Arratsaldeko hiruretan hitzordua ipinita zegoen San Juan plazan, eta ordu arraro horretarako jende mordoxka elkartu zen bertan. Gazteak gehienak, baina helduak eta umeak ere baziren tartean. Kolore biziko kamisetak soinean zituztela eta festarako gogo biziz plazan bertan ekin zioten bideokliparen lehen planoen grabaketari.
Handik aurrera eta bi ordu luzez, grabaketak egin ziren San Juan, Idiazabal eta Aldapeta kaleetan. Grabazioak aurrera egin ahala jende gehiago hurbiltzen joan zen eta, ondorioz, giroak ere nabarmen gora egin zuen. Azken grabaketa saioa hasierako toki berean egin zen, San Juan plazan alegia.
Eguraldi sargoriaren ondorioz, eta izerdi dezente bota ondoren, Santa Leokadia ermitaren aurrealdean egindako luntxarekin indarberritu ziren partaide guztiak.
Igandeko lanaren emaitza ikusteko Sanmiel jaietako lehenengo egunera arte itxaron beharko da, orduan erakutsiko baitute lehenengoz jendaurrean. Aurtengo Sanmielak jai parte hartzaileak izaten jarraitzeko pauso garrantzitsua eman zuten igandean. Gogoa badago, jaiak hasteko eta bideoklipa ikusteko.
POXTA ZAHAR, ESKERTZA
“Poxta Zahar elkarteak, eskerrak eman nahi dizkizue ekainaren 12an festetako bideokliparen grabaziora plazara hurbildu zineten guztiei, deialdiari erantzuteagatik eta parte hartze hain entregatua erakusteagatik.
Eskerrak, egun horretan etorri zineten haur, gazte eta helduei, abestiaren letra sortu dutenei, musikariei, abeslariei, bideokliparen grabazioa gidatu dutenei, udaltzainei, udaletxeko teknikariei, Sarobeko langileei (abestiaren grabaketa lanak hainbeste errazteagatik) eta Aiurriri (gure albisteak eskualdean zabaltzen laguntzeagatik).
Grabazioaren emaitza, Samiel eguneko txupinazo egunean ikusiko dugu, karpan. Han elkartuko gara berriro!!”.