bdb.bertsozale.com ataria bertsolaritzari buruz bildutako dokumentazio guztiaren gizarteratze-tresna dela jakinarazi dute Xenpelar Dokumentazio Zentruko kideek, "bertsolaritza jarraitzen dugun zaleok, bertso saioak antolatzen ditugunok, bertso-eskoletako ikasle zein irakasleek, ikerlariek... bertsolaritzari lotutako informazio osoa topatuko dugu bertan".
Atal ugari aurki daitezke gune berrian: "bertso saioen agenda, bertsolaritzan aritu edo ari direnen biografia-fitxak, gaurdaino izan diren txapelketa, lehiaketa eta sariketei buruzko informazioa, doinutegia, bertsoak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotako grabazioei buruzko informazioa eskuragarri dugu Interneten. Sekulako altxorra".