Iaz, Jon Iraola Trekuk Urki dantza taldeko gaztetxoen gurasoei galdera egin zien, "Dantza egiteko prest al zaudete? Proba egin ezazue, neu izango nauzue irakasle. Eta gogoko baduzue ikasturte osoa egingo dugu horrela". Aurreko ikasturte osoa bikain igaro eta aurten ere bide beretik doaz. Haurrak dantzari, eta gurasoak ere bai. Berrogei guraso inguru aritu da ikasturte honetan Jon Iraola Andoaingo gaztearen esanetara.
Haietako asko eta asko ekainaren 25eko bertso-dantza saioan arituko da, kalez kale eta tabernaz taberna.
Aukera berria izango da guraso-dantzarientzat, aurrez jendaurrean Eguberrietako gaztain jatean edota Basteroko Urki dantza taldekoen saioan aritutakoak baitira.
Bertsoari eta dantzari, ordea, ezinbesteko osagaia falta zaio: musika. San Juan jaietako saio berezira Iruñeako Duguna dantza taldearen fanfarrea bertaratuko da. Dantza musikak eskainiko dituzte, hala nola, jauziak, mutil-dantza, baltsa...
Kalejira-erromeria ibiltarian muxikoak, ainhoarrak, fandango eta arin-arina eskainiko dira. Kalejiran, gainera, dantza egiteko gonbidea luzatuko zaie inguruko guztiei. Urkiko kideek parte hartuko dute, baina hala nahi duen orok ere lasai asko parte har dezake.
Emakumeen parte hartzean beste pauso bat emango da
Andoaingo jaiak herrikoiak eta parte hartzaileak bilakatzeko garaian, herriko eragileak lan eta lan ari dira azken urteotan. Aurten, gainera, emakumeen parte hartzean beste pauso bat emango da. Agintarien Dantza-Sokan lehen neska irtengo da plazara, Oihane Irazoki. Jon Iraolak horrela azaldu du erabakia: "Orain arte gizonezkoek bakarrik egin dute, baina Udal korporazioan emakumeak ere badaude, beraz, zergatik ez neskak ere dantzari aritu? Gipuzkoako dantzatan mutilak ikusi dira bakarrik orain arte. Baina pentsa ezazu lehen parrandan bakarrik gizonezkoak irteten zirela, eta Udal korporazioetan ere gizonezkoak soilik izaten zirela. Dantza, alde horretatik, beti atzetik dabil. Garaiak aldatzearekin batera, joerak ere aldatu egin dira. Beraz, dantzarako joerak ere aldatu behar dira”.