Nolatan gertatu zen zure parte hartzea?
Ane Jalon: Aita eta bere lagunak urtero atera ohi dira eskopetari gisa. Bezperan, koadrilako lagunok hurrengo egunean eskopetariak ikusi nahi genituela-eta, aitari ea zein ordutan jaitsiko ziren galdetu asmoz elkartera sartu nintzen. Hizketan ari ginela, hara zer proposamen luzatu zidan: “hurrengo urtean zu aterako zara”. Nik, berriz, erantzun: “eta zergatik ez aurten?”.
Ezustean harrapatuko zenuen aita, ala?
A.J.: Etzazula pentsa! Berehala, ohartu zidan gau hartako parranda ahaztu eta etxera erretiratu beharko nuela, jantzia prestatu eta eskopeta txukun jartzera.
Amari galdetu nion ea aurretik emakumerik atera ote zen eskopetari bezala; ni lehenengoa izango nintzela erantzun zidan. Ondoren, aitari nire errezeloa azaldu nion, alegia, baten batek trabak jar zitzakeela ni eskopetari bezala ikusiz gero. Horrelaxe erantzun zidan: “ez dut uste inork ezer esango duenik, ez Zumeatarrakoek ezta Santa Krutzekoek ere, baina bihar goizean ikusiko dugu”.
Eta hurrengo goizean, maiatzaren 3an, zer gertatu zen, bada?
A.J.: Santa Krutz elkartean bildu ginen denok. Aitaren lagun bat Juan Mari Irusta kapitainarengana zuzendu, eta umore puntu batekin, zera galdetu zion: “–A usted que le parece que Ane, una mujer, salga de escopetera?”. “–A mí, muy bien” erantzun zion. Nik, orduan, kapintainari bi musu eman nizkion. Eta denok konforme!
Ze moduzko bizipena izan zen zuretzat?
A.J.: Oso-oso polita. Ohitura hori barru-barrutik bizitzea eta ez kanpotik, oso bizipen hunkigarria iruditu zitzaidan.
Badauka bere xarma; zubiko momentua zoragarria da: tiro egitea, tiro hotsak, tiroak denak denbora berean egiteak…
Aitak nola bizitu zuen guztia?
A.J.: Bezperan, poza adierazten zuen iribarrea egin zidan parte hartu nahi nuela esan nionean. Gero, egunean zehar, oso gertu sentitu nuen, eta uste dut harrotasun puntu batekin ibili zela alaba eskopetari bezala kaleratu zelako.
Jaira bertaratutakoak harritu egin al ziren zu ikustean? Ezer adierazi al zizuten?
A.J.: Ezagunek nahiz ezezagunek zoriondu ninduten. Baliteke baten batek pentsatzea tradizioa hautsi egin zela nirekin, baina horietako inor ez nuen sumatu.
Nondik datorkizu eskopetari izateko gogoa?
A.J.: Nik etxean beti bizi izan dut eskopetarien ohitura, aita horietakoa baita. Familia ahal izan dugun guztietan hurbildu izan gara Santa Krutzeko zubira, eskopetariak ikustera.
Ez da ohikoa emakumea eskopetarekin ikustea…
A.J.: Halaxe da, baina nik txiki-txikitatik bizi izan dut. Nire lagunek badakite tiro pitxon-ean zein punteria ona daukadan…
Gazte askorik ez da animatzen eskopetari izatera…
A.J.: Egia da. Kontu egin behar da eskopeta dagoela tartean; mutil askok -eta emakumeak zer esanik ez-, eskopeta bat inoiz ez dute eskuartean eduki. Horrek asko baldintza dezake. Ez dauka, esate baterako, danborrada batek eduki ditzakeen errastasunak parte hartzeko.
Gainera, gertatzen da eskopetarien tradizioa maiatzaren 3an eta eguardian izaten dela. Gazte askok bezperan parranda egin ohi dute, eta ez dut uste hurrengo goizean jaikitzeko prest daudenik. Gazteak izanagatik ezin gara denera iritsi!
Hala ere, nik gazteak animatu egingo nituzke proba dezaten zer den eskopetari izatea, merezi duen bizipena delako. Santa Krutz jaiak beste modu batera bizitzeko aukera ematen dizu; izan ere, holako edo halako ekitaldiarekin norberak senti ditzakeen sentipenak, oso pertsonalak dira. Ezin da esan hau hura baino hobea denik.
Nik argi daukadana da errepikatu egingo dudala hurrengo urtean.
Gainerakoan, nola bizi ohi dituzu Santa Krutz jaiak?
A.J.: Urte osoan, noiz iritsiko diren zain egoten naiz! Blusa bateko kide naiz, herri danborradan parte hartzen dut… Jaiak hastekoak ziren egunean, ostiralean, Madrilen nintzen baina bizkor-bizkor hurbildu nintzen Andoainera; inondik ere ez nuen galdu nahi koadrilen jeitsiera eta pregoia…