Valentin Astiasaran gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 16a, 15:50

Valentin Astiasaran Aiestaran, ekainaren 6an hil zen, zortzi urtez luzatu den gaixotasun baten ondorioz, 87 urte zituela.

Asteasuko Beheko Bailarako Petesagasti baserrian jaio zen 1923ko uztailaren 4an. Oso gazte zenetik, eskusoinua izan zuen bere afizioa, eta bere kabuz (belarriz) ikasi zuen jotzen. Gero, batera eta bestera ibili zen erromeriak girotzen, eta langintza horretan zebilela ezagutu zuen, Larraulgo erromeria egun batean, Mari Karmen Eskisabel, emaztea.
1947. urtean ezkondu eta Adunan jarri ziren bizitzen. Baina, 1964. urtean Urnietako Lategi auzoko Igerategi (Iyatei) baserrira etorri ziren, eta geroztik Urnieta izan zuen bizileku.

Mekanikari errektifikadore moduan egin zuen lan, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo enpresa ezberdinetan.

Hainbat istripu izandakoa zen Valentin, behin, moto istripu batean, hiltzat ere eman zuten, baina katuak bezala zazpi bizitza zituen Valentinek, eta beti aurrera egiten jakin zuen. Moto istripu haren ondoren, osatzeko “bajan” denbora luzean egon beharra izan zuen, eta familia nola edo hala aurrera ateratzeko, hain maitea zuen akordeoia ere saldu beharra izan zuen.

Ia 30 urtez bere eskusoinurik gabe egon ondoren, jubilatutakoan familiak oparitu zion berria, eta solfeoa ikasten ere aritu zen. Jubilatuen elkarteko zuzendaritza taldean lanean jardun zen tarte batean, eta oso gustukoa zuen bere autoarekin batera eta bestera lagun artean ibiltzea. Herriko erretorearen “txofer ofizila” ere izan zen osasunak utzi zion bitartean.

Valentinek musikarako zuen zaletasunak familian bizirik darrai. Bere anaia Basilio, panderoa jotzen aritzen da oraindik, bere iloba diren, Luis eta Joxe Mari billabonatarrak (Astiasaran anaiak bezala ezagunak) trikitilari moduan jarraitzen dute, eta Larraitzen bizi den beste iloba batek (Mujika trikitilariak) ere bai.

Valentin oso ezaguna eta maitatua zen Urnietan eta hori argi geratu zen San Migel parrokia jendez gainezka zela, ekainaren 8an egin zitzaion azken agurrean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!