Senai, osasunerako terapien zentroa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:39

Pasa den irailean ireki zituen bere ateak Senai zentroak, Andoaingo Kale Nagusiko 28.enean. Ongizaterako eta osabiderako terapia alternatibo eta osagarri ezberdinak aurkituko ditu bertaratzen denak.

Bere eskuekin batera, imanak dira Amaia Martinezen oinarrizko lan tresna. Biomagnetista da bera, eta teknika hori ardatz duen terapia eskaintzen du Senai zentroan. Gorputzeko PH maila orekatzeko gorputzean karga positibo eta negatibozko iman naturalak ezartzean datza biomagnetismoa. Osasuntsu dagoen ehun baten PHa neutroa da, 7,3ko balioarekin; maila horretatik gora ala behera egiten duenean azidoa ala alkalinoa bihurtzen da eta gune hori egokia da bakteriak, birusak, onddoak eta parasitoak garatu eta bizi daitezen. Oreka berrezartzean osasuna ere berreskuratzen da. “Oso indar sendoa da imanena; hogei minutuz gorputzean edukita aipaturiko PHa oreka daiteke. Imanek organismo osoa arakatzen dute eta desorekak dauden guneetan eragiten dute”, azaldu du Amaiak.
Biomagnetismo saio baten ostean berehala antzematen dira onurak, jendea horretara ohi daiteke, eta hori da Amaiak ekidin nahi duena. “Jendeari oso emaitza onak eman dizkio terapia honek, baina ez dut aspirina bat bezala har dezaten nahi, mina duten bakoitzean horretara jotzeko. Biomagnetismoak norberak egin beharreko lan bat ere eskatzen du, arduraz egin beharreko lana. Zergatik daukat min edo gaixotasun hau? Nagusiarekin eztabaida bat dudan bakoitzean zergatik sortzen zait koliko bat? Imanek min edo gaixotasun hori arintzen lagun dezakete, baina arazoaren muinera iristea da garrantzitsuena, eta horretarako ezinbestekoa da lan pertsonal hori”.
Imanek dakarten onura horren aurrean jendeak terapia hau bere kasa garatzeko tentazioa izan dezake, baina Amaiak horrek duen arriskuaz ohartarazi nahi izan du. “Imanak erabiltzen jakin behar da, oso indartsuak baitira. Helburu terapeutiko bat duten imanak dira, baina gaizki jarriz gero aurkako efektua eragin dezakete, gorputzean kalteak sorraraziz. Geuk teknika honen inguruko ezagutzarik ez badugu, beraz, profesional baten esku utzi behar dugu”. Gaineratu duenez, radioterapia edo kimioterapia hartu duten pertsonei ezin zaizkie imanak jarri, eta taupada-markagailua dutenei ere arazoak sor dakizkieke, pila deskarga baitezakete.

Reikia
Clara Pavok reiki sesioak eskaintzen ditu Senai zentroan. Gizakiaren dimentsio guztien gainean (fisikoa, mentala zein espirituala) jarduten duen sendatze-teknika da. Besteak beste, autosanaziorako indarrak pizten ditu, organismoa desintoxikatzen du, estresa eta minak arintzen ditu eta erlaxazioa eta lasaitasuna eskaintzen ditu. “Masaje indartsu baten bidez indarra ematen zaio terapiara datorrenari, duen arazoa nondik etor daitekeen ezagutzen hasteko: jaio zen unean zer gertatu zitzaion jakiten saiatuz, zazpi urte bete arte bizi izandakoa aztertuz… Hori dena ezagutzea garrantzitsua da orain zer gertatzen ari zaigun jakiteko”, argitu du Clarak. “Gertatzen zaigunaren zati handi bat hortik datorrela esango nuke. Giltzurrun batean mina badugu, zerbait ari zaigu gertatzen, nonbait izan behar du bere jatorria gaixotasun horrek, eta jatorri hori ezagutzeko askotan oso barnera begiratu behar izaten da. Reikiak barrurako bide hori egiten laguntzen du, geure burua hobeto ezagutzeko aukera ematen digu, eta ezagutza hori lortzen goazen heinean arazoa nondik datorren jakin eta konpondu egin dezakegu”.
Clara jabetzen da barrura begiratze hori ez dela batere erraza. “Beti errazenera jotzen da, hau da, ‘beste batek nire ordez arazoa konpon badiezadake, egin dezala’, pentsatzen dugu. Kosta egiten da zure buruaren eta zure arazoen ardura zeuk hartu behar duzula onartzea, eta ardura hori hartzeko eta zure burua ezagutzen hasteko lan egin beharko duzula konturatzea. Baina behin ekinez gero, oso bide polita da; gainera arazoa guk geuk konpontzen badugu, ez gara harri berarekin bigarren aldiz estropezu egin eta lurrera eroriko; soluzioa kanpotik jartzen badigute, ostera, bai”.

Osagarriak, ez baztertzaileak
“Hona datorrenari ez diogu sekula hartzen ari den sendagaia uzteko esango, ezta gutxiagorik ere”, garbi utzi nahi izan du Amaiak. “Terapia hauek guztiz osagarriak dira. Azken finean, gure helburua gaizki sentitzen den eta beste zerbaiten bila dabilen horri alternatiba bat eskaintzea da, konfiantza emango diona eta osotasunean aberastuko duena. Esan bezala, artikulazio batean min baduzu min hori zerk sortzen dizun jakiteko lan egiten dugu hemen, askotan horien atzean arrazoi emozionalak egon baitaitezke. Gure ustez terapia mota guztiak dira baliagarriak, baina hemen arazoa bere osotasunean aztertu eta landu nahi dugu, horixe baita osasuna azken finean, osotasun hori lortzea”.
Biomagnetismoarekin eta reikiarekin batera mediku-homeopata baten zerbitzua ere eskaintzen du Senai zentroak beharrezkoa den kasuetan. “Garbi dago pertsona bat minez badago min hori arindu behar zaiola beste ezertan hasi baino lehen, minez bagaude ezin baitugu ezer egin; ondo orekatuta egon behar dugu edozer gauza egiteko”, azaldu du Clarak. “Baina bizitza osoa ansiolitikoak, antinflamatorioak, analgesikoak…, hartzen pasatzeari uko egin behar diogu, hori ez baita bizitzeko modu osasuntsua”, gaineratu du Amaiak. “Gizarteak horretara ohitu gaitu, baina jendea botikak hartu eta hartu ibiltzeaz nekatzen hasita dagoela esango nuke; gainera, kasu askotan botikek ez dute arazoa konpontzen. Baina mina sentitzen duzun bakoitzean imanak jarri edo reiki sesio bat hartzea ere ez da irtenbidea: horiek mina arin diezazukete, bai, lehen aipaturiko aspirinaren efektu hori baitute, baina barrurago begiratu behar da, osotasunean landu behar da arazoa. Lehen gure bizitza apaizek gidatzen zuten, eta orain, sendagileek, gure osasunaren ardura beste batzuen eskuetan utzi nahi baitugu”.

Aukera zabalagoa
Biomagnetismoa eta reikia dira Senai zentroan aurki daitezkeen bi terapia nagusiak, baina eskaintza beste zerbitzu batzuekin aberastu nahi izan dute Amaiak eta Clarak. “Yoga, taichi eta pilates klaseak antolatu ditugu, baita terapia hauekin loturiko zenbait ikastaro ere eta, lehen esan bezala, kontsulta mediku-homeopatikoa ere badugu”, adierazi dute.
Amaiak eta Clarak Senaiko ateak zabalik dituzte guztientzat; hori bai, joan nahi izatera aldez aurretik hitzordua hartzea beharrezkoa da.

Sorginkeria fama
Zabaldu zutenetik, Amaiak eta Clarak badarabilte jenderik kontsultan. “Hau ahoz ahokoaren bidez zabaltzen da. Jendea hona bere bizilagunak gomendatu diolako edo bere anaiari ondo joan zaiolako etortzen da. Eta hori garrantzitsua da, gai honen inguruan deskonfiantza handia baitago oraindik”, diote Amaiak eta Clarak.
“Guk egiten dugun hau oso zaharra da, betidanik lan egin izan da eskuekin; aldi berean, ordea, oso zigortua ere izan da eta jende askok errezeloz begiratzen dizu, honi buruz esan direnak entzun ostean. Horrekin batera, zure lanari kalte besterik egiten ez dioten praktika okerrak ere badira mundu honetan, beste askotan bezala. Guk ez dugu ezer ezkutatzekorik eta egia da jendearen artean gero eta onarpen zabalgoa dutela terapia hauek; baina asko kostatzen ari da, industria farmazeutikoa oso boteretsua da, interes ekonomiko asko dago tartean… Lehen esan bezala, guk ez diogu inori botikak uzteko esan, ezta esango ere, bateragarriak baitira guk eskaintzen dugunarekin; baina egia da jendeak hona etortzen hasi eta botikak utzi dituela, hobeto sentitzen delako”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!