Ana Carrere Zabala Andoaingo alkatearen lehen hizketaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 16a, 15:40

Lehen adierazpena, eta kargu-hartzean xehetasunak jarrian:

ALKATEAREN ADIERAZPENA

"Aldaketa datorrela erakusteko euskaraz hasiko dut nire hizketaldia, zuei denoi eskerrak emateko. Zuek denok posible egin duzuelako Bildu koalizioak aldaketa lor dezan. Benetan zorionak, gaur egun handia da Andoainen abertzale eta soberanista sentitzen garenontzat. Euskal Herrian aro berrian gaude, aldaketaren garaian. Ilusioa eta itxaropena nabari da giroan. Eta zuengan, herritarrongan indar berezia nabari daiteke.

Pozez gainezka eta ardura osoz hartzen dugu zuen mandatua. Eta prest gaude alkatetzak suposatzen duen ardura handiari behar bezala erantzuteko. Zuek andoaindarrok aldaketaren giltza Bildu koalizioaren esku utzi duzue eta gaurtik aurrera zeregin honi helduko diogu aldaketa politikoa, soziala eta instituzionala hitzetatik ekintzetara eramateko.

Andoaindarrok asko sufritu dugu. Lehenbiziko erronka Andoainen eta Euskal Herri osoan egoera demokratikoa lortzea izango da. Eta horri begira lan egingo du udal honek, guztien eskubide zibil eta politikoak onartuak izan daitezen. Horregatik bortxa adierazpen oro behin betiko eta baldintzarik gabe desagertzeko eskatzen dugu. Baita mehatxuak, presioak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak ere.

Gure udalak aurreko bi legegintzaldietan ez bezala, herri honen normalkuntza politikoan lehen mailako eragilea izango da eta gure ekarpena egingo dugu zabaldutako aukera historikoa gauzatzeko helburuarekin.

Bildu koalizioa osatzen dugun proiektua abertzalea, ezkertiarra eta soberanista herritarren esku jarri eta beste herri bat eraikitzea posible dela erakutsi nahi dugu.
Bildu koalizioaren proiektua herritar guztien ongizatea ziurtatzeari begira garatuko dugu eta era berean egungo krisi ekonomikoaren ondorioz kaltetuenen eta behar gehien dutenen mesedetan arituko gara. Guztiontzat egingo dugu lan, guztiokin.
Parte hartze demokratiko eta zabala bultzatu nahi dugu datozen urteetan. Elkarrekin eztabaidatuz, guztion parte hartzearekin eta horretarako bitartekoak jarriz. Herrian txertatutako Udala nahi dugu, eta herritar aktiboak nahi ditugu. Horren aldeko apostu irmoa egingo dugu. Bide hori gazteekin, adinekoekin, kultur eta kirol elkarteekin, herrigintzan eta auzolanean aritzeko prest daudenekin egin nahi dugu. Guztiontzat zabalik izango dira udal honen ateak, eta gure eskuak”. Konpromisoaren eta parte hartze aktiboaren aldeko hitzekin amaitu zuen bere lehen hitzaldia, “mila esker eta zorionak guztioi” adieraztearekin batera. Txalo zaparrada eskaini zioten hara bertaratu herritar gehienek.

 

KARGU-HARTZE EKITALDIA
ANDOAIN 2011.VI.11.

Plenoaren hasiera:11:00.
Zinegotzi kopurua:17.
Adineko mahaia: Udal idazkariarekin batera, Udal hautetsi zaharrena (Estanis Amutxastegi) eta gazteena (Ainara Rodriguez).
Alderdietako zerrenda-buruak: Ana Carrere, Estanis Amutxastegi, Andoni Baltasar eta Asun Guerra.
Alkatetzarako hautagaiak kargu hartze ekitaldian: Ana Carrere, Estanis Amutxastegi eta Andoni Baltasar. Asun Guerrak ez zuen bere hautagaitza aurkeztu.
Bozketa sistema: Idatziz adierazi zuten beren botoa.
Udal hautetsien bozketaren emaitza: 7 Ana Carrere hautagaiaren alde (Ana Carrere, Ainara Rodriguez, Pedro Unanue, Aitziber Ugartemendia, Miren Agirreurreta, Migel Lasa eta Alaitz Ariztimuño), 7 boto Estanis Amutxastegi hautagaiaren alde (Estanis Amutxastegi, Jose Luis Vela, Toñy Landa, Petri Romero, Maider Lainez, Fernando Narciso eta Asun Guerra), 3 boto zuri (Andoni Baltasar, Maria Jose Izagirre eta Eneko Urdangarin).
Oharra: EAJk hautagaitza aurkeztu arren, boto zuriaren alde egin zuen.
Alkate: Ana Carrere Zabala. Gehiengo osoa lortu gabe, maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zelako.
Aginte-makila: Ana Carrerek Estanis Amutxastegi aurreko agintaldiko alkatearen eskutik jaso zuen. Kargu hartze ekitaldian Patxi Irigoras, Carlos Sanz edota Joxean Barandiaran alkate ohiak ere izan ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!