Sanjuanak 2011: Jose Luis Etxeberria txistulariaren agurra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 23a, 12:22

Txistulari beteranoak aurten azkenengo aldiz joko du txistua Axeri-Dantzan. Inaxio Aizpurua eta Jose Antonio Zalakain txistulariek 1977an lekukoa eman ziotenetik, ez du hutsik egin.

Maiatzean 75 urte bete berri ditu. Jada 2008ko ekainean Aiurri aldizkarian noiz izango zen bere erretiroa iragarri zuen, ironia fina erabiliz horretarako: “75 urterekin jubilatzen omen dira obispoak…”.

Bihotzetik ahulduta zebilela eta Goikoplazarako aldapan gora txistua jotzea kosta egiten zitzaiola aitortu zuen orduan. Egunotan adierazi duenez, gogoak txistuarekin jarraitzea eskatzen dio, baina aipatutako osasun arazoaz gain familiako kideak zaindu behar izaten ditu etxean, eta ez du entseatzeko edo plazan jotzeko denborarik topatzen.
San Juan bezperako agintarien Soka-Dantzan ezin izango du azken aldiz jo, ordutegia dela eta. Bai, ordea, gaueko kalez kaleko ohiko saioan. Andoaingo kaleetan zehar txistua jo ahal izango du bere azken urtean, beraz.

ETORKIZUNA ziurtatuta
Andoaingo Axeri-Dantzaren etorkizuna ziurtatuta ikusten du Etxeberriak, txistularien sailari dagokionez: “Jose Mari Setien eta Xabier Jauregi gazteak aurrerantzean jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Zaharrok baino hobeak dira txistu jotzaile bezala, eta Axeri-Dantza irabazten aterako da horiekin”.
Gogoan izan behar da tradizio handiko Andoaingo txistularien banda honakoek osatzen dutela egun: Jesus Mari Otamendi, Ibai Iradi, Xabier Jauregi, Jose Mari Setien, Fernando Gonzalez, Josune Orbegozo, Lourdes Pagola, Nerea Arregi, Felix Martinez de Lezea, Jesus Mari Otamendi eta Gotzon Huizik. Javier Hernandez da bandaren zuzendaria.
Hain zuzen ere, Etxeberriaren azken agurra dela eta, hainbat txistulari biltzeko asmoa dute Axeri-Dantzarekin batera. Berezia izango da, horrenbestez, aurtengo herri dantza hori. Gogoan izan behar da iaz txistulariek Axeri-Dantzako partaideen omenaldia jaso zutela urte luzez dantza saioan parte hartu izanagatik.
Adunako Axeri-Dantzan ere ohiko txistularia izan da Etxeberria aspaldiko urteetan. Bere tokia hartuko duenik badela adierazi du: “Adunatik hots egiten badidate ez dakit azaldu ahal izango dudan; baina hala eta guztiz, bertako mutil bat badabil txistuarekin, poliki jotzen du eta berak hartu beharko du lelukoa”.
Bestalde, aipatu behar da Alberto Agirre abesbatza ere utzita daukala Etxeberriak. Bera izan zen abesbatzaren sortzaileetako bat 1979an, Jose Goikoetxea eta Pio Huizirekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!