BILDUk udalean ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin hitz egin du. Hauteskundeetara aurkeztu eta ordezkaritzarik lortu ez duten EB, Aralar eta H1ekin bildu da. Eta hauteskundeetara aurkezterik utzi ez dioten ezker abertzalearen ordezkaritzarekin ere batzartu da.
Balantzea ona da. PSE-EE eta PPko ordezkariekin egoeraren diagnosia egiteaz gain, ez da hurbilpenik izan. Gainerako ordezkariekin izandako bilerek balio izan dute herritarrek eskatu duten aldaketaren beharraz herri ordezkariek ere gogoeta egin dutela jabetzeko. Andoaingo alderdi abertzaleek eta subiranista guztiek aldaketaren erronkari eutsi nahi diote. Beraz, BILDUk herritarrei helerazi nahi die aldaketarako oinarriak finkatuta daudela Andoainen. Eta astelehenetik bertatik udaletxetik tinko eta sendo hasiko garela elkarlanean andoaindarrekin.
Beraz, bihartik aurrera BILDUk aldaketa horren lidergoa hartuko du, alkatetza hartuko du, kontrakoa andoaindarren gehiengoaren borondatearen kontra egitea bailitzateke. Horregatik, dei berezia egiten diegu herritarrei, larunbatean, goizeko 11:00etan udaletxera ager daitezen, egun handi hori denon artean goza dezagun.