Gazte jaiak amaitu eta dagoeneko Poxta Zahar taldeko gazteak buru-belarri jarri dira Sanmieletako kantua eta bideoa prestatzen.
Egun hauetan kantuari azken ukituak eman dizkiote Sarobe arte eszenikoen gunean. Kantua Sanmieletako ereserki herrikoia izateko helburuarekin sortu dute herriko gazteek, ska musika estilo dantzagarria oinarritzat harturik. Gazteen artean, elkarlanean egin dituzte kantuaren hitza, musika eta grabaketa bera.
Iaz, jaiaren ikur berria aurkeztu zuten: Miela izenekoa. Aurten, berriz, Mielan oinarrituta kantua eta bideoa egingo dituzte. Urnietako gazteak, beraz, herriko jaiak sustatzeko bidean lan nekaezina eta eredugarria egiten ari dira.
Bideoaren grabaketa IGANDEAN
Urnieta herria bere osotasunean kantuaren irudi bilakatu nahian, bideoklipa grabatuko dute igande honetan. Herriguneko toki ezberdinetan egingo dituzte grabazioak, eta bertan hainbat herritarrek parte hartze berezia izango dute. Bideoa osatzeko, bestalde, urnietarren laguntza behar dute. Horregatik, Poxta Zahar taldekoek haur, gazte eta helduak deitu dituzte bideoaren grabaketan parte hartzera; igande honetan San Juan plazan arratsaldeko 15:00etan hasita ekingo diote bideokliparen grabaketari. Bideoan parte hartuko dutenei, bestalde, koloredun arropa janzteko eskatu diete.