Segalarien azkartasuneko Gipuzkoako txapelketa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:28

Ekainaren 26an ospatuko da Adunibar baserriko zelaietan. Emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrekin ariko dira, guztira hemezortzi segalari.

Ziotza Kirol Elkarteak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak antolatuta, Gipuzkoako Azkartasuneko Sega txapelketa ospatuko da datorren ekainaren 26an Zizurkilen. Azken urteetan bezala, beraz, Zizurkil izango da txapelketa horren lekuko.
Azkartasuneko sega modalitatea, orain urte batzuk arte, ezezaguna zen gure artean. Suitza eta Alemania inguruan ohikoena den modalitate hori, ordea, gure segalarien artean ere zabaltzen ari da pixkanaka. Horren adierazle Zizurkilgo txapelketan parte hartuko duten segalarien kopurua: hemezortzi izango dira guztira, hamabi gizonezko eta sei emakumezko. Zelai zati txiki bat ahalik eta azkarren eta txukunen moztean datza lehiak.

Adunibar baserriko zelaietan
Ekainaren 26an ospatuko da aipatu txapelketa, arratsaldeko 18:00etan Adunibar baserriko zelaietan; Zizurkil behetik gorako bidean, Errekalde baserriaren parean aurkitzen da Adunibar.
Antolakuntzari dagokionez, aipatu bezala, Ziotza Kirol Elkarteak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak elkarlanean jardun dute. Federaziotik Ziotza elkarteak egindako lana azpimarratu nahi izan dute: “Txapelketaren aurretik belardiak prestatu behar dira, partzelak egin…, eta ondoren, erabilitako belarra boletan bildu behar da… Benetan aipagarria iruditzen zaigu Ziotza elkarteak txapelketa hau antolatzeko egiten duen lana”.

Antolatzaile eta parte hartzaile
Federaziotik adierazi bezala, Ziotza Kirol Elkarteak ahalegin handia egiten du Gipuzkoako Azkartasuneko Sega txapelketa antolatzen, eta lan horietan dabilenetako bat Pello Argaia zizurkildarra da. “Txapelketa jokatuko den zelaiko belarrak puntuan egon behar du segarako, ezin da belar zaharra utzi”, azaldu du. “Sailak egokia behar du izan, segarako ongi berdindua. Eta noski, zelai egoki horren jabe den baserritarrak belardia txapelketarako uzteko prest egon behar du”.
Txapelketa antolatzeaz gain, segalari gisa ere parte hartuko du Pellok. “Moztu behar diren sailak ez dira oso handiak eta, tira, animatu gara. Egia esan aurten ez naiz gehiegi aritu baina, herrian bertan denez… Ea hemendik txapelketara bitartean denbora gehiago atera dezakedan”.

Parte hartzaileak
Gizonezkoek egin beharreko lana 100 metro karratuko bi sail ebakitzea izango da. Honakoak ariko dira horretan:
    Mikel Artola Aizpurua. Asteasu, 40 urte.
    Joseba Agirrezabala Ayestaran. Anoeta, 29 urte.
    Pello Argaia Eizmendi: Zizurkil. 41 urte.
    Arkaitz Arteaga Bereziartua. Baliarrain, 26 urte.
    Garikoitz Etxeberria Peñagarikano. Amasa, 28 urte.
    Jokin Etxeberria Peñagarikano. Amasa, 22 urte.
    Joxe Gabirondo Arrate. Gaztelu, 50 urte.
    Joakin Garmendia Garmendia. Bidegoian, 66 urte.
    Jokin Garmendia Etxeberria. Baliarrain, 43 urte.
    Iñaki Lizaso Kortajarena. Asteasu, 24 urte.
    Juan Jose Lizaso Rezabal. Asteasu, 50 urte.
    Iban Pardo Andres. Zestoa, 30 urte.

Emakumezkoek egin beharreko lana 35 metro karratuko bi sail ebakitzea izango da. Honakoak ariko dira horretan:
    Igaro Balda Izagirre. Hernialde, 25 urte.
    Alatzne Etxaburua Otaegi. Zizurkil, 33 urte.
    Arrate Garin Arrizabalo. Legorreta, 49 urte.
    Ainhoa Galarraga Larreta. Ibarra, 20 urte.
    Yurre Olano Goikoetxea. Gaztelu, 39 urte.
    Ainara Otamendi. Ibarra.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!