Ez da kopuru handia jokoan jarri dutena, jakina, baina ohorea eta zerbait gehiago dago lehian. Gainera, apustuak ederki harrotu ditu bazterrak. Ikusi besterik ez dago Lanbroa tabernan zenbatek egin duten apustu, 2 euroren truk. Nork irabaziko duen eta sakez zenbat tanto egingo dituen, bi datu horiek dira asmatu beharrekoak. Gehiago dira Etxebesterengan konfiantza jarri dutenak; hirutik biko proportzioan, alegia.
Luis Mari de Migel izango da epaile ofiziala, eta partida guztian zehar Ekain Ormazabal aurkezlearen azalpenak entzun ahal izango dira.
Irabazlea nor den, larunbat honetan Arrate pilotalekuan, argituko da. Giro ona, behinik behin, ziurtatua izango da.
JAIA
Ontzerri futbol taldeak jai handia ospatuko du larunbat honetan, denboraldi amaiera gisa. Hainbat ekitaldi antolatu ditu, besteak beste bazkari herrikoia eta egundoko ikuskizuna eragin duen apustua.
KALEJIRA ETA BAZKARIA
11:30etan kalejira irtengo da kalez kale. 13:30etan, bertaratuak bazkarira joango dira Arrate pilotalekuko azpialdera; 150 bat lagun bilduko dira bertan. Ondoren, Iñaki Muruak lehendakariaren hitzalditxoa egingo du, eta hainbat sari banatuko dira. Tartean, Jon Beloki eta Jon Eskudero bertsotan jardungo dira. Segidan, Ingo Aldeu musika taldea bazkarian diren guztiak dantzan jartzen saiatuko da.