Villabonako maingua jaio zela 150 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:38

Pedro Iartza Elizaran, ‘Villabonako maingua’ moduan ezagunagoa, Villabonan jaio zen 1861 urteko ekainaren 29an. Duela ia 150 urte. Bere garaiko bertsolariek ‘Villabonako maingua’ri jarritako bertsoak bideoak atalean ikusgai.

Familia pobre bateko semea izanagatik, dudarik gabe, XIX. mendeko Villabonako pertsonarik ezagun eta ospetsuena izan zen Pedro Iartza pilotaria, ‘Villabonako maingua’, ‘Villabonako besamotza’ edota, gaztelaniaz, ‘Manco de Villabona’ moduan ezaguna. Garai hartako pilotaririk onena izatera ailegatu zen, errebotean eta joko-garbian, profesional mailan jokatu zuelarik atzerriko herrialde askotan.
Gazte zela, eskaileretan behera erori eta eskuineko besoa moztu behar izan zioten arren, istripu hark ez zion eragotzi pilotarekiko zuen zaletasuna aurrera eramatea eta gaztetxotatik ekin zion pilotan jokatzeari: aurrena eskuz, gero luzean eta azkenik joko-garbian. Bere espezialitatea pilotalekuaren aurrealdea bazen ere, atzean ere ederki moldatzen omen zen. Ezagutu zutenek gorde zutenez, kantxako txoko guztietan zen fenomenoa.
Eibarko Sarasketa Txikia ‘Chiquito de Eibar’ pilotari entzutetsua garaitu zuenean jo zuen Pedrok gaina eta geroztik, batean eta bestean ibili zen atsedenik hartu gabe. 1880ko hamarkadaren hasieran Ameriketara joan zen oso kontratu ona eskuratuta. Buenos Airesko ‘Nacional’ nahiz ‘Plaza Euskara’ pilotalekuetan jokatu zuen. 1883an Madrilgo ‘Fiesta Alegre’ eta ‘Euskal Jai’ pilotalekuetan. Bartzelonako ‘Beti Jai’n ere aritu zen eta baita Rio de Janeiron edota Parisen ere. Atzerritik jaioterrira itzuli zen 1885 urtean eta Bergaran edota Bizkaiko pilotaleku ugaritan jokatu zuen. Pilota utzi eta Villabonan bizitzen geratzea erabaki zuenean, aurreztutako diruarekin lurrak eta aziendak erosi zituen. Animaliak gobernatzeko lanbideari eutsiz, herritar xume modura bizitu zen, 1898 urtean , 37 urte zitueka, gaixotasunez, gaixotasunez jaioterrian bertan zendu zen arte.

Lehen pilota eskola
Punta-puntako pilotaria izateaz gain, errebotea herrian suspertzeko saiakera handia egin zuen Pedrok. Besteak beste, herriko gaztetxoek errebotean jokatzen ikasteko lehen pilota eskola jarri zuen martxan. Gerora, eskola horretatik atera zen inguruan nahiz mundu mailan profesional gisa jokatu zuten billabonatar pilotari ugari. Bere ondorengoek pilota eta errebotearen tradizioari euts ziezaioten urrats ugari eman zuen eta lortu ere lortu zuen, oraindik ere Villabonako ikur nagusi izaten jarraitzen baitu pilotak eta bereziki, erreboteak. Pedro Iartza ‘Villabonako maingua’ pilotazale nahiz herritarrentzat mito izan zen urte luzetan eta egun ere bizirik dago oraindik bere irudia. Berriki esaterako, Errebote izeneko taberna ireki dute Errebote plazan eta sarrerako irudian, ‘Villabonako Maingua’ ageri da, ezagun egiten zuen marradun kamisetarekin.

‘Berez behar Villabonakoa’
Garai batean Pedro Iartzaren itzala zenbaterainokoa izan zitekeen ondorioztatzeko, ‘Berez behar Villabonakoa’ esamoldearen iturrira jotzea besterik ez legoke. Larramendi Bazkunak 1999 urtean esamolde horren abiapuntua argitzen duen Lekukotzak argitalpena plazaratu zuen. Zeinetan, Pedroren oihartzun luzeak atsotitz edo esamolde hori osatzean eragin zuzena izan zezakeela argitzen den. Txomin Agirre idazleak, Garoa eleberrian idatzita utzi zuen ‘Berez behar Villabonakoa’ esamoldea. Irismen orokorreko esamoldea, billabonatarrei bezala beste herritarrei ere badagokiena eta gizakiek edo gauzek duten dohaina adierazten duena. Itxuraz, ‘Villabonako mainguari’ zioten miresmenagatik, herri jakituriak sortutakoa.

Oroigarri berritua
Pedro Iartza jaio zeneko mendeurrenean, oroigarri gisa, Villabonako plazan 1861-1961, 29-junio, Centenario de Pedro Yarza `Manco de Villabona´ dioen harria jarri zen. Dagoeneko nahiko zaharkituta dagoenez, Behar-Zana pilota elkarteak harri hori zaharberritzeko proposamena egin dio Villabonako Udalari. Harria berritzearekin batera, 150. urteurrenaren harira, plaka berria ere erantsiko zaio eta pilotari handia oroituz, ekitaldi xumea antolatu dute Behar-Zana elkarteak eta Udalak, uztailaren 3an eguerdiko 12:00etan Errebote plazan.

 

Antzinako bertsolariek pilotariari jarritako bertsoak

IRAOLAK 1884an JARRIAK:

Billabonako Mainguba

Odol biziko pelotariya

plazaratu zan gazterik,

ez da ikusi iñor egiten

ark bezain sake gaiztorik, 

aurrian jotzen dubenak berriz

egin nai ezik boterik,

pelota gogor ebakitzeko

ez da azaldu besterik.

 

BERTSO BERRIAK 1886an TXIRRITAK JARRIAK:

Milla zortzireun larogei eta 

gaude seigarren urtian,

bertso berriyak jartzera nua

euskara eder batian;

pelea aundiyak egin dituzte

pelotariyen artian,

Pedro Yarza guzien buru

probintziyako partian.

 

Indaleziok dauzkan bentajak

nua kantuz esatera:

probintziyako plaza denetan

jarri diete aukera;

partida firme zerratu zuten

iskribiturik papera,

Billabona'ko Mankubarekin

ez dira ondo atera.

 

Indalezio eibartarra,

Bizente Elizegi bestia,

Pedro Yarza pensatu zuten

orien kontra astia;

nekatu gabe zerizkioten

partida irabaztia,

dituzten sosak galdu artian

eskarmentatu eztia.

 

PELOTA PARTIDUARENAK (1887)

Milla ta zortzireun da

larogei ta zazpi,

azaruaren seia

izango zan noski;

Jai-Alai-n partidua

jokatzen dira asi,

Billabonako Yarza

beste iru prantzesi,

beso batekin seiri

die irabazi.

 

Zuk beso bakarra ta 

iru prantzes kontra,

ta aiek aña birian

pelota nork bota?

Karrillian pasarik

Jai-Alai-tik jota;

ala ere Pedrori

etzaio inporta,

marka ederra para du

irabazi du ta.

 

Prantziyan diran onenak

Españira eldu,

Mankuak kontra eiteko

korajia badu;

iruren kontra bakarrik,

alare ez galdu,

jaun orrek pama aundiya

merezi ez al du?

Orrelakorik ez da

oraindik azaldu.

 

JUAN INAZIO URANGAK 1890ean JARRIAK:

Billabonako beso motza da

jokalari biurriya,

nola sakean ala da ona

ere errestalariya;

onen jokua aurre aldian

da chit ikaragarriya

plazan jokatzen beso bakarrez

oso da ikusgarriya.

 

Kontrariyuai neurtzen dizkate

sudurra eta kokotza,

ziriyak sartzen asten danian

pelotari beso-motza;

besa gaindikan asi ezkero

egiten sake zorrotza,

onen zankoko alpargat' aiek

ez dute sentitzen otza.

 

Errebotian ere frantzesak

oso ikaraz betiak,

iduki ditu amaika aldiz,

iya botarik estiak;

irabaztia izanagatik

frantzesak beren ustiak,

chaskua beti eman diyote

beso-motzaren jotziak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!