Jatorri ezberdineko herritarrak, elkarrekin kantuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:33

‘Denok elkarrekin kantuan’ ekimenaren baitan, ekainaren 18an, hiru kantu abestuko dituzte jatorri ezberdineko pertsonek Errebote plazan 13:00etan.

Emanaldiaren harira, azken asteazkenetan entseguak egiten aritu dira hainbat herritar musika eskolan hiru kantu prestatzeko: ‘Aberriaren mugak’ euskaraz, Walid kantari aljeriarraren kantua arabiarrez eta ‘Cielito lindo’ gaztelaniaz. Besteak beste, Marokotik, Mexikotik edota Alemaniatik Amasa-Villabonara eta inguruko herrietara bizitzera etorritako herritarrak nahiz bertan jaiotakoak batera arituko dira kantuan. Marokoarrentzat izan ezik, dudarik gabe, larunbateko emanaldiari begira, Walid kantariaren kantua prestatzea izan da zailena gainerako parte hartzaile guztientzat. Baina, zalantzarik ez, emanaldi egunean ederki abestuko dute, dagoeneko, entseguetan itxura polita baitario kantu arabiarrari.
Euskal Herrira bizitzera etorritako etorkinei euskara eta euskal kultura bereganatzen laguntzen dien Banaiz Bagara elkarteko kide Petra Elserrek, arabieraz kantatzea euren ohiko bidearen alderantzizkoa dela adierazi du. Elkarteko kideek euskal kantutegia hartzen baitute euren kantu saioetan ardatz modura, “arabiarrez abestea abentura handia da, eta gurea ez den beste hizkuntza batean kantatzeak sentsazio berriak sentiarazten ditu”, azaldu du.

Anitzak elkartea, elkarbizitzarako erremintak sortuz
Ainara Ormaetxea, Euskal Herri mailan lan egiten duen Anitzak elkarteko kide da. Jatorri ezberdineko herritarrek osatzen dute taldea. Ekainaren 13tik 19ra, Aniztasunaren astea bideratu dute Amasa-Villabonan. Udalak hala eskatuta, jatorri aniztasuna eta elkarbizitzaren inguruko diagnosia burutu dute herrian eta diagnosi hori aurkeztearekin batera, beste hamaika ekintza ere egin dute aste guztian zehar, jatorri ezberdineko pertsona guztiei leku eginez eta elkar ezagutzeko espazio berriak sortzeko asmoz. Elkartearen asmo nagusia ondokoa da: “elkarbizitzarako erremintak abian jartzea, subjektu guztiok gure jatorria, hizkuntza, kultura eta ezaugarriak dauzkagula onartu eta aitortuz. Prozesu parte hartzailearen bitartez, hainbat gai jartzen dugu mahai gainean eta hortik aurrera, gure erronkak, beharrak eta nahiak aztertzen ditugu”, adierazi du Ainarak. Elkartearen baitan mundu guztiko herritarrak hartzen dituzte kontuan: Euskal Herrian, Espainiar Estatuan, Europar Batasunean nahiz beste kontinenteetan jaiotakoak. Azaldu duenez, Amasa-Villabonako Aniztasun astea aurrera atera dadin, herriko talde ugarik hartu du parte: besteak beste, Gaztelekuak edota Eresargi abesbatzak, herritar guztiak protagonista bihurtuz.
Ekainaren 18an, kantu jaialdiaz gain, marrazki lehiaketa, sukaldaritza ikastaroa edota musika jaialdia izango dira Amasa-Villabonan (ikus datu zehatzagoak agenda atalean). Gainera, ekainaren 19a arte zabalik egongo da ‘Jatorri anitz’ erakusketa Aljibean, 17:30etatik 19:30etara.

Rosalia Fierro, Mexikotik Amasa-Villabonara
Denok elkarrekin kantuan’ ekimenean kantari arituko den beste parte hartzaile bat Rosalia Fierro mexikarra izango da. Urte mordoa darama Euskal Herrian bizitzen eta azken zazpi hilabeteotan Amasa-Villabonan bizi da. Azaldu duenez, oso gustura bizi ere: “Villabonara etorri nintzen lehen egunetik oso eroso sentitu naiz bertan”. Emakume aktiboa da eta talde eta elkarte ezberdinetan parte hartzea gustatzen zaio. Euskara ikasten saiatu da behin baino gehiagotan eta Banaiz Bagara elkartean erabiltzen duten teknika oso egokia iruditzen zaio helburu hori lortzeko, “esaterako, oso gogoko dut abestea eta euskal kantuak kantatzea euskara ikasteko oso modu egokia dela iruditzen zait. Kantuen letrak euskaraz bezala gaztelaniaz jasotzen ditugu eta hitzak nahiz hizkuntzaren egitura ulertzeko oso aukera baliagarria da”. Euskal musika gogoko du Rosaliak: Besteak beste, Oskorri edota Benito Lertxundi. “Gogoan dut Euskal Herritik Mexikora joan nintzenean, hemengo musika eraman nuela nirekin eta negar egiten nuen entzuten nuen bakoitzean. Itzuli egin behar nuela pentsatu nuen. Pentsatu bakarrik ez, etorri ere egin nintzen”. Azaldu duenez, Euskal Herria bere jaioterri Mexiko bezainbeste maite du, “izugarri gustatzen zait lurralde hau eta nire seme-alabek egin duten bezala, nik ere euskara ikasi nahi dut”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!