12:00ak jotzerako, herriko dultzaineroek lagunduta gerturatu ziren Jabier Zabala eta haren emazte Maixabel Tolosa Adunako plazara, beste hainbat lagunekin batera. Plaza herritarrez lepo beteta zegoen ordurako. Aurreskuaren ondoren, Jabierrekin urtetan zinegotzi izan ziren adunarrek arkua egin zioten senar-emazteari. Behin taula gainean, Dani Arizalak aurkeztu zuen ekitaldia. Juan Kruz Igerabidek hartu zuen hitza lehenik, ohi duen moduan, dotore. Eskolako haurrak, musika eskolako gaztetxoak, herritarrak, garai bateko Udaleko kideak, egungo Udaleko ordezkariak, Tolomendi eta Tolosako Mankomunitateko ordezkariak, Lizaso eta Mendizabal bertsolariak, txistulariak..., Jabierrekin era batera edo bestera lotura izan duten herritar eta eskualdeko kide ugarik hartu zuen parte, denak ere esker-oneko hitzak eta oroigarriak eskainiz.
Jabierri bezala, Maixabel emazteari ere behin eta berriz erakutsi zioten esker-ona, emandako laguntza eta izandako pazientziagatik. Baita etxekoei ere. Ekitaldiaren amaieran Jabierrek berak hartu zuen hitza eta herritarrak eskertu zituen emanaldi hura antolatzeagatik.
Hunkituta agertu zen Jabier, "esker ekitaldi hau ez zait bizi naizen artean ahaztuko", adierazi zuen. Era berean, egungo Aduna herri duina izatea, herritar guztien lanagatik lortu dutela nabarmendu zuen. Ekitaldiaren ondoren Aburuza sagardotegian 145 pertsona inguruk bazkaldu zuten (130 bat helduk eta 15 bat umek).