Rikardo Arregi sariketan ere Xabier Lete gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 16a, 15:23

Datorren uztailaren 2an izango da XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren sari-banaketa ekitaldi nagusia, “Xabier Lete gogoan” goiburupean. Bestalde, Edizio honetako Ohorezko Aipamena Miren Jone Azurzak eta Ignazio Arregik jasoko dute.

XXIII. RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

Jadanik tradizio bihurtu den moduan, urtero bezala, uztailaren lehen larunbatean jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak, eta bertan egingo da sari-banaketa. Ekitaldia Andoaingo Bastero Kulturgunean izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera. “Xabier Lete gogoan” izango da aurtengo sari-banaketako ekitaldiaren goiburua. Bere ekarpen aberatsa aitortuz gorazarre egingo zaio Leteri. Antton Valverdek parte hartuko du pianoa lagun duela.

OHOREZKO AIPAMENA
Andoaingo Udalaren ekimenez antolatzen da Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Edizio honetako Ohorezko Aipamena Miren Jone Azurzak eta Ignazio Arregik jasoko dute. Zeruko Argia eraberrituaren zuzendari izan zen lehena 1969tik 1975era, eta Ignazio Arregi, berriz, Loiolako Herri Irratian esatari 1965etik aurrera eta, gainera, bera izan zen Eusko Irratiaren lehenengo zuzendaria 1982tik 1985era bitartean.
Rikardo Arregi kazetaritza sariketako epaimahaiak euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei ematen die Ohorezko Aipamena, eta aurten aipatutako biei ematea erabaki du ahobatez, bi horiek izan direlako euskarazko kazetaritza modernoaren zutoinak prentsa idatzian eta irratigintzan.

SARI BANAKETA UZTAILAREN 2AN
2010eko maiatzaren 15etik 2011ko maiatzaren 15era bitarteko kazetaritza-lanak izan ditu kontuan XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Uztailaren 2an eguerdiko ekitaldian emango dira ezagutzera Sari Nagusia, Epaimahaiaren Sari Berezia, Kazetari Berria eta Aipamen Berezia. Sari guztiak, Azurza eta Arregiren Ohorezko Aipamenak barne, ekitaldi hartan emango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!