Marga Jimenez asteasuarra Usarrabi kantu taldeko kideetako bat da eta beste taldekideekin batera, organoaren mendeurrenari lotuta, ilusio biziz ari da lanean. Modu bitxian konturatu ziren taldekideak organoaren mendeurrena ekainaren 29an beteko zela, “Usarrabi kantu taldea elizako koruan kantuan ari ginen batean, aurtengo San Pedro egunean, organoak 100 urte beteko zituela jabetu ginen, organoaren gainaldean ageri den plaka irakurrita. Mendeurrenaren harira, beraz, organoa zaharberritzeko pausoak ematea erabaki genuen”, azaldu du Margak. Lehenik eta behin, euren helburua gauzatzeko diru-laguntza lortzeko pausoak eman zituzten: Gipuzkoako Foru Aldunditik 14600 euro jaso zituzten eta Asteasuko udaletxetik 4000 euro, antzinako musika-tresna berritzeko. Era berean, Asteasuko Udalak beste 1000 euro eman zizkien organoaren inguruan hainbat ekitaldi antolatzeko. Horrez gain, Usarrabi kantu taldeak Santa Ageda bezperako errondan lortutako 1000 euro paseak ere helburu bererako erabili dituzte.
Mendeurrenari begira
Margak adierazi duenez, organoa berez elizakoa da, elizaren barruan dagoelako. Baina bereiztu egin nahi dituzte eliza eta organoa, musika-tresna bezala. “Organoa elizaren barruan egonagatik, herritar guztiona da eta guztion artean zaindu beharko genuke”, azaldu du. Organoa berritu eta txukuntzea bideratzeaz gain, argiteria aldatu dute eta berrikuntza modura, elizara gerturatzen direnei zuzenduta, pantaila erraldoia jarri dute, “organoa entzutea gauza ederra da, baina are eta ederragoa organista organoa jotzen ikustea. Pantailaren bidez, aurrerantzean elizara gerturatzen denak organista zuzenean jotzen ikusi ahal izango du”, jakinarazi du. Organoaren zaharberritzearen inguruan, euren lan nagusia, epeak bete zitezen jarraipena egitea izan da bereziki; “guretzat oso garrantzitsua baitzen organoa ekainaren 29rako prest edukitzea”. Gainerakoan koroaren garbiketa lana auzolanean egin dute. Eta dagoeneko, guztia prest dute mendeurreneko ekitaldietarako. Herritarrak emanaldi horiek entzutera gerturatzea soilik falta da orain. Margak herritar guztiak animatu nahi ditu antolatu dituzten ekintzatan parte hartzera, “eskualdeko herritarrak ere bai, baina bereziki, asteasuarrak gonbidatu nahiko genituzke gure altxorra ezagutzera. Guri ilusio handia egingo liguke herritarrak antolatu ditugun ekitaldietara etortzeak. Azken batean, guztiona baita 100 urte beteko dituen organoa”.
Herriko gazteak eta organoa
Joan zen astean hasita, abian dira organoaren mendeurrenaren inguruan Usarrabi kantu taldeak herritarrei zuzenduta abian jarri dituen ekintzak. Ekainaren 10ean Usurbilgo Juan Luis Atxega organista etorri zen Asteasura, Pello errota eskolako haurrei organoaren barruak eta funtzionamendua erakustera. Margak adierazi duenez, “Juan Luis Atxega musika irakaslea oso iaioa da umeekin eta berak erakutsi zien asteasuar gazteei nola transmititzen den soinua organoaren teklatutik. Hauspoa, hodiak…, organoaren barne funtzionamendua ere azaldu zien”. Margaren ustez, gaur egun ume gehienek ez dute organoa zer den jakiteko aukerarik, besterik gabe, altzairu moduan ikusten dute gehienek. “Ondorioz, haientzat oso kontu bitxi eta erakargarria izan zen organoaren funtzionamendua gertutik ezagutzea eta bide batez, herrian zer nolako altxor daukagun ezagutu zuten”.
Epe laburrean, kontzertu ugari
Ekainaren 18an, larunbatarekin, Esteban Elizondo organistak inauguratuko du Asteasuko organo berritua emanaldi berezia eskainiz, 19:00etatik aurrera. Besteak beste, J. S. Bach, Gomenico Zipoli, Nicoló Moretti, Felipe Gorriti, Tomas de Elduayen edota Jesus Guridiren piezak joko ditu. Ekainaren 24an, ostiralarekin, arratsaldeko 19:00etan, herritar ugarik parte hartuko duen kontzertua eskainiko dute, zeinetan euskal musika eta organoaren doinuak lotuko dituzten. “Mirari Irurtzunek prestatu ditu musika-tresna ezberdinei zuzendutako partiturak. Errepertorio ezaguna bezain zabala izango da: Maitia nun zira, Maitia nahi badezu, Mendian gora, Habanera, Jaun Baruak, Eperrak, Dilin dalan, Ni bizi naiz baserrian… Kantujiran abestu ohi ditugun kantuak abestuko ditugu emanaldi horretan, biolina, klarinetea, organoa eta beste hainbat musika-tresnaren laguntzaz. Tartean baita trikitixa edo txistua ere, organoarekin uztartuta. Oso saio polita izango da eta gogo handiz ari gara entseguak egiten. Musikari eta kantari guztiak asteasuarrak izango gara. Organoa Donostiako Santa Maria elizako organista Ana Belen Garciak joko du”, aurreratu du Margak.
Ekainaren 29an, San Pedro egunean izango da mendeurreneko kontzertu nagusia. Organoaren inguruan lanean aritu direnentzat, egun nagusia: “Liturgiaren baitan kontzertu berezia eskainiko da mendeurrenaren egunean. Aita Donostia abesbatzak, Izadi soka laukoteak eta Gerardo Rifón organo-joleak, Felipe Gorritiren ‘Meza, Re nagusian’ obra ederra eskainiko dute, Jabier Alberdiren zuzendaritzapean”.
Bernal & Korta organo-konpontzaileak
“Organoa afinatu eta puntuan jarri dugu, prest dago mendeurreneko ekitaldietarako”
Bernal & Korta Azpeitiko organo-konpontzaileak arduratu dira Asteasuko organoa konpontzeaz. Hiru hilabete pasatxo aritu dira Agustin Bernal eta Benito Korta jo eta ke Asteasun lanean.
Zer nolako lana izan da Asteasuko organoa konpontzea?
Hiru bat hilabete pasatxo igaro dugu organoa konpontzen. Hodi guztiak atera eta banan bana garbitu nahiz pipiak jotako egurrak kendu ditugu… Mekanikaren, balbulen eta fuellearen errebisio osoa egin dugu.
Zailtasunik izan al duzue zuen lanean?
Zailtasun nagusia elizara etortzen den ontza zuriak eman digu. Gaueko bisitaldietan bere arrastoak uzten ditu eta ederki kosta zaigu organoaren hodiak ondo garbitzea. Lan handia egin dugu, hasieran uste baino handiagoa.
Gustura geratu al zarete emaitzarekin?
Organoa afinatu eta puntuan jarri dugu, prest dago mendeurreneko ekitaldietarako eta baita ondorengo egunetan jotzeko ere. Gustura geratu gara eginiko lanarekin. Egia esan, oso ondo etorri zaio organoari horrelako errepaso sakona egitea, azken hogei urteotan ez baitzitzaion halakorik egin. Elizako leihoaren konponketen ondorioz, organoak hauts asko zeukan pilatuta eta ontzaren bisitek ere ez diote onik egiten. Aurrera begira, gainaldean babesa jarri diogu hobeto mantendu dadin. Aurrerantzean gainera, urtean behin egingo diogu errepasoa, etorkizunera begira mantenu ona ziurtatzeko.
Asteasuko organoaren berezitasunak
Margaren iritziz, teknika aldetik, Asteasuko organoa ez da oso berezia, ez oso ona; “baina gurea da eta mantendu egin behar da. Oso organo duina da Asteasukoa”. 1911 urtean Henri Didier & Cia etxeak Frantziako Epinal herrian eraiki zuen organoa. Eskuko teklatuan 56 nota ditu eta pedaletakoan 30. Egungo organoaren transmisioa elektrikoa da. Guztira 12 erregistro ditu: bost joko lehen teklatuan, sei bigarrenean eta pedalean beste bat.
Enrike Segurola, azken urteetako organista
Asteasuko organoa norbaitek ezagutzen badu, hori Enrike Segurola asteasuarra da. Gaztetxo zela, Mokoroarekin ikasi zuen Tolosan Enrikek organoa jotzen. Gerora, 18 urte zituela hasi zen Asteasuko elizan organista lanetan eta gaur arte aritu da langintza horretan. “Garraiolari moduan egin izan nuen lan urtetan eta kamioiarekin Madrilera edo Bartzelonara joaten nintzenean ere, iganderako etxera itzultzen nintzen elizan organoa jo ahal izateko. Izugarri gustatu izan zait beti organoa jotzea”. Enrikeren aurretik Albino Iraola izan zen elizako organista, “artista zen organoarekin baina, lan asko izaten zuen eta ezin iritsi ibiltzen zen. On Hipolito Usabiaga apaizak bere ordez hasteko esan zidan”, azaldu du Enrikek. Asteasuko organoarekin doinu ederrak jo izana du gogoan. Sarritan hiru ahotsetako mezak jotzen zituela aipatu du, “inguruko korurik onena genuen Asteasun eta herri askotako elizetara joaten ginen emanaldiak eskaintzera”. Asteasun ez ezik, Zizurkil Goiko eta Elbarrenako elizetan ere urtetan jo izan zuen organoa. Baina dudarik gabe, gertu-gertuan, bere zaletasun nagusia San Pedro elizako organoa jotzea izan da.