Iguarandarrak aurrera G-puntuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 15a, 10:22

Amaitu da G-puntuaren lehen ekinaldia. Aurten lehen aldiz egin den udaberriko  fasea  gainditu dute Amasako lehengusuek, Oihana Iguaran eta Beñat Iguaranek.

Beñat eta Oihana Iguaran eskualdeko bertsolaritzaren ispilu balira, osasuntsu dagoela esan beharko genuke. Pena da G-puntuan Beterri-Aiztondoko bertsolari gazte gehiago animatu ez izana, baina izan direnek maila ederra eman dute. Biek gainditu dute lehen fasea, eta irailean izen handiekin batera ariko dira kantuan.
Amaitu berri den faseak erakutsi du gazte ugari dagoela Gipuzkoan bertsotan txukun egiten duena. Aurten, udaberrian kanporaketa fasea jarri izanak lasaiago aritzeko aukera eman diela dirudi, saioen maila, oro har, azpimarratzekoa izan baita.

Beñat , bertsokera bizia
Duela lau urte, txapelketako ezuste atseginetako bat izan zen orduan 19 urte zituen Beñat Iguaran. Ez zuen aurrera egin, baina aho zapore gozoa utzi zuen. Aurtengoan berriz, lau urte hauetan asko ikasi duela erakutsi du. Ideia fresko eta bertsokera biziarekin, publikoarekin berehala bat egiten duen bertsolari horietakoa da Beñat. Amezketan kantatu zuen kanporaketa faseko bigarren saioan eta 328,5 punturekin, bigarren geldituta, aise egin du aurrera txapelketan.
Iparragirre doinuan, gerora saioko garaile izan zen Iñaki Apalategirekin egindako ofizioa izan zen Amezketan txalotuenetako bat. Gaiak, Beñat lagun fidakaitzaren paperean jarri zuen. Amasarra ez dago ados bere lagunak Kubako neska batekin ezkontzeko agertu dion asmoarekin. Hauxe Beñaten lehen bertsoa:
Lige kontutan onentsuenak
ez gera izan beti gu
planta onena ere ez degu
hemengo denak testigu
behin joana Kubara
ta bat bilatu, hara!
ta orain bere gatibu
ezkonduz gero baietz geratu
ez maitasun ta ez diru

Beñaten bertsokera egokia da bapatekotasun handiko lanetarako. Horren adibide berez ariketa arriskutsua izaten den puntu erantzunetan egin zuen lana. Hauxe lehen puntuari eman zion erantzuna:
Telefonoa duzu
etengabe joka
ama izango da
ez dio importa
etxean ere beti
aritzen zait hoska
beno, ez det segiko
hementxe dago ta

Ez da zortea izan
Beñatek Aiurriko aurreko alean aipatu zigun iraileko fasera pasatzea jarri zuela helburutzat, eta Amezketako saioko azken ariketan ere hori hartu zuen aipagai. “Zortea” hitzari kantatzea egokitu zitzaion amasarrari:

Bertsotarako badet
batzutan indarra
nahiz onak gutxi bota
ta sobrante txarra
txapelketa hontan det
helburu bakarra
pasatzea hurrengo
fasearen marra
hortako izango det
zortean beharra

Beñatena ordea, ez da zorte kontua izan. Ondo merezita igaro du lehen langa eta irailean, helburua beteta, gauza politak egin ditzake.

Oihana, erregular
Lehen aldiz aurkeztu da aurten txapelketan Oihana Iguaran. 20 urteko amasarrak bertsotan zuzen eta erregular egiten duela erakutsi du kanporaketa fase honetan. Ia erorikorik gabe, ariketa bizietan bezala sakonenetan ere nabarmendu da. Usurbilen kantatu zuen kanporaketa faseko bigarren saioan. Laugarren geratu zen arren, itxura ona eman zuen eta lortu zituen 270 puntuak lehen saiokoei batuta, arazorik gabe igaro da final zortzirenetara.
Ariketen artean, Egoitz Eizagirrerekin kopletan egin zuen ofizioa izan zen jende artean algara gehien eragin zuenetako bat. Gaiak honela zioen: Lehen zita duzue elkarrekin, eta Oihanak 10 minutu daramatza telefonoz hizketan. Hauxe Oihanaren lehen kopla:
Konbertsazio bakar bat ez ta
ordubete hontan zehar
zuk eman ezin didazun hori
nunbaitetik lortu behar

Egoitzek horrela jarraitu baino internetez komunikatzea hobea izango zela esan ostean, hauxe Oihanaren azken erantzuna:

Internet utzi alde batera
bukatu dedin problema
muxu batekin esango dizut
mila hitzez ezin dena

Sakonean ere bai
Puntu erantzunetan eta kopletan nabarmendu da Oihana txapelketa honetan, baina beste ariketa mota batean ere bere abilezia erakutsi du. Usurbilen bertan esaterako, kartzelako lan txukunenetako bat egin zuen. Hau zioen gaiak: Auto istripu baten ondorioz oroimena galdu zenuen. Pixkanaka berreskuratzen ari zara.

Hasera baten ibilia naiz
ezer ezin gogoratu
ta pixkanaka irudi batzuk
buru barrun zaizkit nahastu
gogoan daukat karretera bat
nolatan zitzaidan laztu
odol beroa eta gorputza
pixkanaka zela hoztu
gogoan daukat alkoholarekin
nola gau hartan jolastu
irudi horiek gogoratzeko
nahiago dut dena ahaztu

Ziur txapelketa hau ez duela ahaztekoen artean jarriko Oihana Iguaranek. Aurrerantzean ere orain arteko tenplearekin abesten badu, entzule bat baino gehiagorengana iritsiko da.

Irailean  itzuliko da G-puntua
Irailean, final zortzirenekin berrekingo zaio Gipuzkoako bertsolari txapelketari. Eskualdeko partaideei dagokionez, Oihana eta Beñat Iguaranez gain, fase honetan sartuko da txapelketan Amaia Agirre ere.
Andoainen, lehena
Irailaren 17an Andoaingo Basteron egingo den saioak emango dio hasiera udazkeneko G-puntuari eta final zortzirenei.  Amaia Agirre izango da bertan kantuan. Billabonatarrak ondoan izango ditu bera bezala txapelketan lehen saioa izango duen Mantxi, eta lehen fasetik igarotako Iñigo Izagirre, Ander Lizarralde, Ane Labaka eta Manu Goiogana.
Handik zortzi egunera, irailaren 25an abestuko du Beñat Iguaranek Azkoitiko Baztartxo antzokian, Xabier Sukia, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Gorka Azkarate, Ibai Esoain, Asier Azpiroz eta Gorka Maizekin batera. Oihana Iguaran izango da azkena kantuan, Lasarten, Urriaren 8an egingo den saioan egokitu zaio amasarrari. Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi, Amaia Iturriotz, Iñaki Apalategi eta Andoni Otamendirekin ariko da Oihana. Behin fase hori gaindituta, final laurdenetan hasiko dira lanean orain lau urteko finalistak, tartean Jexux Mari Irazu larrauldarra.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!