Pello Errotako ikasleek herriko elizako organoa gertu-gertutik ezagutu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 12:06

Musika-tresnaren inguruko azalpen zabalak jaso zituzten Usurbilgo organista Joan Luis Atxagaren eskutik eta zenbait ikaslek musika eskoletan ikasten ari diren piezak jotzeko aukera ere izan zuten.

Joan den ekainaren 10ean Asteasuko Pello Errota eskolako ikasleek herriko elizako organoa inoiz baino gertuagotik ezagutzeko aukera izan zuten. Asteasuko Usarrabi kantujira taldea izan da ekimen honen bultzatzailea eta bertako zuzendari Marga Jimenezek luzatu zion eskaintza Pello Errota eskolari.

Usurbilgo organista Joan Luis Atxaga izan zen ikasle zein irakasleei azalpenak emateaz arduratu zena; besteak beste, organoek soinua nola eta nondik sortzen duten kontatu zien eta Gipuzkoa Europako organo dentsitate handiena duen eremua dela ere aipatu zien. Jarraian korura igo eta organoaren 'tripak' bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten: tutuak, hauspoa, tresneria elektrikoa...

Bisitaren amaieran Joan Luisek abesti batzuk jo zituen: Bach-en doinuak, Txoriak txori, baita filmetan entzun ohi diren banpiro edo beldur eta izu-ikara soinuak ere. Eta Atxagaren ondoren, zenbait ikaslek musika eskoletan ikasten ari diren piezak jotzeko aukera ere izan zuten.

 

Errekonozimendua

Asteasuko organoak 100 urte beteko ditu aurten eta horren harira, organoa zaharberritu ez ezik, emanaldi ugari antolatu dute Usarrabi kantu taldeko kideek. Pello Errota eskolatik talde hori egiten ari den lana azpimarratu nahi izan dute, baita ikastetxeari luzatutako gonbita eskertu ere.

 


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!