mirari Irurzun bestetik, biolin-jolea, Asteasuko organoaren mendeurreneko ekitaldietan musika talde guztien koordinatzaile eta zuzendari gisa parte hartu duena.

Zein musika-tresna nabarmenduko zenuke historikoki Asteasun?
Musika-adierazpen ezberdinak izan dira Asteasun: Trikitixa, alboka, txistua eta eliz dorreko kanpaia. Guretzat oso berezia izan da eliz dorreko kanpaia, bere durunda nonahitik entzuten baitzen. Trikitixaren munduan Eleuterio Tapia eta bere seme Juan aipatu ditut liburuan. Trikitiak tradizio handia izan du Asteasun tapiatarren ondorenean. Nik dakidala, Eleuterio izan zen lehen trikitilaria Asteasun. Trikitixaren aurretik, txistuak oihartzuna izan zuen herrian. Trikitia 1850 urte inguruan sartu zen Euskal Herrian, ferrokarrilarekin batera. Dagoeneko, XIX. mendean, bazen anaien arteko txistulari koadrila Asteasun. Leire Usandizaga asteasuar txistulariak egungo txistu taldearen inguruko azalpen ugari eman dit.

Liburuaren ondorio gisa, beraz, musikarekin lotutako herria izan da antzinatik Asteasu…
Bai, dudarik gabe. Garai bateko musikariek bi zeregin zituzten: Bata, elizan musika jotzea eta bestea, musika erakustea. Bigarren zeregin hori askok bere etxeetan egiten zuen. Esaterako, Juan Arrue organistak akademia zeukan etxean eta esaten denez, oso gizon zorrotza zen: ikasleak zapatarik gabe sartzen ziren etxean, etxea zikin ez zezaten.
Asteasuk beti erakutsi du musika. Neroni haurtzaroan afizionatu nintzen musikara on Hipolitorekin, besteak beste.
Garai bateko nonahiko organistak soldatapekoak izaten ziren. Organistarena lanpostua zen orduan; prestigioa zuena, gainera. Oposaketak gainditu behar izaten ziren elizako organista izateko. Esaterako, Juan Arruek Asteasuko organo plaza 1888 urtean eskuratu zuen Tolosan oposaketak eginda. Baina soldata osatzeko akademiako lana egin behar izaten zuten garaiko organistek.

Lehenagotik ere ederki ezagutzen duzu liburugintzaren ofizioa. Zer nolako esperientzia izan da jaioterriarekin lotutako lana osatzea?

Oso esperientzia polita izan da. Nire ustez, oso liburu irakurterraza da eta argazkietan herritar ugari agertzen denez, erakargarria ere bada. Asteasuar ugarik hartu du parte liburua osatzerakoan. Marianjeles eta Miren Uzkuden ahizpei eskaini diet liburua. Zendu berria da Marianjeles, baina guretzat Asteasuko memoria historikoa izan da, nabarmen.

Liburua herritarren eskura
‘Asteasu kantuz’ izenburupeko ehun liburu pasatxo kaleratu dituzte. Gillermok adierazi duenez oso harrera beroa izan dute orain artean, dagoeneko berrogei liburutik gora saldu baitira. Interesa duenak, oraindik ere badu liburua eskuratzeko aukera: Usarrabi kantu taldeko kideekin harremanetan jarri eta 10 euroren truke eros daiteke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!