Andoni Baltasar, EAJko zerrenda-burua Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko eka. 3a, 10:50

Gehiengo osoa ziurtatzen duten botoak EAJ-PNVrenak dira.

ELKARRIZKETA. 2011.V.30.

Elkarrizketak abiatu dituzue alderdien artean. Zein egoeratan zaudete?
Andoni Baltasar.
Guri itxarotea dagokigu. Bildu eta PSE-EE guregana hurbildu dira. Lehen bilerak egin ditugu, eta bilera horietan bakoitzak bere ikuspegia adierazi du. Ez dizut esango aberasgarriak izan direnik, gehiegi ere ez dugulako hitz egin. Baina sentsazio onak jaso ditugu.
Bildurekin elkartu ginenean haien Udal programa zein den jakin nahi genuela adierazi genien. Bidali digute, eta egun hauetan hori aztertzen ari gara. Oso antzekoa da guk kanpainan adierazi genuena eta Bildukoek egun hauetan helarazi digutena.
Guk gogorarazi diegu, alderdi bezala, Andoainen behintzat zerrenda bozkatuena beti errespetatu izan dugula. Gure ustez, agintzeko zilegitasuna duen alderdi bat bada, hori Bildu da. Inork baino boto gehiago lortu zituelako.
PSE-EErekin elkartu ginenean, oso argi hitz egin genuen. Lehen hartu-emana izan zen. Haien programa ezagutzen dugu eta, egia esan, gauza gehiegi egin nahi dutela iruditzen zaigu. Azken zortzi urteetan zein gutxi egin den kontuan hartuta, gehienbat. Kanpainan aurkeztu zuten programa oso polita da, baina ikusi beharko da zenbateraino gara daitekeen.

Zure erantzunaren arabera, Bilduk aukera gehiago ditu alkatetza eskuratzeko...
A.B.
Ez dakit zein irakurketa egin daitekeen. Zerrenda bozkatuena errespetatzen dugula esan dut, baina horrek esan nahi al du hori horrela izango dela? Gauza asko dago ikusteko.  

Joko politikoan denetik izan da EAEn Aldundia edota Udalak osatzeko garaian. Gipuzkoa mailako erabakiek zenbaterainoko eragina izan dezakete Andoainen?
A.B.
Gipuzkoa mailako agintariek askatasun osoa eman digute lehen bilera hauek bideratzeko garaian. Beste akordio batzuren menpe egon gaitezkeela? Bada, ez dakit. Zuk diozun bezala, joko politikoan denetik gerta daiteke.

Andoaingo EAJren joera abertzaleen indar metaketaren aldekoa dela dirudi...
A.B.
Gaur egun inork ezin du gure abertzaletasuna zalantzan jarri. Herria abertzalea da, hauteskundeek hori adierazi dute. Botuen %65a abertzalea izan da.
Bildurekin joango garela esan nahi al du horrek? Ez. Gauza asko ikusteko dago oraindik. Posible bada, guk herri abertzalea nahi dugu. Udal programan nabarmen adierazi dugu hori.

Beraz, ezin duzu erantzun argi bat eman.
A.B.
Guk ere ez dugu argi. Oso zaila da erantzun argi bat ematea, guk erabaki argi bat ez badaukagu. Bilera bana egin dugu talde politiko bakoitzarekin. Lehen kontaktu gisa har dezakegu, oraindik ez gara sakon aritu.

Alkatetzarako bi aukera daude: Bildu edo PSE-EE. Baina gehiengo osorik ez. Karguak hartzean baten edo bestearen alde egin dezakezue. Gobernagarritasuna bermatzeko lau urteko gobernu hitzarmen egonkor bat nahiago al duzue?  
A.B.
Zuk diozun bezala, bi aukera horiek hor daude. Bilduk alkatetza eskuratu dezake gehiengo osoa lortu gabe. Eta guk tokian tokiko erabakiak hartzeko baten edo bestearen alde egin genezake. Baina horrek zer dakar? Oso urte gogorrak Udalarentzat.
Gaurko egunean, lau urterako gobernagarritasuna bermatzeko akordio bat sinatuko ote dugun ezin dizut erantzun. Goizegi da, ez ditugu oraindik Udal programa guztiak mahai gainean jarri.
Desadostasunak ditugun puntuetan adostasunik ez badugu lortzen, zer egingo dugu? Negoziazio bat da. Gobernagarritasuna bermatzeko hitzarmena egokiena litzateke. Lau urteak lasai igarotzeko. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!