Jon Eskudero: kirola, festa eta umore ona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 17a, 20:08

Jon Eskudero Andoaingo gazteak pilotan, kantuan, bertsotan, dantzan nahiz parrandan hartuko du parte, besteak beste, Sanjuanetan. Erantzun biziak eskaini ditu elkarrizketan zehar.

Badatoz Sanjuanak. Pilota partida ikusgarrian protagonista izango zara, gogotsu?
Jon Eskudero.
Urte amaieran Andoaingo klubeko hiru pilotarik jokatu genuen eta gure plater fuertea Mikel Goñi izan zen. Orain nik bakarrik hartuko dut klubetik parte eta konpromiso handiagoa iruditzen zait. Gainera, hiru profesional ohi izango dira tartean eta profesionaletako txarrena ere oso pilotari ona izaten da. Beraz, askoz ere partida zailagoa izango da niretzat eta beldurrez nago, urduri. Akaso aldageletan aurrez hitz egin beharko da, pixka bat uzteko eskatuz… Ez, ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara. Ni Kokarekin arituko naiz; bera berez aurrelaria da, baina atzetik jokatuko du. Agirre eta Eulate izango ditugu aurkari. Halako partidetan beti emozioa bilatzen da ezeren gainetik. Beraz, partida txarra ateratzen bada ere emozioa izan dezala. Goñirekin jokatu genuen hartan ere izan zen emoziorik: 22-21 bukatu baikenuen. Ikusleak berriz ere frontoira etortzea lortu nahi dugu eta emozioaz gain, partida ere ona izan dadin prestatuko gara.

Kantxan hazi egiten zara. Presioak, jendetzak, kikildu beharrean animatu egiten zaitu. Nola azaldu daiteke hori?
J.E.
Lehen ere ez naiz altua eta hazi egiten naiz kantxan, bai. Hasierako urduritasunak, ordea, beti hor egoten dira eta nahiz eta esperientzia handia eduki, urduritasunak ez du alde egiten. Gorputzak nola erantzungo duen beldurra badut. Parrandan ere hala izaten da: Askotan gogoa izaten da parrandarako, baina lehenengo tragoa ondo sartzen ez bada…, komeriak izaten dira. Ondo sartzen bada, berriz, juerga ederra etortzen da. Halako zerbait gertatzen zait pilotan ere: berotzerakoan lehenengo pilotakadak ondo ematen baldin baditut, ondo jokatuko dudala jakiten dut. Gainerakoan… Ez dakit hego-haizea izaten ote den, baina hala izaten da. Jendeak ere motibatu egiten nau eta hazi egiten naiz orduan, ez naiz kikiltzen.
Sanjuanetako partidari begira, beste hiru pilotariek nire ondoan esperientzia handia daukate eta badakit bere maila emango dutela. Beraien pare egotea espero dut.

Aiurrin irakurri genuen “Beloki eta Eskudero jaietako animatzaileak”. Eta hainbat bideotan zuen fama handitu besterik ez da egin… Zer esan beharko zenioke Belokiren amari?
J.E.
Belokiren ama nahiz nirea antzeko egoeran bizi dira. Herrian juergista fama daukagu, baina Belokik eta biok elkarren artean esan ohi dugu parranda gustatzen zaigun arren, barrutik mutil zintzoak garela eta lan egin behar dugunean egiten dugula. Biok unibertsitateko karrera bukatzen ari gara eta zintzo ibiltzen gara: ez diogu parrandan inori kalterik egiten. Gure amei lasai egoteko esango nieke: alubitak garela, baina gaiztoak ez. Guri ere etorriko zaigu zahartzaroa eta orain aprobetxatu beharra daukagu.

Nondik datorkizu rantxerak eta aspaldiko kantuak abesteko joera?
J.E.
Aitarengandik batez ere. Familia bazkarietan bereziki, –baina egun arruntetan ere bai–, askotan abesten dugu etxean. Betidanik egin izan dugu hori. Txikia nintzela, radiokasettean jartzen zituen aitak rantxerak. Askotan esan didate: “hi motel, orain dela hiru hamarkada jaio behar hintzen”. Akaso arrazoi pixka bat izango dute, niri egungo musika mota ez baitzait bereziki gustatzen. Nire kotxeko maleteroan sei CD kabitzen dira eta seitatik bost rantxeren CDak dira. Seigarrena, berriz, Joselu Anaiak taldearena. Hor ikusten da kantatzea gustatzen zaidala. Asko erakartzen nau halako musikak, oilo-ipurdia jartzen dit. Konturatzen naiz jendeak agian ez duela rantxerarik entzuten, baina kantatzen hasten zarenean gogoko dituela agerikoa izaten da.

Nire ametsa Mexikora joatea litzateke. Buruan sartuta daukat hori. Bertan izan den jendearekin hitz egin izan dut eta rantxera musika soilik jartzen duten diskotekak daudela esan izan didate. Damu horrekin ezingo naiz bizi eta orain, joateko aukera esku-eskura dago, hegazkinei izugarrizko beldurra diedan arren.

Sanjuanetan lan egitea egokituko al zaizu?
J.E.
Andoainen ez ezik, Ingo al deu taldeak ekainaren 23an Aulestin joko dugu, 24an Seguran eta 25ean Andoainen. Beraz, Sanjuanetako egun horietan kanpoan nahiz herrian lan egitea tokatuko zaigu. Ekainaren 25ean, Andoainen, Ingo al deu taldearen saioaren aurretik, bertso-dantza-poteoa antolatu dute eta bertsotan ibiliko gara Beloki eta biok. Beraz, eztarria ondo zaindu beharko dugu hiru egun horietan zehar. Horrez gain, pilota partida ere lan bezala hartu beharko dugu. Era berean, azken lau urteetan ezin izan badut ere, aurten Axeri-Dantzan ere hartuko dut parte.

Bestalde, Berria egunkarian kazetari lanetan aritu beharko dut larunbat arratsaldean eta astelehenetan Info Zazpi irratian pilotaz hitz egiten dudanez, adi egon beharko dut asteburuan pilota partidetan gertatzen denaren inguruan.

Zein da zuretzat jaietako egunik gogokoena?
J.E.
Axeri-Dantzaren eguna, dudarik gabe. Goizeko 09:00etan elkartu, poteoa, hamaiketakoa, dantza saioa, bazkaria…, egun guztiko juerga izaten da. Oso egun polita. Aurten ezingo dut nahi adina disfrutatu, gauean partida jokatuko dudalako, baina bazkarira bitarte hantxe izango naiz.

Eta egitaraua hartuta, zein hitzordutan ikusiko zaitugu ikusle gisa?
J.E.
Dudarik gabe, bertso saioan. Asko gustatzen zait bertsolaritza eta aurten datozen bertsolariak erakargarriak dira gainera. Orain arte ikusle izan naiz pilota partida profesionaletan, beti joan izan naiz. Aurten niri tokatuko zait haien lekua betetzea. Bestela, kontzertuan ere hantxe izango naiz.

Alkate berria zugana aholku eske etorriko balitz, Andoaingo zein behar gorri aipatuko zenioke?
J.E.
Pilotalekuaren beharra ikusten dudan arren, badakit hori lortzea oso zaila dela. Gainontzean, euskararen erabilera jaisten ari dela aipatuko nioke. Plazatik pasatzean beldurtuta geratzen naiz ume guztiak gaztelaniaz hizketan sumatzen ditudanean. Frontoia egitea baino are zailagoa da egoera horri buelta ematea. Etxetik datorren kontua da eta alkateak ezer gutxi egin dezake egoera hori konpontzeko. Hala ere, berak egin dezakeen heinean, bertsolaritza sustatuz nahiz kultur ekintzak antolatuz, euskara sustatu eta bultzatzeko eskatuko nioke. Gure belaunaldia hortxe geratzen ari da eta atzetik jarraipenik ez datorrela ikusten dut. Euskara da bai Andoain, Euskal Herri nahiz mundu mailan gehien arduratzen nauen gaia. Horregatik ari naiz lizentziatura bukatzeko proiektuan euskarak nolako etorkizuna izango duen aztertzen.

Futbolaria izango bazina, nor izango zinateke?
J.E.
Ontzerri taldearekin entrenatzen hastekoa naiz irailean. Gero ikusi egin beharko da jokatuko dudan edo ez. Oso gustuko dut futbola eta asko jarraitzen dut. Jokalaririk konpletoena Athletic-eko Javi Martinez iruditzen zait.

Eta pilotaria?
J.E.
Oinatz Bengoetxea. Aimar zalea naiz, elkarren arteko partidan Aimarren alde nengoen, baina askoz identifikatuagoa sentitzen naiz Oinatzekin, bera ere txikia delako eta beste teknika batzuk bilatu behar izaten ditugulako partidak aurrera eramateko. Gainera, pilotari ona eta pertsona hobea iruditzen zait. Hitz batean, artista edo idoloa.

Kantaria edo musika taldea?
J.E.
Los Zopilotes Txirriaos. Izugarrizko jai-giroa sortzen dute rantxerak abestuz. Oso musika dantzagarria.

Gozo-gozo… Nori abestuko zenioke gozo-gozo?
J.E.
Maite nauen pertsona horri.

Eta ingo al deu… Nori esango zenioke eta zertarako?
J.E. Testuinguruaren arabera… Adibidez, Andoaingo alkateari ‘ingo al deu euskararen aldeko zerbait?’ esango nioke gozo-gozo. Parranda batean, noski, ‘ingo al deu?’ esango nioke neska bati eta berak uler dezala, nahi badu gozo-gozo edo nahi badu gazi-gazi. Gozo-gozo taldeari, berriz, ‘ingo al deu gozo-gozo elkarlana?’ esango nioke.

Eguna edo gaua?
J.E.
Eguna.

Dantzazalea al zara?
J.E.
Oso dantzazalea naiz. Telebistan ere atera izan naiz Sanjuanetan fandango eta arin-arina dantzatzen suaren ondoan. Hiru bikotek erromeri moduko bat prestatu genuen orduko hartan. Bestela, parrandan ere dantzan ibiltzea gustatzen zait.

Festetan jateko?
J.E.
Arkumea.

Eta edateko?
J.E.
Limoizko sorbetea.

Parrandarako konpainiarik onena?
J.E.
Jon Beloki eta enparauak.

Ajerik izaten al duzu? Festa ondorenerako erremediorik?
J.E.
Izaten du batzuetan, bai. Orain gutxiago hala ere: ez parranda gutxiago egiten dugulako, ohituta gaudelako baizik. Ajearen aurrean ez dago ur erdi-hotzarekin dutxa eder bat bezalakorik. Eta noski, loa ere beharrezkoa izaten da.

Herritarrei mezuren bat?
J.E. Kalera ateratzeko esango nieke; festak kalean egiten direla eta ohitura hori galtzen ari garela. Ekintzarik garrantzitsuena jendartekoa izaten da eta ez udaletxeak antolatzen duena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!