Garikoitz Iturbe, Ttapa antzerki taldeko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:31

Betidanik gustuko izan duen arren, gazte zizurkildarrak aurten eman ditu lehen pausoak antzerkiaren munduan, Alegiako Ttapa antzerki taldearekin.

Pasa den apirilean estreinatu zenuten Alegian Ez txuri ez beltz antzezlana; bi saio, eta bietan aretoa jendez lepo…
Bai, Alegian antzerkirako zaletasun handia dago. Jendeak ikusmina ere bazuen, gainera, Ttapa antzerki taldeak denbora luzea baitzeraman agertokietatik kanpo. Lehenengo saioan oso urduri nengoen, zure lehen agerraldian 150 lagunen aurrean antzeztu beharrak errespetua ematen baitu. Akats handi bat egin nuen gainera: jendearen aurpegietara begira aritu nintzen, obraren aurrean euren erreakzioa nolakoa ote zen jakin nahian, eta hori ez da sekula egin behar, arreta galaraz baitiezazuke. Bigarren egunean askoz lasaiago atera nintzen.

Noiz hasi zinen Ttapa antzerki taldean?
Nirekin irakasle ikasketak egiten ari zen alegiar baten bidez izan nuen taldearen berri, eta orain urte eta erdi inguru joan nintzen lehen aldiz. Hasieran hiru hilabetetako ikastaro bat antolatu zuten, antzerkiaren munduan lehenengo urratsak emateko aukera eskaini zidana, eta horren ostean antzezlan bat prestatzeko aukera sortu zen. Ikastaro hartan hamar lagun inguruk hartu genuen parte, baina azkenean, obra prestatzeko, lau geratu ginen: hiru alegiar eta ni. Betidanik antzerkia gogoko izan dudan arren, ez nuen inoiz horrelako ezertan parte hartu, eta oso esperientzia polita izan da.

Beraz, lehen aldia izanda, ikastaro hark asko erakutsiko zizun…
Bai. Oinarrizko gauzak ikasi genituen: arnasketa, gorputzaren mugimendua… Askotan badirudi antzerkia testu bat ikasi eta hura antzeztean datzala, baina gauza asko dira kontuan hartu beharrekoak: zure gorputza ezagutu behar duzu, musikarekin gauzak landu behar dituzu, ahoskera zaindu behar da… Orain antzerki obra bat ikustera joaten naizenean gauza gehiagotan jartzen dut arreta: aktorea eszenatokian nola mugitu den, erabili duen ahots tonua nolakoa izan den, zer transmititu duen… Ikusten denaren atzean dagoen lanaz gehiago jabetzen naiz orain.

Hitz egiguzu Ez txuri ez beltz antzezlanari buruz…
Lau obra ezberdinetatik hautatutako lau testuk osatzen dute antzezlana, eta lau zatiak bata bestearen atzetik jarraian egin beharrean, tartekatzea erabaki genuen: pertsonaietako baten zatiarekin hasten da eta bat-batean hori moztu eta beste batena etortzen da; horren aurrean ikusleak loturak egiten joan behar du.

Aktore bezala egindako lehen lana bakarrizketa izateak ere errespetua emango du…

Bai. Monologo batean zu eta publikoa zaudete, besterik ez. Zu zara protagonista, zuk markatzen duzu erritmoa, zuk daramazu pisu guztia. Niretzat gogorxeagoa izan da, bai; nire taldekideek aurretik beste hiru obra antzeztuak zituzten eta nabari zen hori: nire testua ere bazekiten eta harrituta uzten ninduten, nirearekin bai bainuen nahikoa lan! Errespetua eman dit, bai, nire lehenengo antzezlana bakarrizketa izateak, baina aldi berean erronka polita izan dela aitortu behar dut.

Villabonan ere antzeztu berri duzue obra… Zer moduz bigarren aurkezpena?
Kasu hartan dezente jende gutxiago joan zen antzezlana ikustera. Beharbada saioa ez zen behar bezala iragarri, baina hala egin balitz ere ez dakit kontua gehiegi aldatuko ote zen. Ni Villabonara joan izan naiz kalitatezko antzerki obrak ikustera, aktore ezagunenak, eta zenbait kasutan lau katu egon izan gara. Seguru asko, Alegian hainbeste jende hurbildu izanak zerikusia izango du bertan antzerki talde bat egotearekin eta talde horrek herrian bertan lehenago ere zenbait obra antzeztu izanarekin. Villabonan antzerki talderen bat osatzeko asmoa badago orain; beharbada horrek lagunduko luke jendearen erantzuna hobetzen. Ea epe luzera hala gertatzen den.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!