Agintaldi berriari lotuta…
2011-2015 legealdirako Asteasuko alkate izendatu berritan, zein egoeratan aurkitzen zara ardura berriaren aurrean?
Pili Legarra. Egia esan, gogo eta ilusio handiarekin aurkitzen naiz. Talde ona dut ondoan eta horrek indarra ematen du.
Alkate lanaren hastapenetan, zein eginbeharri eutsiko diozu lehenik?
P.L. Alkate lanetan hasi eta berehala, herriko jaiak ditugu aurre-aurrean. Aurreko korporazioak egitaraua ia-ia osatuta utzi du, baina orain, egun horietako antolaketa egokia bermatzea guri tokatzen zaigu. Sanpedroak bukatu eta jarraian izango dira Santamarinako festak ere eta langintza berean arituko gara Goibailaran ere. Behin Sanpedroak bukatu ondoren, Udaleko zinegotzien formakuntzarekin hasiko gara. Oso beharrezkoa ikusten dut lau urtetan bertan aritu behar dutenek minimo batzuk ezagutzea. Nik 25 urte daramatzat Udalean lanean eta niretzat Udala ez da berria, baina sartu berri bati dena arrotza egiten zaio eta lanean lasaitasunez eta ziurtasunarekin hasteko formakuntza hori ezinbestekoa iruditzen zait.
Partaidetza eta integrazioari bide eginez, herriarentzat baino herritarrekin lan egiteko nahia erakutsi duzue ‘Asteasu Batuz’ taldeko kideok kanpainan zehar. Herritarren eta Udalaren arteko harreman hori nola bideratzeko asmoa duzue?
P.L. Udal batzordeen osaketarekin lanean hasiko gara orain. Batzorde horien bidez bermatuko dugu partaidetza, egitura baten bidez. Baditugu hainbat ideia horretarako: partaidetzak ez du hitz hutsa izan behar, egitura konkretu batzuk izan behar ditu herritarrak Udalera hurbiltzeko. Era berean, beste partaidetza mota bat tresna informatiko, web orria edota sare sozialen bidez ere berma daiteke. Denek ez dute denbora librerik batzordeetan aurrez aurre egoteko, baina bai bide horien bidez beren ekarpenak egiteko. Bestalde, herriko diagnosiarekin hasiko gara lehenbailehen eta hori gauzatzeko elkarrizketetan parte hartzea ere partaidetza mota bat da. Herritarrek beren iritziak emateko aukera izango dute eta gaiaren garrantziaren arabera beste partaidetza mekanismo batzuk ere abian jarriko ditugu: NIP-ak adibidez.
Gehiengo nagusia izango duzue ‘Asteasu Batuz’ taldeko ordezkariek hurrengo legealdian. Zuekin batera, ‘Bai Asteasuri’ taldeak eta EAJ-PNVk ere izango du ordezkaritzarik Udal gobernuan. Aniztasunarekin pozik agertu zara, zure ustez ez baitira onak oposiziorik gabeko Udalak…
P.L. Aniztasuna beti ona da gauza guztietarako, hori da nire esperientzia behintzat. Udal bat talde bakar batek aurrera eramaten duenean iparra galtzeko arriskua du, zeren ez baitu parean beste iritziren bat emango duen talderik eta horrek inpunitatearen arrisku larria sortzen du; pentsatutako guztia aurrera eramateko oztoporik izaten ez delako. Aurrerantzean oso garrantzitsuak izango dira pertsonak eta bakoitzaren independentzia iritziak emateko. Nire ustez ikuspegi ezberdinak beti dira aberatsak; errespetuan oinarritzen badira, noski.
San Pedro festei lotuta…
Nola bizitzen dituzu herriko jaiak? Ardura berriaren aurrean, nola bizituko dituzu aurtengoak?
P.L. Herriko festak gustukoak izaten dira beti, nahiz urteak aurrera joan eta era ezberdinean bizitu. Orain, ardura berriarekin beste ikuspuntu bat izango dut eta jaiak ondo antolatuak eta baketsuak izatea nahi dut. Aurtengo jaiak, dudarik gabe, bereziak izango dira niretzat; aurreneko aldiz alkate gisa ospatuko ditudalako.
Jaietako zein ekintzatara ez duzu hutsik egiten?
P.L. Jai bezperako Sorginaren jaitsierara beti joaten naiz. Herritar guztiak datorrenaren ilusioarekin ikusten dira eta polita da. Bestalde, egun horretan eta San Pedro egunean, elizako kanpai handiak eragiten dira eta soinu hori barru-barrutik bizitzen dut, nire txikitako oroimenera eramaten bainau zuzen-zuzenean. Etxeko leihoak irekitzen ditut beti doinu hori entzuteko. Aurreko egun batean horretaz hitz egiten nuen lagun batekin eta zera esan zidan: sentimendu hori kanpotarrek bizitzea lortzen denean, integrazioa bermatuta egongo da. Oso ideia polita iruditu zitzaidan.
Zein berezitasun dute zure ustez Asteasuko San Pedro jaiek?
P.L. Beste herrietako jaiekin alderatuta ez dut uste berezitasun handirik dutenik; gaur egun herri guztietan antzekoak dira festak eta berezitasun hori lortzean dago erronka. Esaterako, Asteasun, besteak beste, familiak biltzeko ohiturari eusten zaio oraindik. Herritik kanpo bizi diren asteasurrak Asteasura etortzen dira San Pedro egunean nahiz igandean. Urtean zehar ikusten ez den herritar askorekin biltzeko aukera izaten da Sanpedrotan.
Jaien bezperatan, zer esango zenieke herritarrei?
P.L. Jaiak lasaitasunez eta gogoz ospatzeko. Urtean behin izaten dira eta ilusioarekin bizi behar ditugu, ondorengoei hori luzatzeko. Herriko jaiei maitasun berezia erakustea oso garrantzitsua iruditzen zait, gazteek bertan parte hartzea beharrezkoa eta garrantzitsua da. Gauza horietan landu behar dugu herriarekiko maitasuna. Pentsamendu hau gauzatzea nahiko nuke: “herriko jaiak, herriarenak dira eta niri inporta zaizkit”.