Andoaingo alkate Ana Carrerek hartutako erabakia bizikidetza politikoaren bidean udaletxearen barruan ere normalizaziorantz egin beharreko urratsa izan da. Kontestu oso berezian hartutako neurria izan da, Herrizaingo Sailak berak zinegotzi ohiei zaintza kendu dienean, kazetari eta epaile askori zaintza kendu zaienean eta Espainiako Barne Ministerioak ere publikoki esan duenean arrisku txikiagoa dagoenez, gaur egungo hautetsiei zaintza murriztu egingo diela.
Andoaindarrok, abertzaleak eta ez abertzaleak, asko sufritu dugu azken urteotan. Malko asko isurtzeraino. Andoainen, eta Euskal Herri osoan, ez dago inor soberan. Denon artean, elkarrekin, herri txiki baina indartsu hau aurrera atera behar dugu. Soberan dagoen bakarra Andoaingo errealitatea desitxuratzeko saioa egin duten hainbat komunikabidek azaltzen duten herra da.
Polemika antzu horietan itotzeko ez dugu ez gogorik ez betarik. Andoaindarrekin batera Andoain hobeagoa bat egitera goaz, bizikidetzan eredugarri izan arte. Lan handiegia dugu polemika artizial horiei kasu egiteko.
Erronka handiak ditugu datozen lau urteotan eta Andoaingo Bilduk argi eta garbi esaten du guztion eskubide zibil eta politikoak onartuak izan daitezen lan egingo duela. Horregatik Andoainen bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintzarik gabe desagertzeko lan egingo dugula, baita mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak ere.
Eta San Juanak hastera doazenez, andoaindar guztiei eta bertara etorriko diren aldameneko herritar guztiei dei egiten diegu festa alai eta baketsuak izan ditzagun".
Andoainen, 2011ko ekainaren 22an