Mikel Zalakaini omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 27a, 11:35

Ekainaren 25ean Villabonako Mikel Zalakain iheslari politikoari omenaldia egin zitzaion, bere heriotzaren lehen urteurrenean. Ondoko idatzia igorri du Villabonako amnistiaren aldeko mugimenduak:

"2010eko ekainaren 23an gure buru eta gogoak, Korsikara begira zeuden, gure herrikide, lagun Mikel gaixorik zela bagenekien, oso gaixorik zela ere bai, azken arnasak hartzen ari zela jakin genuen eta bere bihotza handia bezain zabala betirako itzali zenaren berria jaso genuen. Gora Euskal Herria askatuta ni banoa izan ziren bere azken hitzak. Eta gure artetik joan egin zen.

Beste behin ere, Villabonako herriak kolpe gogorra jasan zuen. Urtebeteren bueltan Villabonako ezker abertzaleak, oso ibilbide desberdinak izanik ere helburu bakarrak, independentzia eta sozialismoaren helburuak batzen zituen 3 herrikide eta militantzia lagun galdu zituen: Remi, Josune eta Mikel.

Urtebete pasa da eta gaurkoan eta hemen bildu gara, Mikeli gure omenaldia eskaintzeko.

Korsikako herriari aipamena egitea ezinbestekoa da gaurkoan, gertutik konprobatu ahal izan genuen urte luzez babestu zuen militante politikoa, bere azken egunetan ohore guztiz agurtua izan zela. Gertutik ikusi ahal izan genuen Mikel eta bere senideek jaso zuten babesa eta hori eskertzeko seguruenik hitzak ez dira inoiz nahikoa izango. Gure moduan, independentziaren alde borrokatzen duen herria da Korsikakoa, Mikelek han hartu zuen aterpe eta guretzako gaur, hemen ikurrinaren ondoan jarri dugun bandera hau, oso berezia da, Mikel gogorarazten digu eta elkartasuna -herrien arteko elkartasuna - , borroka berdinak batzen dituen bi herri bat eginda, sinbolizatzen du. Mikelek Euskal Herria maite zuen, baina tortura eta errepresiotik ihesi Korsikan eraiki zuen bere bizitza. Mikelek Euskal Herrian libre bizitzeko hautua egina zuen baina errepresioaren itsuak Korsikara eraman zuen. Eta Korsikan betirako geratu da Mikelen zati bat. Hango lagunak, gaur, urruti bada ere gurekin daude, iaz lagun asko zirela konprobatu izan genuen, urte luzeetan Mikel babestu duten korsiarrak, haientzat denentzat gure agurra eta maitasun guztia. Eta esker ona nola ez.

Mikelen ibilbide militantea aipatzea ezinbestekoa da. 1987. urtean ihes egin zuen Euskal Herritik bere emazte Milarekin batera. Espetxea lehenik (1988 an atxilotua bere emazte Milarekin batera, 1992 aske geratu zen), aske utzi bai baina konfinamendua ondoren eta klandestinitatea gero. Herri honen askatasunaren aldeko bere hautuarekin fidel, bi estatuen errepresioa eta jazarpena helburu bakar duen estrategia zapaltzailearen aurrean. Mikelek ez ezik bere senide guztiak ere bi estatuen errepresioaren jomuga izan dira. Ezin ahaztu Migel, aita, Martuteneko espetxean eraila. Behar bezalako mediku asistentzia ez ziotelako eskaini. Espetxeak gizakiak hiltzeko fabrikak zirela esan zuen Mikelek bere aitaren heriotza zela eta eskaini zitzaion nazio omenaldirako igorri zuen idatzian. Gogoan ditugu bere senideak ama Pilar eta anaiak atxilotu eta espetxeratu zituzten uneak. 25 luze hauetako ibilbidean lagun eta burkide asko ezagutu ditu Mikelek. Haietako asko bereziak dira.

Villabonako herriak ere, elkartasunaren kontzeptuaz badaki zerbait, eta gaurkoan ezinbestekoa zaigu, publikoki egin nahi genuelako, Mikel gaixotu zenean isilpean martxan jarri genuen diru bilketan bere gaixotasunari aurre egiteko  (kantzerrari aurre egiteko tratamendua pagatzeko) ekarpena egin zenuten herritar guztiei bihotzez gure eskerrona agertzea, asko zarete eta denen izenak esateak luze joko luke, baina izugarria izan zen. Elkartasuna balore preziatua dela demostratu genuen. Korsikako herriak ere hala ikusi zuen. Villabonako amnistiaren aldeko mugimenduak banan bana eskertu nahi zaituztete. Baita hura posible izan zedin antolakuntzan lagundu ziguten lagun guztiei ere. Bihotzez mila esker.

Joseba Sarrionandiak iheslarien kolektiboaren izenean argitara emandako mezua, Mikelen ibilbidea jasotzen duen bideoa, Mikel lagun min, espetxean ordu asko emana eta egun konfinatua den Filipe Bidartek ere Villabonako herriarengana zuzendu zen Biterritik, Mikelen senideei eskaintza eta beste abar luze batek osatu zuten Villabonako militante politikoari bere heriotzaren lehen urteurrenean eskainitako omenaldia.

Villabonako Amnistiaren aldeko mugimenduak bere eskerrona agertu nahi die aipatu omenaldia posible egin duten guztiei".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!