Mikel Pagola Tolosa Urnietako alkatearen lehen hizketaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 16a, 15:38

Lehen adierazpena, eta kargu-hartzean xehetasunak jarrian:

ALKATEAREN ADIERAZPENA
"Lehenik eta behin eskerrak gaurko bozketa honetan nire hautagaitzaren alde bozkatu duzuen Maribel Vaquero, David Rosco, Koldo Aramendi eta Miren Martiarenari; Eusko Alderdi Jeltzaleak datozen lau urteotan udaletxean izango dituen ordezkarioi. Eskerrak ere erronka berri eta zail honetan nirekin batera alderdiaren ordezkari izateari baiezkoa eman zeniotelako.

Errespeto osoa ere gaurkoan zuen hautagaitzari botoa eman diozuen Udal hautetsi berriei ere.

Nola ez, mila esker maiatzaren 22an, Urnietako 960 herritarrek eskaini zeniguten babesagatik ere. Zuei esker lortu du EAJk Urnietan alkatetza berreskuratzea. Horiei guztiei nire izenean eta Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean mila esker.

Eskerrak eman nahi dizkiet azken lau urteetan Urnietako udalbatza osatu duten zinegotzi guztiei herriaren alde egin duten lanagatik.

Etorkizunari dagokionez, aurrera begira zuzentzen dudan lan taldeak gogo biziz ekingo dio legegintzaldiari. Talde gaztea bezain trebatua dugu.

Urte gogorrak izango dira. Krisi ekonomikoak oraindik ere gogor erasotuko digu eta guztion elkarlana beharrezkoa izango da egoera latz horretatik ateratzeko.

Erabaki asko hartu beharreko urteak datozkigu eta bide horretan Udaleko gainontzeko alderdiekin ahalik eta kontsentsu zabalenak lortzen saiatuko gara. Une honetan eskertu egin behar dut aste hauetan beraiekin, bai Bilduko ordezkariekin eta bai alderdi sozialistakoekin izandako harremanetan herriaren alde akordioak lortzeko jarrera irekia azaldu digutelako. Guk ere argi daukagu ez dela inor bazterrean uzteko garaia eta herriak eskertuko digula alderdi politiko desberdinekin ahalegin berezi bat egin genezan, ahalik eta akordiorik zabalenak eta kontsentsuzkoak lor ditzagun.

Gure jardunean lortu behar dugun helburu nagusia, Urnietaren alde jardutea da. Urnietarentzat eta urnietarrentzat onena denaren alde jokatuko dugu. Gardentasun osoz arituko gara.

Udala eta herriaren arteko harremana sendotzen saiatuko gara. Udalean hartutako erabakiak herritarrei jakinarazi behar zaizkie. Herritarren parte hartzea bultzatuko dugu.
Gaurtik aurrera erronka gogor eta motibagarri honi ekiteko indarrarekin eta gogoarekin aurkitzen gara guztiok. Mila esker horretarako aukera eskaini diguzuen guztioi. Saiatuko gara zuek emandako konfiantzari hutsik ez egiten”.

 

KARGU HARTZE EKITALDIA.
URNIETA. 2011.VI.11.

Plenoaren hasiera:12:00.
Zinegotzi kopurua:13.
Adineko mahaia: Udal idazkariarekin batera, Udal hautetsi zaharrena (Xabier Sasiainbarrena) eta gazteena (Xabier Yurramendi).
Alderdietako zerrenda-buruak: Mikel Pagola, Andoni Urbistondo eta Herme Gonzalez.
Alkatetzarako hautagaiak kargu-hartze ekitaldian: Mikel Pagola eta Herme Gonzalez.
Bozketa sistema: Ahoz adierazi zuten beren botoa.
Udal hautetsien bozketaren emaitza: 5 Mikel Pagola hautagaiaren alde (Mikel Pagola, Maribel Vaquero, David Rosco, Koldo Aramendi eta Miren Martiarena), 5 boto zuri (Andoni Urbistondo, Ana Jesús Salsamendi, Xabier Sasiainbarrena, Xabier Yurramendi eta Itziar Martiarena), 3 boto Herme Gonzalez hautagaiaren alde (Herme Gonzalez, Consuelo Frutos eta Jose Guirado).
Alkate: Mikel Pagola Tolosa. Gehiengo osoa lortu gabe, maiatzaren 22ko Udal hauteskundeetan hautagai bozkatuena izan zelako.
Aginte-makila: Mikel Pagolak Mikel Izagirre aurreko agintaldiko alkatearen eskutik jaso zuen. Kargu-hartze ekitaldian Florentino Ugalde alkate ohia ere izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!